Ukrainarako menia onartzeko aurrez zuzeneko elkarrizketak egin behar direla esan du Errusiak

Kieven aliatuen ustez, Kremlinek menia ezartzea beharrezkoa da zuzeneko negoziazioei ekin ahal izateko. Putinek egindako proposamenari erantzunez, Zelenskik esan du ostegunean Turkian izango dela eta Errusiako presidentea ere han izatea espero duela.

Europako potentzia nagusietako Atzerri ministroek bilkura egin dute gaur Londresen, Ukrainako auziaz hitz egiteko. GIUSEPPE LAMI / EFE
Europako potentzia nagusietako Atzerri ministroek bilkura egin dute gaur Londresen, Ukrainako auziaz hitz egiteko. GIUSEPPE LAMI / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko maiatzaren 12a
14:59
Entzun 00:00:0000:00:00

Vladimir Putin Errusiako presidenteak zuzeneko elkarrizketak izan nahi ditu Ukrainarekin. Kieven aliatuen ustez, aldiz, Kremlinek Ukrainarako 30 eguneko su etena ezarri ostean baino ez dira egingo bi herrialdeen arteko zuzeneko negoziazioak. Moskurentzat, baina, elkarrizketak egin behar dira lehenik, eta ostean heldu liteke menia. Hala adierazi du gaur Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan.

Ez dira iritzi berekoak Kieven aliatuak. Londresen batzartu dira gaur Europako potentzia nagusietako Atzerri ministroak, eta adierazi dute ezinbestekoa dela Moskuk bakearen alde dagoela erakustea elkarrizketak hasteko. «Bake elkarrizketei ekin ahal izateko, su etenak indarrean egon behar du, eta Errusiak erakutsi behar du prest dagoela ukrainarrekin mahai berean esertzeko. Bakea nahi duela ikusi nahi dugu», esan du Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak gaur Londresen, Europako potentzia nagusietako Atzerri ministroen bilkura hasi aurretik. Frantziako, Erresuma Batuko, Alemaniako, Italiako, Espainiako eta Poloniako atzerri ministroekin batzartu da Kallas, Ukrainako auziaz hitz egiteko. Bilkuran parte hartu du Ukrainako Atzerri ministroak ere.

EBko diplomaziaburuaren gisan, Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek ere ez du uste negoziazioek zentzurik dutenik su etena indarrean sartu ezean: «Su etenik gabe, bake negoziazioak ez dira bake negoziazio serioak». Eta David Lammy Erresuma Batuko Atzerri ministroaren aburuz, Putinek bakea, menia eta negoziazioak «serio hartzeko unea da». Harago joan da Alemaniako Atzerri ministro Johann Wadephul. Eta bilkuraren aurretik iragarri du Berlinek isun gehiago ezarriko dizkiola Moskuri su etena onartzen ez badu. Molde berean mintzatu da Albares bilkuraren ostean.

Hain zuzen, mehatxu hori bera egin zioten Moskuri Kieven aliatuek larunbatean. Gaur hasita 30 eguneko menia ezartzeko exijitu zioten Putini; gainontzean, «egundoko» zigorrak ezarriko dizkiotela ohartarazi zion Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Molde horretako ultimatumak «onartezinak» direla salatu du gaur Peskovek. Larunbatean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin batzartu ostean egin zituen Macronek adierazpen horiek, Kieven. Harekin batera izan ziren Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa, Friedrich Merz Alemaniako kantzilerra eta Donald Tusk Poloniako lehen ministroa ere.

Ordu batzuk geroago, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Kieven eta Moskuren arteko zuzeneko elkarrizketak hasteko proposatu zuen atzo goizaldean. Data eta tokia ere jarri zituen: ostegunean, Istanbulen (Turkia). Hasieran, Zelenskik ez zuen begi onez ikusi, baina Donald Trump AEBetako presidenteak proposamena «berehala» onartzeko exijitu zion Kievi, sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Horren ostean, Ukrainako presidenteak menia onartzeko eskatu zion Putini, baina Istanbulera joateko prest agertu zen. «Ukrainak ez du arazorik negoziazioetan parte hartzeko. Ostegun honetan, maiatzaren 15ean, Turkian izango naiz. Eta espero dut Putin ere bertan izatea», adierazi zuen atzo gauean, sare sozialetan.

Zuzeneko elkarrizketarik ez 2022tik

Errusiak eta Ukrainak ez dute zuzeneko elkarrizketarik izan 2022ko martxotik. Hain zuzen, Turkian batzartu ziren azken aldiz Kieven eta Moskuren ordezkariak, Moskuk Ukrainako inbasioa hasi eta hilabete batera. Putin eta Zelenski ez dira aurrez aurre egon 2019ko abendutik.

Parisek, Londresek, Berlinek eta Varsoviak Putini 30 eguneko menia gaur ezartzeko eskatu bazioten ere, Ukrainako armadak ohar bidez jakinarazi du Errusiak 108 drone jaurti dituela bart Ukrainara. Gaur Londresen Europako potentzia nagusietako Atzerri ministroekin batzartu ostean, Andrii Sibiha Ukrainako Atzerri ministroak esan du Kremlinek «sarraskia» eteteko beste aukera bat «alferrik galdu» duela. Bestalde, Ukrainako armadak lau herritar hil ditu berriki, Errusiak okupaturiko Kherson eskualdean. Hala jakinarazi du eskualde horretan Moskuk ezarritako administrazio militarrak, Telegram bidez.

poloniak moskuri leporatu dio merkataritza gune bateAN sutea PIZTEA

Poloniako Gobernuak Moskuri egotzi dio iazko maiatzean Varsoviako merkataritza gune batean izandako sutearen atzean egotea. Horregatik, Errusiak Krakovian duen kontsuletxea ixteko agindu du. Iazko maiatzaren 12an izan zen sutea, eta Marywilska 44 merkataritza gunea ia osorik suntsitu zuen. Gaur, Donald Tusk Poloniako lehen ministroak sare sozialetan ziurtatu du Errusiako zerbitzu sekretuek eragin zutela sute hori. Tass Errusiako berri agentziak jaso duenez, Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak Poloniari egotzi dio bi herrialdeen arteko harremana «suntsitzen» aritzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.