Ukrainan bakea eraikitzeko oinarriak eztabaidatzen ari dira 40 estatu Saudi Arabian

Errusia ez da parte hartzen ari, baina bilkura horretan daude Txina, India eta Brasil. Zelenskik babesa bilatuko du Mendebaldearekin lerratu ez direnen artean

Saudi Arabiako printze oinorde Mohamed bin Salman eta Ukrainako presidente Volodimir Zelenski, maiatzean. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Ukrainari begirako bake proposamen batek bildu beharreko oinarriei buruz eztabaidatzen ari dira atzotik 40 estatu inguru, Saudi Arabian. Errusia ez da parte hartzen ari. Aldiz, bertan dira Txina eta hegoalde globaleko zenbait estatu; horietako askotan, elikagaien garestitze nabarmena jasaten ari dira gerraren ondorioz.

Jidda hirian egiten ari diren goi bilerak badu aurreko bat. Nazioarteko antzeko saio bat egin zuten ekainean, Danimarkan. Baina izaera informala eman zioten hari, eta ez zen bilkuraren osteko adierazpen formalik egon. Ikusteko dago gaur, Saudi Arabiako elkarrizketak amaitu ostean, estatuek adierazpen publikorik egingo duten ala ez.

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik garabidean diren herrialde batzuen parte hartzea nabarmendu zuen, herenegun. Haren ustez, «milioika pertsonaren etorkizuna» dago jokoan «elikadura segurtasunari eta antzeko auziei dagokienez», eta herritar horien patua zuzenean lotu zuen, Ukrainan «bake formula bat» ezartzeari begira, «munduak azkar mugitzeko duen gaitasunarekin».

Errusiak eta Ukrainak Nazio Batuen Erakundearen eta Turkiaren bitartekaritzarekin hitzarmen bat adostu zuten iazko uztailean, gerran egonik ere, zerealak Ukrainako portuetatik esportatu ahal izateko. Baina Kremlinek akordioa ez berritzea erabaki zuen joan den hilean, bere eskariak ez zizkiotela aintzat hartu iritzita. Zerealen esportazioa eteteak elikagai krisi baten inguruko kezka handitu du; bereziki, Afrikako herrialdeetan.

Zelenskiren itxaropena da asteburu honetako egitasmoak balio izatea nazioarteko «bake goi-bilera bat» antolatzeko aurtengo udazkenean, eta han pisuzko agintari politikoek babestea irtenbide baketsu baterako Kievek proposatu dituen hamar puntuak. Oinarri horien artean dira, besteak beste, Ukrainaren lurralde osotasuna errespetatzea eta Errusiako tropek herrialdea uztea, Moskuk anexionatutzat jo dituen eremuak barne.

Saudi Arabiako bilkuran izango ez bada ere, Kremlinek esan du gertutik jarraituko duela. Errusiako Gobernuko bozeramaile Dimitri Peskoven arabera, Moskuk jakin behar du elkarrizketa horietan «zein helburu ezartzen diren eta zer hitz egiten den». Haren esanetan, «konponbide baketsu bat sustatzeko saiakera orok balorazio positibo bat merezi du».

«Rol eraikitzailea»

Ukrainarentzat bereziki interesgarria izango da Txinaren parte hartzea. Pekinek ez du Errusiaren erasoa gaitzetsi, AEBek nahiz haren aliatuek eskatu dioten irmotasunarekin. Mendebaldeak galdegin dio balia dezan Moskurekin duen aliantza geopolitikoa harengan eragiteko. Txinak «neutral» mantentzearen alde egin du, ordea. Esan du errespetatu egin behar direla lurralde osotasunaren printzipioa eta estatu ororen subiranotasuna, eta irtenbide baketsu baterako baldintzak sortzearen alde mintzatu da, aldeen «segurtasun kezka zilegiak» aintzat hartuta —Errusiak erasoa hasi aurretik NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari agertu zizkion segurtasun auziei erreferentzia eginez—.

Pekinek «rol eraikitzaile bat» jokatzeko prestasuna agertu du, eta konpromiso hori berretsi du Atzerri Ministerioko bozeramaile Wang Wenbinek bilkuraren aurretik.

Dena den, Txina ez da izangoUkrainarentzako hizketakide garrantzitsu bakarra. Bilkuran parte hartzen ari dira Brasil eta India ere. Horiek ez dira Mendebaldearekin lerratu, eta Errusiaren aurkako zigor ekonomikoak kritikatu dituzte, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.