Errusiak bonbardaketak egin izan ditu Ukrainaren aurka egiteko, eta mehatxuka ibiltzea ere bada haren estrategiaren parte. Kievek salatu du Moskuk «xantaia lotsagabea» egin diola, eta atzo jasotako ohartarazpena ahoberokeria baino ez dela: «Errusiak Kieven eta Ukrainako beste hiri batzuen segurtasunaren kontra dakarren mehatxua joan den urteetako eta hilabeteetako bera da», adierazi du gaur Ukrainako Atzerri Ministerioak, ohar bidez, argudiatuta Moskuk «misil eta drone hilgarrien sorta osoa» erabili duela 2022ko otsailean inbasioa hasi zuenetik.
Errusiako Atzerri Ministerioak atzo iragarri zuen «bonbardaketa sistematikoak» egingo dituela Kieven, eta helburu izango dituela kontrol zentroak eta droneak produzitzen dituzten azpiegiturak. Halaber, hiriburuan jarduten duten atzerriko diplomazialariei Kievetik «ahalik eta azkarren» alde egiteko eskatu zien, eta, herritarrei, ez daitezela gerturatu administrazioaren egoitzetara edo industria militarreko eraikinetara.
Ukrainako Atzerri Ministerioak eskerrak eman dizkie, Errusiaren ohartarazpenak gorabehera, hiriburuan geratu diren diplomazialariei, eta prest agertu da atzerriko misioek hala eskatuz gero «segurtasuna» are gehiago indartzeko. Katarina Mathernovak, Europako Batasunak Ukrainan duen enbaxadoreak, atzo esan zuen bertan geratuko direla: «Errusiak diplomazialariak eta atzerritarrak mehatxatu ditu, eta Kievetik alde egitea galdegin die. Ez goaz inora! Beldurra nahi du Errusiak. Izua. Ukraina bakartzea. Ez du lortuko. Europako Batasuna ez doa inora. Kieven geratuko gara. Ukrainan geratuko gara», idatzi zuen sare sozialetan.
Are, eraso oldea zergatik egingo duen argudiatu zuen atzo Errusiak: hark Ukrainan okupatutako Luhansk eskualdeko Starobilsk hirian Ukrainak joan den astean drone bidez egindako eraso bat. Ikasle egoitza bat jo, eta hogei bat lagun hil zituzten. Bonbardaketa hori «terroristatzat» jo zuen Moskuk, eta ondoren heldu da Kievi eraso egiteko mehatxua.
Atzo, Georgi Tikhi Ukrainako Atzerri Ministerioko bozeramaileak ironiaz erantzun zion Errusiaren abisuari, sare sozialetan idatzitako mezu batean: «Errusiak karta erabat berria atera du, eta mehatxua bota... Kievi eraso egingo omen dio. Zer esan nahi du horrek?», galdetu zuen, eta, besteak beste, «sormen falta» eta «desesperazioa» egotzi zizkion. Joan den asteburuan egindako erasoetan, Errusiako armadak lau lagun hil zituen Kieven eta haren inguruan.
Bestalde, Marco Rubio Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak gogorarazi du Kiev eta Mosku ez direla negoziatzen ari oraintxe, baina Washington prest dagoela «rol eraikitzailea eta baliagarria» edukitzeko, baldin eta «aukera bat» sortzen bada. Bidaia ofizial batean dago Indian, eta gaur, kazetarien aurrean hizketan, erantsi du badirela hainbat aste Ukrainako hiriburua «leku oso arriskutsua» bihurtu dela, eta, erasoen eta erantzunen artean, gatazka areagotu baino ez dela egin: «Eraso bat dator alde batetik, eta are handiagoa beste aldetik bueltan. Horrela ailegatzen da gainbehera».
500
Errusiak zenbat zamaontzi eta petroliontzi egin nahi dituen. Hamar urtean bostehun zamaontzi eta petroliontzi egitea aztertzen ari da Errusia, Kommersant egunkariak gaur kaleratu duenez. Asmoa gaur egungo ontzidikoak ordezkatzea da, 40 bat urte dituzte-eta horiek. 50 urtez erabili ahalko dituzte zamaontzi eta petroliontzi berriak, egunkari haren arabera.