Ukrainaren eta Errusiaren arteko tregoa bat nahi du Viktoriia itzultzaile ukrainarrak, «zibilek gau batez lasai lo egin dezaten». 27 urte ditu, eta Kievekoa da. Ez du gerran segitu nahi. «Baina zorte oso txarra dugu ekialdeko eta iparraldeko [Errusia eta Bielorrusia] bizilagunekin, eta, bizirauteko, borrokan segitu besterik ezin dugu egin». Zehaztu du, hori bai, gerra batean inork ez duela irabazten. Kieveko Soziologia Institutuak martxoan kaleratutako inkesta baten arabera, ukrainarren %82 gerran jarraitzeko prest leudeke, AEBek laguntza militarra etenda ere. Irinaren ustez, ez du zentzurik gerran jarraitzeak, eta «menia iraunkor bat» du asmo. «Militarren eta zibilen bizitza salbatzea garaipen bat da».
Hiru urte baino gehiago igaro diren honetan, Errusiako eta Ukrainako ordezkariak hasi dira jendaurrean berriro mahai beraren bueltan batzartzen. Viktoriia ez da fio bilera horietaz. «Ikuskizun hutsa dira [Errusiari] zigor gehiago ezar ez diezazkioten». Iruditzen zaio hala dela; izan ere, bi aldeak Turkian aurrenekoz bildu zirenetik, maiatzaren 16tik, Ukrainaren luze-zabalean zibilak bonbardatzen segitu du Errusiak. Negoziazio horien ondorio dira, hain zuzen, Moskuk eta Kievek azken asteetan egindako preso trukeak. Su etenik ez dute adostu, ordea, eta, kontuan hartuta batak zein besteak zer planteatzen duten horretarako, ez dirudi akordio batera heltzear direnik. Erreportaje honetarako posta elektronikoz elkarrizketatutako ukrainarrek ez dute argi ikusten hasitako elkarrizketek zer eman dezaketen, baina, hasteko, menia bat eskatzen dute, azken hiru urteetan ia-ia ez dutelako inoiz eduki halakorik.
Irina (44 urte) abokatua da, Ukrainako hiriburuan bizi da —ez berak, ez besteek, ez dute beren abizena jakinarazi—, baina Konstantinovkan du jatorria, Donetsk eskualdean. Errusiak eremu horren %60 inguru du kontrolpean, eta azken asteetan Konstantinovka bera konkistatzeko ahaleginean ari da. «Nire jaioterria egunero bonbardatzen dute. Jendeak etxean geratu nahi zuen, besterik ez zuen nahi, eta hil egin dute», kontatu du Irinak, eta agintariak kritikatu ditu: «Izan ere, [herritar] askok ez dute nora jo. Gobernuak ez du laguntzarik ematen, apartamentu bat alokatzea oso garestia da, eta denek ezin dute hori egin. Adineko asko hirian geratu dira ez dutelako ez nora jo eta ez nola ordaindu».
«Dena konponduko balitz sinpleki lurralde okupatuei uko eginda, ez ginateke gauden bezala egongo»
VIKTORIIAItzultzaile ukrainarra
NBE Nazio Batuen Erakundearen azken datuek diotenez, ia zazpi milioi pertsonak alde egin dute Ukrainatik, 2022ko otsailean Errusiak inbaditu zuenetik; barne desplazatuak, gainera, 3,7 milioi dira. Errefuxiatuen %70 inguru herrialdeko ekialdeko eskualdeetakoak dira; hain zuzen, han daude nagusiki gerra fronteak, Errusiak 2022tik partzialki okupatutako —are anexionatutako— lurretan: Donetsken, Luhansken, Khersonen eta Zaporizhian.

Eta Errusiak su eten baterako elkarrizketak hasteko jarri dituen baldintzetako bat da Ukrainak tropak ateratzea eskualde horietatik. Kievek uko egiten dio horri. «Ezin diogu uko egin jada gurea ez den horri, nahiz eta oso desatsegina izan; hori da errealitatea», azaldu du Alexanderrek (29 urte). Kharkivekoa da, herrialdeko ipar-ekialdekoa, baina hiriburuan bizi da, eta ur pipak azpikontratatzen ditu. Irinak hausnarketa bat egin du lurralde okupatuen auziaz. «Uste dut horietan bizi direnek bakea besterik ez dutela nahi, hori desiratzen dutela. Eta Ukrainaren pean edo Errusiaren pean bizi, ez zaie hainbeste axola, kontuan hartuta zer-nolako amesgaiztoa ari diren bizitzen». Luhansken eta Donetsken, gehienak errusiar hiztunak dira, eta %35-40k jatorri errusiarra dute.
Mineralen itunaren kontra
Beste ikuspuntu bat eman du Viktoriiak: «Dena konponduko balitz sinpleki lurralde okupatuei uko eginda, ez ginateke gauden bezala egongo. Munduak ulertu beharra dauka Ukraina okupatzen badute Putin [Vladimir, Errusiako presidentea] beste lurralde batzuen bila joango dela». Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak taldea berrarmatzea bultzatu du, eta ohartarazi izan du Errusia «Europako demokraziei aurre egiteko» prestatzen ari dela. «Hau ez da bukatuko guk gure lurraldetasunari uko eginda», gehitu du Viktoriiak. Errusiak aste honetan jakinarazi du inbasioa hasi zuenetik aurrenekoz sartu dituela tropak Dnipropetrovsk eskualdean.
«Adineko asko hirian geratu dira ez dutelako ez nora jo eta ez nola ordaindu»
IRINAAbokatu ukrainarra
Bien bitartean, AEBetako presidente Donald Trump ari da, nolabait, bitartekari bi aldeen artean. «Trumpekin itxaropen handia nuen. Uste nuen, egiazki, hilketak eten nahi zituela. Gauza bera uste dut oraindik, baina, zoritxarrez, oraingoz gauzak ez dira aldatu», aitortu du Alexanderrek. Irinak ere bazuen esperantza hori. Oraingoz, ordea, Etxe Zuriko maizterrak karguan daramatzan ia bost hilabeteetan auzi horren bueltan eman duen aurrerapauso bakarra bere mesederako eman du. Izan ere, Washingtonek akordio bat egin du Kievekin, eta ziurtatu du lehentasuna izatea Ukrainako lur arraroak eta mineralak ustiatzeko orduan.
«Dirudienez, hasieran lagunkoi jokatzeko prest agertu ziren [AEBak], eta gero ahal bezainbesteko etekina ateratzea erabaki zuten», esan du Irinak. Alexanderrek ez du iritzirik eman mineralen itunaz, xehetasunei buruzko informaziorik ez duelako. «Susmatzen dut, halere, ukrainarrei ez diela mesede egingo». Areago joan da Viktoriia: «Ukrainarrei egindako lapurreta bat da mineralen akordioa». Eta gobernuaren kontra egin du, uste baitu «ustela» dela.
Alexanderrentzat, Ukrainako egungo presidentearekin, Volodimir Zelenskirekin, bi aldeen arteko negoziazioek porrot besterik ezin dute egin. Putinen esanetan, ez du legitimitaterik, bere agintaldia bukatuta dagoela argudiatuta. 2019tik da presidente, eta agintaldia bost urterako da; ordea, gerra egoera ezarrita dago, 2022tik, eta Kievek argudiatzen du hala izanik ezin dela hauteskunderik egin. Kieveko Soziologia Institutuak galdeketa bat egin zuen otsailean, eta hamarretik seik babestu zuten Zelenski.