Ukraina ere Errusiako lurrei eraso egiten hasi zenetik, gaurkoa izan da Kievek drone gehien jaurti dituen egunetako bat. Errusiako iturri ofizialen arabera, 800 erorarazi dituzte gaur goizaldean herrialdeko hainbat eskualdetan. Tula eskualdean, Moskutik hegoaldera eginez 170 kilometro ingurura, bi pertsona hil dituzte. Ukrainaren droneek, gainera, kalteak eragin dituzte Saratov hiriko hainbat azpiegituratan, Kazakhstango mugatik ehun kilometro ingurura.
Kiev ere Errusiako azpiegiturak bonbardatzen hasi zen Errusiaren inbasioa hasi —2022ko otsailean— eta urtebete pasara. Ukrainak argudiatzen du, batetik, errusiarrei ere tokatzen zaiela gerra nozitzea, ukrainarrek nozitzen duten neurri berean; bestetik, energia azpiegiturari eta armategiei eraso egiteak Errusiaren gerrarako gaitasunari eragin diezaiokeela.
Ozon elektronika sektoreko enpresak gaur jakinarazi du, esaterako, Ukrainaren droneek sute bat eragin dutela Saratoven duten biltegian. Azken asteetan Ozonen eta bere lehiakide Wildberriesen pare bat dozena biltegi jo ditu Ukrainak.
Eta Errusiak ere segitzen du gerra frontetik urrun dauden Ukrainako lekuak bonbardatzen. Hala, asteburuko tregoaz geroztik egunero gertatu bezala, aire eraso bat egin du Kieven, eta horretan hiru gasolindegi jo ditu gutxienez, eta bi pertsona hil eta hamar inguru zauritu. Horren berri eman dute Ukrainako iturri ofizialek. Errusiakoek adierazi dute Kiev ez ezik Dnipropetrovsk, Odesa eta Jmelnitski eskualdeetako instalazio militarrak edo armadari zerbitzua ematen diotenak izan dituela helburu.
8Zenbat herri hartu dituen Ukrainak azken astean. Errusiako Defentsa Ministerioak gaur ohar batean jakinarazi duenez, gerra frontearen bueltako zortzi herri hartu ditu Errusiak Ukrainan azkeneko astean. Donetsk, Zaporizhia eta Kharkiv eskualdeetan daude. Errusiak Ukrainaren %20 dauka okupatua.
Errusiak bost pertsona hil zituen atzo Pavlohrad hirian, eta beste bi Dnipropetrovsk eskualdean. Horren harira Andrii Sibiha Atzerri ministroak Mosku kritikatu du sare sozialetan, «sistematikoki jotzen dituelako, nahita, jendearen bilgune diren tokiak». Iruditzen zaio horren helburua dela «beldurra hedatzea».