Ukrainarako negoziazioak, Kievek bere eskakizunak noiz jakinaraziko dituen zain

Zelenskiren arabera, laster emango die AEBei beren azken zirriborro proposamena. Esan du ez dutela aurreikusten lurraldetasunari dagokionez kontzesiorik egitea.

Zelenski eta Meloni, gaur, Erromako Chigi jauregian, Italiako Gobernuaren egoitzan. RICCARDO ANTIMIANI / EFE
Zelenski eta Meloni, gaur, Erromako Chigi jauregian, Italiako Gobernuaren egoitzan. RICCARDO ANTIMIANI / EFE
Igor Susaeta.
2025eko abenduaren 9a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ameriketako Estatu Batuak itxaropentsu daude. Hango iturri ofizialek azken egunetan esaten dutenez, Kiev eta Mosku laster dira Ukrainarako plan bat onartzekoak. Gauza bat da, ordea, negoziazioen bitartekariak zer dioen, eta beste bat gatazkan dauden aldeek zer dioten. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Europako liderrekin bildu da atzo eta gaur artean, eta adierazi du planari buruzko «findutako dokumentuak» aurki bidaliko dizkiela AEBei, gerra amaitzeko urratsak «ahalik eta azkarren» egiteko. «Odolustea etengo da, eta gerra ez da berriro piztuko, Errusia zer egiteko prest dagoen», adierazi du sare sozialetan idatzi duen mezu batean. Bitartean, Ukrainarako negoziazioak ez atzera ez aurrera segitzeko bidean daude.

Kontua da aldeek puntu berean talka egiten dutela: lurraldetasunaren auzian. Vladimir Putin Errusiako presidenteak joan den ostiralean adierazi zuen Donbassko bi eskualdeak —Luhansk eta Donetsk— Errusiaren esku geratuko direla. Zelenskik nabarmendu zuen atzo gauean, baina, ez dutela aurreikusten lurraldetasunari dagokionez kontzesiorik egitea.

Jardun diplomatikoa nabarmen areagotu da joan den azaroaren 21etik, filtrazioen bidez kaleratua izan zenetik AEBek Errusiaren oniritziarekin Ukrainarako ondutako plana. Ukrainako ordezkariek Miamin (AEB), Genevan (Suitza) eta Arabiar Emirerri Batuetan egin dituzte bilerak Washingtonen negoziatzaileekin, eta, jatorrizko planarekin alderatu ondoren, Kiev laster da beste planteamendu bat egitekoa Washingtoni.

28 puntu ditu lehen zirriborroak, eta Zelenskik atzo gauean bideo batean jakinarazi zuenez, zortzi puntu kendu dizkio hari; Kievi onartezinak iruditzen zaizkionak. «Lurraldetasunari dagokionez, noski, badira zailak diren kontu batzuk. Oraindik ez dago konpromisorik horren inguruan», azpimarratu zuen. Aurrena, Londresen izan zen atzo, eta Erresuma Batuko, Frantziako eta Alemaniako liderrekin batzartu zen Downing Streeteko 10. zenbakian. Gero, iluntzean, Bruselara bidaiatu zuen, eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin, Antonio Costa Europar Kontseiluko presidentearekin eta Mark Rutte NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiarekin bildu zen. Gaur Leon XIV.a aita santuarekin hitz egin du Vatikanoan, eta, ondoren, bilera bat egin du Erroman Giorgia Meloni Italiako lehen ministroarekin.

120

Ukrainaren zenbat drone bota dituen Errusiak. Errusiako aireko defentsa sistemek Ukrainak jaurtitako 121 drone erorarazi ditu gaur goizaldean. Hori jakinarazi dute iturri ofizialek. Informazio horren arabera, hamabi eskualdetan eta Kaspiar itsasoan bota dituzte behera; horien ia erdiak, 49, Belgorod eskualde mugakidean.

Ukrainako presidenteak azken asteetan esan izan du lurraldetasunaren auzia dela «zailena». Joan den astean, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen Parisen batzartu ondoren, hori «lehentasun» zuela adierazi zuen. Europako potentzietako liderrak bat datoz Zelenskiren. Azaroaren 21ean, 28 puntuak argitaratuak izan ziren egunean, eta Donald Trump AEBetako presidenteak astebete eman zionean plana onartzeko —azkenean ez zen ultimatumik egon—, Ukrainako estatuburuak aitortu zuen hautu bat egitea dagokiela: «duintasuna galtzea, edo aliatu ezinbesteko bat galtzeko arriskua hartzea»; beste era batera esanda: lurralde batzuei uko egitea, edo AEBen babes militarrik gabe geratzea. 

Errusiarentzat, «tontakeriak»

Luhansk Errusiaren kontrolpean dago ia-ia guztiz, eta Donetsken lurraldearen %80. Kieven tropak Ukrainako lurralde horretatik ateratzen ez badira, lurraldea Errusiako armadak «askatuko» duela esan zuen Putinek aurreko ostiralean. Kherson eta Zaporizhia ere hartu ditu Errusiak 2022ko otsailean Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, eta bakoitzaren bi heren ditu, gutxi gorabehera, kontrolpean. 28 puntuko zirriborroak zioenez, eskualde horiek armada bakoitzak kontrolatzen duen eremuaren arabera banatuko lituzkete. Planteamendu horri eutsiko baliote, Azoveko itsasorako sarbidea galduko luke Ukrainak.

DONALd Trumpen esanetan, Europak lider «ahulak» ditu

Donald Trumpek berriro jarri ditu jopuntuan Europako agintariak. Politico hedabideari emandako elkarrizketa batean azpimarratu du «ahulak» direla «politikoki zuzenak» direlako. Kontuan hartu behar da Segurtasun Nazionalerako Estrategia kaleratu zuela Etxe Zuriak joan den ostiralean, eta dokumentu horretan esaten duela Europa dela «desagertzeko» arriskuan dagoen «zibilizazio» bat. 

Europari dekadentzian egotea egotzi dio Washingtonek, eta, atzerri politikan lehentasunak ezartzen dituen testu horren arabera, besteak beste migrazio politikek eragin dute hori. Trumpek berak Politico-ri esan dionez, EB Europako Batasunaren migrazio politika «desastre hutsa» da. «Gu ere desastre horretarantz gindoazen, baina geratzeko gai izan ginen». Etxe Zuriko maizterraren hitzetan, Europak bide horri eusten badio, zenbait estatuk «bideragarriak» izateari utziko diote luze gabe. Hungariaren eta Poloniaren migrazio politikak goretsi ditu, ordea. 

Etxe Zuriaren testuak planteatzen du Europako alderdi ultrez baliatzea kontinentean eragiteko. Antonio Costa Europar Kontseiluaren presidenteak esan zuen atzo ez direla «mehatxu» horretara makurtuko, eta Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak gaur agerraldi batean adierazi du «onartezina» dela mehatxu hori.

 

Bestalde, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileari galdetu diote gaur ea Errusia prestatzen ari den NATOri eraso egiteko. «Tontakeria handi bat da hori», erantzun du, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Eta eskatu du Putinek egindako adierazpenak entzuteko. Kremlineko buruak zera esan zuen aurreko asteazkenean Moskun, agerraldi batean: «Ez dugu gerrarik nahi, baina EBk borrokatu nahi badu, gu prest gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.