Frontetik kanpo erasoan gogor jarraitzen dute Ukrainak eta Errusiak

Gutxienez hamar lagun hil ditu Errusiak, Kievetik gertuko base militar batean. Bestalde, Ukrainak eraso egin dio Avitek enpresa militarrari, misil bidez, eta gutxienez sei lagun hil. Errusiako logistika azpiegituren aurka ere jo du Kievek.

Wildberriesen bi lantoki sutan, gaur goizean, Errusian. EFE
Wildberriesen bi lantoki sutan, gaur goizean. EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko uztailaren 24a
16:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errusiak eta Ukrainak frontetik kanpo erasoan segitzen dute, eta egun odoltsua izan da gaurkoa. Gutxienez hamar lagun hil dira Ukrainan, eta ehunka zauritu, Errusiak egin duen eraso batean. Kievetik gertuko base militar baten aurkakoa izan da erasoa, non Ukrainako hainbat arma ekoizle bilduta baitzeuden, armak elkarri erakusteko. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak erasoa gaitzetsi du sare sozialetan.

Eraso hori baino lehen, Ukrainak Errusiako zenbait lantoki izan ditu jopuntuan. Esaterako, Flamingo gurutzaldi misil bat erabili du Errusiako enpresa militar baten aurka egiteko. Kirov eskualdean izan da eraso hori, Moskutik ipar-ekialdera, hiriburutik 800 kilometrora. Aleksandr Sokolov eskualdeko gobernadoreak zera idatzi du sare sozialetan: «Gaur goizean, misil batek enpresa bati eraso dio Kiroven. Zoritxarrez, biktimak izan dira. Denak ari dira osasun arreta jasotzen. Larrialdi zerbitzuak lanean ari dira, eta egoera kontrolpean dute». Ordu batzuk geroago ziurtatu dute gutxienez sei lagun hil direla, eta 26 zauritu.

Avitek du izena enpresa horrek, eta bi erabileratarako produktuak ekoizten dira han: aire defentsarako eta aeronautikarako. Ukrainako zenbait iturrik baieztatu dute aireko defentsa sistemak ekoizten dituztela, baita misilentzako eta ehiza hegazkinentzako osagaiak ere. AEBek, Ukrainak eta beste herrialde batzuek zigortu egin zuten konpainia hori 2022an, Ukrainako gerra hasi zenean.

Logistika ere jopuntuan

Lantegi horretaz gain, beste hainbat ere jo ditu Kievek goizaldean, drone bidez. Zehazki, Wildberries banaketa enpresaren zenbait lantoki jo dituzte —Amazonen parekidea da Wildberries Errusian—, Leningrad eta Tver eskualdeetan, eta San Petersburgo eta Simferopol hirietan. Gainera, Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du Ukrainatik zetozen 571 drone atzeman dituztela.

«Gaur goizean drone bidezko erasoak gertatu dira San Petersburgon. Aireko defentsa sistemak aktibo daude. Erasoaren jomuga Moskovskoie autobideko azpiegitura zibila izan da», esan du Aleksandr Belov San Petersburgoko gobernadoreak. Hain justu, autobide horretan dago Wildberries enpresaren biltegietako bat. Konpainiak berak jakinarazi du hiriko zentro logistikoak itxi egin dituela, baita Novosaratovka herrikoak ere, Leningraden —hiru lagun zauritu dituzte han—.

Horietaz gain, Errusiako banaketa enpresarik handienaren beste bi biltegi ere jo ditu Ukrainak. Simferopolgo planta da bat, Krimeako penintsulan, eta instalazioak hustu egin behar izan dituzte. Bestea Tverrekoa izan da; Moskutik 150 kilometrora dago. Eskualdeko autoritateen arabera, sutea piztu da han, baina ez da biktimarik izan.

Errusiako Kommersant egunkariak atzo argitaratu zuen Ukrainak Wildberries enpresaren biltegien aurka egindako erasoen ondorioz %8 txikitu zela konpainiaren biltegiratze ahalmena. Gaur gaueko erasoek are gehiago txikiaraziko zuten. Zenbait aditu independentek egin duten lehen kalkuluaren arabera, Wildberriesek 1.700 milioi euro inguru beharko ditu kaltetu diren azpiegiturak konpontzeko.

Larunbatean hasi zen Kiev Errusiako banaketa enpresarik handienaren aurka egiten, argudiatuta Moskuk helburu militarrarekin erabiltzen dituela azpiegitura horiek. Errusiak ere hilabeteak daramatza antzeko azpiegituren aurka egiten Ukrainan, argudio bera erabilita.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA