Washingtongo (AEB) topaketaren ondoren, mahai gainean dago Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa aurrez aurre biltzeko aukera. Edonola ere, irudi du pixka bat itxaron beharko dela bi agintariak batzartuta ikusteko; izan ere, Moskuk esana du halako bilkura bat «kontu handiz» prestatu beharko litzatekeela, eta gaur Zelenskik baldintza bat aipatu du Putinekin elkartu aurretik bete beharrekoa: ordurako Ukrainarentzako segurtasun bermeak adostuta egotea. Hala adierazi du Ukrainako presidenteak, prentsaurreko batean. Aurreratu duenez, asmoa da zazpi edo hamar egun barru zalantza horiek guztiak argituta edukitzea, nahiz eta oraindik berme horien xehetasun guztiak zehazteko dauden.
Ikusteko dago zer tankera hartzen duten segurtasun bermeak zehazteko negoziazioek; izan ere, Moskuk eztabaida horien parte izan nahi du. Hala adierazi zuen atzo hango Atzerri ministro Sergei Lavrovek, prentsaurreko batean: «Ezin dugu onartu guztion segurtasunarekin zerikusia duten aferak Errusiaren iritzia entzun gabe adostea»; haren arabera, horrela eginez gero, adostutakoak ez luke luzaro iraungo. Are, gaur egindako adierazpenetan, salatu du Europak bere tropak Ukrainan zabalduko balitu, «nazioartearen esku hartze bat» izango litzatekeela, eta ohartarazi du Moskuk ez duela horrelakorik onartuko. Errusiak esana du, 2022ko otsaileko inbasioa hasi aurretik, bere marra gorrietako bat dela NATO Ipar Atlantikorako Itunaren Erakundeak atzerriko tropak, armak eta ekipamendua erretiratzea 1997an kide ez ziren herrialdeetatik, besteak beste Errumania eta Bulgariatik.
AEBetako presidenteorde J.D. Vancek uste du, berriz, Europak hartu beharko lukeela segurtasun bermeen ardura: «AEBek ez lukete pisu guztia hartu behar; gerra amaitzeko gure laguntza behar bada, lagunduko dugu, baina Europak izan behar du rol nagusia». AEBetako Fox hedabidean egindako elkarrizketa batean egin zituen adierazpen horiek, bart.
Segurtasun bermeak bazter utzita, lurraldeen auzia da Ukrainako gerra amaitu ahal izateko adostu behar duten bigarren afera. Errusiak duela 11 urte anexionatu zuen Krimea, aldebakarrez, eta gauza bera egin zuen 2022an Luhansk, Donetsk, Kherson eta Zaporizhia lurraldeekin; eremu horiek, baina, ez ditu erabat kontrolatzen. Ofentsiba etetearen truke, Kievek hainbat kontzesio egitea nahi du Moskuk, hala nola Donetsk eta Luhansk lurraldeen jabetza osorik ematea. Zelenski, baina, ez dago prest kontzesio hori egiteko.
Errusia prest dago Ukrainako gerrarako «bake akordio bat» negoziatzeko, baina ez du tregoarik nahi. Behin baino gehiagotan errepikatu du hori Moskuk, eta gauza bera nabarmendu zuen Putinek joan den astean, AEBetako presidente Donald Trumpekin Anchoragen (Alaska) bildu ondoren. Esan eta egin. Agerikoa da Errusiak ez duela Ukrainari eraso egiteari uzteko asmorik: bart 574 drone eta 40 misil jaurti zituen hara, Ukrainako armadak jakinarazi duenez. Andrii Sibiga Ukrainako Atzerri ministroaren arabera, eraso «masibo» horrek argi erakusten du Mosku ez dela ahaleginik egiten ari gerra amaitzeko.
Herrialde osora iritsi da Errusiaren erasoa, baita mendebaldeko eskualdeetara ere. Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, eremu horretako Lviv hirian pertsona bat hil da eraso horien ondorioz, eta beste bi larri zaurituta daude; guztira, hemezortzi lagun zauritu dituzte. Horrez gain, misil batek Ukraina mendebaldeko argindar azpiegitura bat jo du, eta kalteak eragin ditu hor lan egiten duen fabrika estatubatuar batean. Edonola ere, Ukrainak ere egin dio eraso Errusiari. Hango iturri ofizialen arabera, Mosku hegoaldeko Voronezh hirian hainbat etxebizitza jo dituzte Kievek jaurtitako misilek, baita hego-mendebaldeko Rostov hirian dagoen enpresa bat ere. Enpresa horrek su hartu du.
Bilera non egin
Washingtonen Zelenskirekin elkartu ondoren, Trumpek mahai gainean jarri zuen Ukrainaren eta Errusiaren artean bilera bat egiteko aukera. Hori egiaz luze gabe gertatuko ote den jakiterik ez dagoen arren, hainbat herrialdek beren burua eskaini dute elkarrizketa hori beren lurretan egiteko, hala nola Suitzak, Turkiak eta Hungariak. Prentsaurreko batean, aukera horiek aztertu ditu Zelenskik: «Uste dugu bilera Europako herrialde neutro batean egin beharko litzatekeela, Ukrainan ez ezik gerrak eragina baitu Europan ere. Ondo deritzogu bilera Suitzan edo Austrian egiteari, baita Turkian egiteari ere». Kontrara, iritzi dio «zaila» izango litzatekeela elkarrizketa Hungarian egitea, argudiatuta Budapestek ez duela «nahikoa» babestu Kiev.
Hain zuzen, Zelenskik aitortu du Hungariari buruzko eskaera bat egin ziola Trumpi asteleheneko bileran; hots, presio egin ziezaiola Budapesti bertan behera utz zezan Ukraina EB Europako Batasuneko estatu kide bihurtzearen aurkako betoa. «Erabat bidezkoa da Ukraina EBren parte izan nahi izatea... gure eskubidea da», gaineratu du Ukrainako presidenteak.
Ukrainar bat atxilotu dute, nord stream gasbidea sabotatzea egotzita
Alemaniako Fiskaltzak hala aginduta, Ukrainako herritar bat atxilotu dute gaur goizean Italian, 2022ko irailean Nord Stream gasbidea sabotatzea egotzita. Fiskaltzak berak jakinarazi duenez, susmoa dute ustezko erasotzaileak leherketa eragin zuela, eta leporatzen diote horren bidez gasbidearen azpiegitura suntsitzea. Auzi horren inguruan egiten den aurreneko atxiloketa da.