Zelenski: «Beldurra Europa ahultzeak eman beharko luke, ez Errusiaren mehatxuek»

Ukrainako presidenteak ohartarazi du Errusiaren aktiboak erabili ezean Kievek arazo ekonomiko «handiak» izango dituela. Moskurentzat, EBk aktibo horiek erabiltzea «ilegala» litzake.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea atzo Bruselan, prentsaurreko bat ematen. OLIVIER HOSLET / EFE
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea atzo Bruselan, prentsaurreko bat ematen. OLIVIER HOSLET / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko abenduaren 18a
09:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ukraina dirurik gabe geratzen ari da, eta aurreikusten du datozen bi urteetarako 135.000 milioi euro beharko dituela bai herrialdearen funtzionamenduari eta bai armadari eusteko. EB Europako Batasunak urratsa egitekoa da, bederen «suspertu» dadin. Eta Volodimir Zelenskik argi du zein izan beharko litzakeen eman beharreko pausua: 2022an Ukrainako inbasioa hasi zuenetik EBk Errusiari blokeatu dizkion aktiboek sortutako dirua Kievi laguntzeko erabiltzea. Horren aurrean, zenbait herrialdek, bereziki Belgikak, adierazitako kezkaren inguruan, Zelenski horrela mintzatu da: «Badakit Errusia hainbat herrialde mehatxatzen ari dela erabaki hau dela-eta. Baina beldurra Europa ahultzeak eman beharko luke, ez Errusiaren mehatxuek». 

Talde komunitarioko gobernuburuek eta estatuburuek goi bilera hasi dute gaur, Bruselan; eta erabakitzekoak dira Errusiari blokeatutako aktiboak Ukrainari laguntzeko erabiliko dituzten ala ez. Bihar jarraituko du bilkurak. Gaur goizean, Antonio Costa Europar Kontseiluko presidenteak adierazi du Errusiari mezu bat bidali nahi diotela: «Ukrainari laguntzen jarraitu nahi dugu, diplomatikoki, politikoki, militarki eta finantzarioki». Ukrainako presidentea harekin batera heldu da goi bilerara, eta esan du Errusiaren aktiboek sortutako irabaziak lortu ezean herrialdeak arazo ekonomiko «handiak» izango dituela.

Errusiaren aktiboak erabiltzeko proposamena

Nola finantzatuko dute?
Europako Batasunak Errusiari blokeatu dizkion aktiboen bidez bildu nahi du dirua. Horiek sortutako irabazien bidez, hain zuzen ere.

Zenbateko mailegua emango lioke Ukrainari?
Proposamenaren arabera, 90.000 milioi euroko mailegua, interesik gabekoa. EBk espero du gainontzekoa Ukrainaren beste aliatuek jarriko dutela.

Zertarako erabiliko du dirua?
Erreparaziorako mailegua deitu diote, eta EBko estatuek proposatu dute batik bat gastu militarrerako erabiltzea, baita herrialdearen funtzionamendua bermatzeko ere. Ikusteko dago Ukrainak nola kudeatuko duen.

Nahikoa izango ote?
Ukrainak datozen bi urteetarako aurreikusitako gastuen bi heren ordaindu ahalko ditu mailegu horrekin; izan ere, 135.000 milioi euro inguru beharko ditu, Nazioarteko Diru Funtsaren kalkuluen arabera.

Itzuli beharko al du mailegu hori?
Ukrainak ez du zertan itzuli harik eta Errusiak gerraren kalte ordainak ordaindu arte. Ukrainako Gobernuak urte hasieran kaleratutako txosten baten arabera, herrialdeak 500.000 milioi euro baino gehiago behar ditu inbasioaz geroztiko kalteei eta beharrei erantzuteko; ikusteko dago, hortaz, 2025ean zenbat handitu den zenbateko hori.

Errusiako aktiboak erabiltzeko proposamenaren arabera, Ukrainak datozen bi urteetarako behar duenaren bi heren inguru emango diote: 90.000 milioi euroko mailegua interesik gabe, hain zuzen ere. «Ez dago Europako defentsak egin dezakeen gauza inportanteagorik, Ukrainako defentsari laguntzea baino», esan zuen atzo Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, Europako Parlamentuaren Estrasburgoko egoitzan (Frantzia). «Bi proposamen egin nituen: edo aktiboak erabiltzea, edo EBk berak dirua uztea»; batera edo bestera, argi utzi zuen erabaki egin beharko dutela egunotako bileretan.

