Ukrainako lehen ministroa eta gobernuburu ohia dira bozak irabazteko faboritoak

Inkesten arabera, hautagaietako batek ere ez du lortuko gehiengo osoa presidentetzako bozen lehen itzulian

2010eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
2004ko Iraultza Laranjak sortutako esperantzak antzu geratu direlarik, Errepublikako presidentearen hautatzerat deituak dira gaur Ukrainako herritarrak. Errebolta haren ostean lehen ministro kargutik kendutako Viktor Janukovitx, eta egun jardun horretan den Julia Timoxenko Iraultza Laranjako aitzindariaren artean trenkatuko da, ustez, lehia. Jarduneko presidente Viktor Justxenkok, aldiz, aukera txikia izango du, Iraultza Laranjaren porrotaren erantzule nagusitzat jotzen baitute herritarrek.

Kieveko Nazioarteko Soziologia Institutuak eginiko inkestaren arabera, Janukovitxek botoen %39 bereganatuko lituzke gaur, eta Julia Timoxenko bigarren irtengo litzateke, bozen %23 lortuta. Errusiako inkesta etxe baten emaitzen arabera, aldiz, Janukovitxek gailenduko luke lehen itzulian, baina Timoxenko hirugarren soilik sailkatuko litzateke, eta Ukrainako banku zentraleko zuzendari ohi Sergi Tigipko irtengo litzatekee bigarren.

Adituek uste dute Timoxenko egongo dela otsailaren 7an egingo diren bozen bigarren txandan eta, kasu horretan, Janukovitxi gailentzeko aukerak dauzkala. Janukovitxen alde botoa emango dute gehienik Ukraina ekialdeko errusiar hiztunek eta Timoxenkok bereganatuko ditu, berriz, mendebaldean bizi diren ukrainar gehienen bozak. Jarduneko lehen ministroak agindu du Ukraina Europako Batasunean sartzea izango duela lehentasun. Janukovitxek eta haren jarraitzaileek, ordea, Errusiarekiko harremanak sendotzea hobesten dute.

Ekonomiaren egoera larria

Garaile irteten denak erronka handi eta gogorrei aurre egin beharko die. Izan ere, Ukrainak, egoera ekonomiko oso larria pairatzen du azken urteotan. Nazioarteko Diru Funtsak orain dela urte bat baino gehiago luzatutako 16.400 milioi dolarreko (11.410 milioi euroko)maileguari esker errekaratzea saihestu ahal izan du Ukrainak. Diru hau bueltatu beharko du Kievek, baina hori egin baino lehen finantza publikoen defizit handia tapatzea izango du premiazko lehentasun.

Nazioarteko agintariek, arreta berezia jarriko dute Ukrainako presidentetzarako boz hauetan. Europako Batasunak, esaterako, espero du herrialdearen egonkortasun politikoa sendotzeko balio izango dutela. Izan ere, Bruselaren irudiko, Justxenkoren agintaldia aski zalapartatsua eta nahasia izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.