Ukrainak ukatu egin du hauteskundeetara deituko duela

Gezurtatu egin du 'Financial Times' hedabideak kaleratutako informazioa: Zelenskik bozetara deituko duela otsailaren 24an. Ez du halakorik egingo, «segurtasuna» bermatu ezean. Errusiak egindako eraso batean lau lagun hil dira Kharkiven.

Ukrainako bi suhiltzaile gaur, Kharkiveko etxe baten kanpoaldean. Errusiak eraso egin dio. EFE
Ukrainako bi suhiltzaile gaur, Kharkiveko etxe batean kanpoaldean. Errusiak eraso egin dio. EFE
Igor Susaeta.
2026ko otsailaren 11
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezetz dio Ukrainak, Volodimir Zelenski presidenteak otsailaren 24an ez duela iragarpenik egingo, ez duela esango bozetara deituko duela eta maiatzaren 15ean izango direla. Horrenbestez, Kievek gezurtatu egin du Financial Times Erresuma Batuko egunkariak gaur kaleratutako informazioa. Zelenskiren bulegoko kide baten adierazpenak jaso ditu RBC-Ukraine hedabideak, eta esan du segurtasunik ez dagoen bitartean ez dutela gisa horretako iragarpenik egingo. Izan ere, gerra ez da eten: Errusiak drone batekin egindako eraso batean lau lagun hil dira gaur Kharkiv eskualdean.

Ukrainako iturri ofizialen eta Kieven, Moskuren eta Washingtonen arteko negoziazioen berri dutenen ahotsak aipatuta argitaratu du informazio hori Financial Times-ek. Otsailaren 24an beteko dira lau urte Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, eta, esan dutenez, efemeride hori baliatuko du Zelenskik bozak iragartzeko. Gainera, haien hitzetan, hauteskundeen egun berean, Errusiarekin eta AEBekin negoziatutako ituna berresteko erreferendum bat egingo dute.

Informazio horrek dioenez, AEBak bi aldeak presionatzen ari dira itun bat sinatu dezaten ahalik eta azkarrena. Eta Zelenskik berak zera esan zuen lehengo astean, hiru aldeek negoziazio sailaren bigarren bilera bukatu ondoren, Arabiar Emirerri Batuetan: «Estatubatuarrek proposatzen dute aldeek gerra bukatzea uda aurretik; orduan, baliteke aldeak presionatzea, egutegi hori bete nahi dutelako» —kontuan hartu behar da legegintzaldi erdiko hauteskundeak dituztela AEBetan azaroaren 3an—. Bien bitartean, Kievek, Moskuk eta Washingtonek ez dute jakinarazi berriro noiz elkartuko diren —Zelenskiren hitzetan, datorren asteartean edo asteazkenean—; dena den, orain arte ez dute aurrerapauso esanguratsurik eman.

Ez da, ordea, Zelenskik bozetara deitzeko asmoa duela adierazi duen lehen aldia. Abenduan, Donald Trump AEBetako presidenteak Ukrainarako plana aurkeztu eta aste gutxira, Ukrainako estatuburuak esan zuen hauteskundeetara deitzeko prest legokeela, AEBek segurtasun bermeak emanez gero. Horrekin lotuta, duela bi aste azpimarratu zuen berme horiek ziurtatzeko dokumentua sinatzeko prest zegoela jada. Hori bai, bozetara deitzeko, Ukrainako Parlamentuak erreforma batzuk egin beharko lituzke aurrena. Izan ere, gerra legea ezarrita dago han 2022ko otsailetik, eta indarrean dagoen bitartean ezin da hauteskunderik egin. Financial Times-ek dio negoziatzaileen kronograman jasota dagoela martxoa eta apirila baliatzea hauteskundeak egiteko modua emango luketen erreformak egiteko.

Errusia, Groenlandian neurriak hartzeko prest

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ohartarazpen bat egin du gaur: Mendebaldeko herrialdeek erabakitzen badute Groenlandia militarizatzea, eta «gaitasun» horiek Errusia badute helburu, Moskuk neurriak hartuko ditu. Hori jakinarazi du Errusiako Parlamentuan. Berriro esan du, gainera, Groenlandiako auziak ez diela zuzenean eragiten. 

Gaur-gaurkoz, boz batzuk eginez gero, Zelenski litzateke berriro irabazteko faboritoa, nahiz eta 2019koetan baino askoz ere babes txikiagoa bilduko lukeen. Orduan, bigarren itzulian, botoen %73 lortu zituen, eta Petro Poroxenkori nagusitu zitzaion. Kaleratutako inkesten batezbestekoaren arabera  —azken inkestak abendu bukaerakoak dira—, presidenteak botoen %23 bereganatuko ditu, eta gainontzekoek %5etik beherako babesa izango dute; izan Poroxenko bera, Dmitro Razumkov edo Julia Timoxenko. 

Vladimir Putin Errusiako presidenteak maiz esan izan du Zelenskik ez duela zilegitasunik mintzakide gisa, iruditzen baitzaio haren agintaldia 2024an iraungi zela —Ukrainan bost urtekoak dira agintaldiak—. 

Konfiantzarik gabe

Zelenskiren iritziz, ezin da diplomazian konfiantzarik eduki Errusiak erasotzen jarraitzen duen bitartean. Hori adierazi dio Bloomberg AEBetako hedabideari. Mosku Ukrainako energia azpiegituren aurka negu gorrian egiten ari den erasoak izan ditu hizpide, baita goizaldean Kharkiven egindakoa ere: horretan, lau hildakoen artean, adingabeak dira hiru.

Eta lurraldetasun auziaz ere aritu da. Negoziazioak, neurri handi batean, auzi horrek kateatzen ditu. Errusiak Donetsk eskualdea ere osorik nahi du; gaur-gaurkoz, Ukraina ekialdeko lurralde horren %80 inguru du kontrolpean. AEBek planteatzen dute egun Ukrainaren esku dagoen %20 horretan eremu desmilitarizatu bat sortzea. KIevek ez du argi ikusten. «Gure lurraldea bada —eta hala da—, orduan han dagoenak agindu beharko luke», azpimarratu du Zelenskik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.