Izan ere, beste aukeretako bat da Kievi ematekoak diren mailegua EBren zorraren bidez finantzatzea. Besteak beste, Belgikak bide horren alde egin du, beldur baita Errusiak neurriak hartuko ote dituen haren kontra; izan ere, Errusiari blokeatutako aktiboen 180.000 milioi Belgikako Euroclear finantza enpresan daude. Abenduaren hasieran, Euroclearreko bozeramaile batek ohartarazi zuen balitekeela proposamen horrek «arriskuak» sortzea legezkotasunari, finantzei eta ospeari dagokienez.

Iragan astean, Errusiako Banku Zentralak salaketa bat jarri zuen enpresa horren kontra Moskuko auzitegi batean, «legez kanpo» jokatzen aritzea egotzita. Gaur oharra kaleratu du, eta jakinarazi du, EBk aktiboak «ilegalki» erabiltzeko saiakerak ikusita, banku zentralak Europako bankuetatik «berreskuratuko» dituela galdutakoak. 

210.000

 

EBko herrialdeek Errusiaren zenbat aktibo dituzten blokeatuta, milioi eurotan. EBko herrialdeek Errusiaren aktiboen 210.000 milioi euro dituzte blokeatuta. 180.000 milioi Belgikan daude, 19.000 milioi Frantzian, 10.000 milioi Luxenburgon, eta 210 milioi Alemanian.

EB Belgika konbentzitzen saiatu da, bermeak ere eskaini dizkio, baina Bart de Wever Belgikako lehen ministroak gaur esan du, goi bilerara sartu aurretik, aktiboen bidez finantzatutako maileguaren kontra egingo duela: «Gure jarrera ez da aldatu». Kaja Kallas EBko diplomaziaburua horren jakitun dago, eta gaur egin duen prentsaurreko batean zera esan du: «Estatu kide askok esan dute Belgikaren baiezkoa inportantea dela. Ez dut uste aurrera egingo dugunik Belgika ez bada eroso sentitzen». Printzipioz, erabakiren bat hartzeko nahikoa izango da gehiengo kualifikatua; alegia, EBko 27 estatuetatik 15ek onartzea gutxienez, eta horiek herritarren %65 ordezkatzea. Hau da, Belgikaren oniritzirik gabe ere onartu ahalko lukete aktiboak erabiltzea.

Eguerdian, de Weverrek eta Zelenskik bilera egin dute, eta, ondoren, kazetariek Ukrainako presidenteari galdetu diote ea zerbaitetarako balio izan duen. «Ikusiko dugu. Denbora gehixeago behar dugu», erantzun du. Hori bai, erantsi du erabakia «aurtengo» beharko dutela; bestela, murrizketak egin beharko dituzte arlo militarrean, droneen ekoizpenean, esate baterako. Aitortu du ulertzen duela Belgikaren jarrera, eta beldurra eragiten dutela Errusiaren mehatxuek: «Baina ez da Errusia zure mugetan egotea bezain beldurgarria».

Bestalde, Viktor Orban Hungariako lehen ministroak kazetariei esan die aktiboen proposamena «hilda» dagoela, eta «memelokeria» dela ere bai: «Ez du nahikoa babesik». Mailegua EBren zorraren bidez ordaintzearen kontra ere egin du: «Gerra ez, bakea finantzatu behar dugu. Eta erabaki honek gerrarantz garamatza. Belgikako lehen ministroak arrazoi du».

Sei hilabetean behin aho batez berritu behar izan dute Errusiaren aktiboen blokeoa, baina joan zen astean horiek blindatzea erabaki zuten, harik eta «Batasunaren interes ekonomikoak arriskupean» ez dauden arte, iturri ofizialek Reuters albiste agentziari esan ziotenez. Talde komunitarioaren hitzarmeneko 122. artikuluari heldu zioten; horren arabera, «krisi garaietan» ez da beharrezkoa aho batez jokatzea, eta gehiengo kualifikatuaren bidez erabaki zuten.

Ukrainak hiru pertsona hil ditu Errusian, eraso batean

Ukrainak hiru pertsona hil ditu bart drone bidezko eraso batean, Errusiaren hego-mendebaldeko Rostov eskualdean, Ukrainako mugatik hurbil. Hain zuzen, ontzi bateko bi marinel hil dira Rostov hiriko portuan, eta beste pertsona bat handik hurbil, Bataisk herrian, Juri Sliusar eskualdeko gobernadoreak Telegram bidez jakinarazi duenez. Herri horretako bi etxebizitzak su hartu dute, eta, hil denaz gain, zazpi pertsona ere zauritu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.