Ezkorra zen Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea aurreko ostiralean, AEBek eta Errusiak Ukrainarako ondutako plana jaso ondoren. Baina igandeaz geroztik planteamendu horren gainean negoziatzen ari dira Washington eta Kiev —Europako potentziak tartean direla— Genevan (Suitza), eta bai Ukraina eta bai Europako agintariak itxaropentsu daude. «Zerbait ona gerta liteke», idatzi du, gainera, Donald Trump AEBetako presidenteak gaur Truth Social bere sare sozialean, negoziazioak hizpide. Vladimir Putin Errusiako presidenteak gaur berretsi du ostiralean esandakoa: gatazkaren irtenbiderako oinarri bat dela Errusiak eta AEBek ondutako plana.
Lehen bileraren ondoren, atzo gauean, ohar bateratua kaleratu zuten AEBetako eta Ukrainako ordezkaritzek, eta testu horretan nabarmendu zuten «bakerako marko eguneratu eta perfekzionatu bat» landu zutela; hau da, iradoki zuten aldaketak egin dituztela AEBek eta Errusiak aurreko astearen amaieran aurkeztutako 28 puntuko proposamenaren gainean. Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria Genevan izan zen igandean, eta adierazi zuen ez dagoela «oztopo gaindiezinik». Trump haien eskaerak «entzuten» ari den «seinaleak» daude, Zelenskik gauero eman ohi duen hitzaldian atzo azpimarratu zuenez. Kremlinen bozeramaile Dmitri Peskovek esan du gaur, eguneroko prentsaurrekoan, Errusiari ez diotela eguneraketen berri eman.
Planean aurreikusten dute, besteak beste, Ukrainak kontzesio batzuk egin behar izatea lurralde batasunari dagokionez. Hori, hain zuzen, marra gorri bat da Kieventzat, eta, zenbait hedabidek iturri ofizialak aipatuz gaur kaleratu dutenez, Europako potentziek —Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak— kontraproposamen bat jarri dute mahai gainean, eta horretan adierazi dute, esaterako, Ukrainaren subiranotasuna ez dela negoziagarria; eskatu dute, gainera, armadako kide kopurua ez murriztea 900.000tik 600.000ra, baizik eta 800.000ra; eta, era berean, planteatzen dute proposamenetik kentzea NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea areago hedatzeko debekua, eta atea irekita uztea Ukraina Mendebaldeko aliantza militarreko kide bihurtzeari.
Negoziatzen ari diren arren, gerrak ez du etenik
Irtenbide baterako proposamen bat ari dira negoziatzen, baina, bien bitartean, Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerrak ez du etenik. Atzo gauean, esaterako, Errusiak droneekin eraso egin zion Ukrainako Kharkiv hiriari, eta eraso horretan lau pertsona hil zituen, Ukrainako iturri ofizialen arabera. «Egoera izugarria da. Izan ere, negoziazioak gorabehera, Errusiako tropak ari dira zibilei eraso egiten, azpiegitura zibila jomugan jartzen», azpimarratu zuen Igor Terekhov Kharkiveko alkateak, sare sozialetan.
Eta, hain zuzen, Errusiak azpiegitura zibilak izan ditu gaur helburu. Kieven esanetan, 162 drone jaurti ditu Txernigiv (iparraldea), Kharkiv (ipar-ekialdea), eta Dnipropetrovsk (erdialdea) eskualdeetan. Fronteko jarduerari dagokionez, Moskuk jakinarazi du beste bi auzo hartu dituela Donetsk eskualdeko Pokrovsk hirian (Donetsk) —estrategikotzat dauka—, eta aurrerapausoak eman dituela Zaporizhian.
Ukrainak ere Errusiako lurren kontrako erasoak egin ditu gaur, Moskuren hitzetan. Drone batek herrialdeko hiriburua jo behar zuen, baina Sergei Sobianin hango alkatearen arabera, aireko defentsa sistemek erorarazi dute. Errusiak, gainera, beste 93 drone erorarazi ditu bere lurretan.
Zelenskik, berriz, Putinen aurka egin du gaur, eta «hasitako gerrarengatik» ordaindu beharko lukeela nabarmendu du. Ukrainako presidenteak bideokonferentziaz egin ditu adierazpen horiek Suediako Parlamentuan, Krimea Plataforma foroan; bide batez, «lapurtutakoagatik nazioarteko aitortza» nahi izatea egotzi dio Putini.
Turkia, prest
Andri Sibiga Ukrainako Atzerri ministroak gaur jakinarazi duenez, Alemaniako, Erresuma Batuko, Frantziako, Finlandiako, Italiako eta Poloniako bere homologoekin hitz egin du gaur telefonoz, eta horiek zera adierazi diote Errusiari: batetik, zigor ekonomiko gehiago jarri behar zaizkiola; eta, bestetik, Errusiari blokeatutako aktiboak Ukrainari laguntzeko erabili ahal izatea onartu behar dela urtea bukatu aurretik. Hori esan die kazetariei. Horiek horrela, Finlandiako presidente Alexander Stubbek esan du sare sozialetan Zelenskirekin hitz egin duela gaur, eta, kontatu diona aintzat hartuta, iruditzen zaiola «aurrerapausoak» egon direla.
Turkia bitartekari aritu izan da Ukrainaren eta Errusiaren artean, eta azken hilabeteetan bi ordezkaritzen arteko bilera batzuk egin dituzte Istanbulen. Eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea Putinekin mintzatu da gaur telefonoz, eta, ondoren Turkiako presidentetzak ohar batean esan duenez, adierazi dio Ankara prest dagoela negoziazioei bide emateko.