UKRAINAKO HAUTESKUNDEAK. Errusiaren edo Mendebaldearen aldeko hautagaien arteko hautua egingo dute gaur herritarrek

Presidentetzarako bozen bigarren txandan oso parekatuta lehiatuko dira Viktor Janukovitx lehen ministroa eta Viktor Jushenko oposizioko burua

ERREDAKZIOA
2004ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
37 milioi inguru ukrainarrek presidente berria hautatuko dute gaur, hauteskundeen bigarren txandan. Arrunt parekatuta iritsi dira bi hautagaiak gaurko lehiara; izan ere, biek ala biek botoen %39 inguru eskuratu zituten duela hiru aste, urriaren 31n, egindako lehenbiziko bozketan. Leonid Kutxma egungo presidentea nork ordezkatuko duen erabakiko dute, beraz, herritarrek. Herrialdea Errusiara begira edo, bestela, Mendebaldera, jartzea izango da bozketaren ondorioetako bat.

Kutxmaren aliatu eta egungo lehen ministro Viktor Janukovitxek boto gutxiko aldea atera zion aurrekoan Viktor Jushenko oposizio buruari. Janukovitx Ukraina Moskura hurbiltzearen aldekoa da, eta Jushenkok, berriz, begiak Mendebaldean jarrita ditu, hain zuzen ere, Europako Batasuneko egituretan. Ameriketako Estatu Batuei ere ez die muzin egiten. Bi norabide kontrajarri, beraz.Hauteskundeen garrantziaren adierazgarri, atzo AEBetako eta Errusiako ordezkari bereziak iritsi ziren Kievera. AEBetako senatari Richard Lugarrek Kutxma presidenteari George Bushen gutun bat eman zion, non hark «Ukrainaren subiranotasuna eta independentzia sendotzeko eginiko ekarpen izugarria» eskertzen dion. Errusiak, bestalde, hauteskunde kanpainan bitan bidali du Vladimir Putin presidentea Ukrainara. Atzo, berriz, Dumako (Legebiltzarra) presidente Boris Grizlov igorri zuen Jushenko liberalari babesa erakusteko.Bozen lehen txandan bi hautagaiek iruzurra leporatu zioten elkarri. Kanpainan ere polemika ez da falta izan, eta asko polarizatu da. Oposizioko buruak herritarrei, eta batez ere bere jarraitzaileei, bozketa egunean erne egoteko dei egin zien, batik bat botoak zenbatzeko tenorean. Iruzurraz kezkatuta, zenbaketa publiko paralelo bat antolatu du, horretarako hainbat herritan mahaiak jarrita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.