Hasi dira argitzen Frantziako herriko bozetako lehen itzuliko emaitzak. Oraingoz hiri handienetan ezer argitu ez bada ere, joera argia da: RN Batasun Nazionala alderdi ultraeskuindarra lehian izango da gero eta alkatetza gehiago eskuratzeko. Lehen emaitzen arabera, herrialdeko bost hiri handienetatik, gutxienez bitan, buruan edo burutik hurbil ageri dira RNko alkategaiak. Lehen estimazioen arabera, Marseillan Benoit Payan orain arteko alkate sozialistak (botoen %38) hurbil du Franck Allisio eskuin muturrekoa (%33). Nizan, ostera, Eric Ciotti RNko hautagaia alde handiz ari da nagusitzen: botoen %43,5 lortuko ditu, eta hamar puntu baino gehiagoren aldea aterako dio Christian Estrosi (Horizons) orain arteko alkateari.
Jordan Bardella RNko presidenteak adierazi duenez, azken hauteskundeetan izandako joera bera nagusitu da gaurko bozetan. Gainera, goraipatu du azken legegintzaldian RNkoak izandako hainbat alkatetza mantendu izana: «Frantziarren bizimodua hobetu dezakegula erakutsi dugu». Hegoaldean lortu ditu emaitzarik onenak RNk. Esaterako, botoen erdiak baino gehiago lortuta, bigarren itzuliaren beharrik gabe ziurtatu du Perpinyako alkatetza (Herrialde Katalanak). Hiri hori izan da orain arte eskuin muturreko alderdiak gobernatu duen 100.000 biztanletik gorako hiri bakarra.
Parisen, ostera, sozialistak ari dira nagusitzen. Anne Hidalgok kargua utziko du hamabi urtean alkate izan ostean, baina Emmanuel Gregoire alderdikidea buruan da, lehen estimazioen arabera. PSko alkategaiak botoen %36 lortuko dituela kalkulatzen da; LR Errepublikanoak alderdiko Rachida Datiren (%24), LFI Frantzia Intsumisoko Sophia Chikirouren (%12) eta Horizons alderdiko Pierre-Yves Bournazelen (%12) aurretik. Gainera, Reconquete eskuin muturreko alderdiko alkategai Sarah Knafok ere aurrera egingo du, botoen %10 baino gehiago lortuko duela estimatzen baita.
PSko alkategaiak eskerrak eman dizkie bere aldeko boza eman dutenei, eta oroitarazi du beraren alde egitea dela eskuinari eta eskuin muturrari aurre egiteko «aukera bakarra». Izan ere, Gregoireren ustez, baliteke eskuineko alderdiak prest egotea ultraeskuinarekin akordioak egiteko bigarren itzulirako.
Sozialistak, berriz, ez daude prest bigarren itzulian LFIrekin aliatzari egiteko. Ezkerreko alderdiak batuta aurkeztu dira lehen itzulian, baina albo batera utzi dituzte intsumisoak. Eta datorren asterako ez dela aldaketarik egongo ziurtatu du gaur Oliver Faure PSko idazkari nagusiak. Otsailaren hasieran, talde ultraeskuindar baten eta talde antifaxista baten arteko liskarretan hil zuten Quentin Deranque ultraeskuindar gaztea, Lyonen; eta gertakari horrek are eta bakartuago utzi du LFI. Halere, intsumisoen Pariserako alkategaiak bigarren itzulira igarotzea lortuko du.
Jean-Luc Melenchon LFIko buruak ontzat jo ditu herriko bozen lehen itzulian lortutako emaitzak. Nabarmendu du intsumisoak garaipenerako lehian ibiliko direla Lillen, Roubaixen, Limogesen, Saint-Denisen eta Tolosan. Eta gaineratu du alderdiak garrantzi handia izango duela Parisen, Lyonen eta Marseillan. Horregatik, batzeko deia egin die ezkerreko alderdiei, eskuinari aurre egin ahal izateko.
Frantzian biztanle gehien duten bi hirietan, sozialistak nagusitu dira lehen itzulian: Parisen eta Marseillan. Eta PSko hautagaiak bildu du boto gehien Montpellierren, Estrasburgon eta Nadoneden ere (Nantes). Lyonen, berdinduta geratu dira orain arteko alkate Gregory Doucet (Berdeak) eta Jean‑Michel Aulas eskuineko alkategaia. Bordelen, ostera, Pierre Hurmic Berdeen alkategaiak lortu du boto gehien, baina hurbil geratu zaio Thomas Caenave macronista.
Philippe, bide onetik
Herriko bozak datorren urteko presidentetzarako bozen aurrekari izan daitezke. Eta haiei begira ari da Edouard Philippe macronista. Horizons alderdiko presidentea da, baita datorren urteko hauteskundeetara aurkezteko hautagaietako bat ere. Gainera, Phillippe Le Havre hiriko alkatea da 2020tik —aurrez Frantziako lehen ministro izan zen, 2017tik 2020ra—. Aurten berriz aurkeztu da alkate kargurako, eta lehen itzulian botoen %43 lortu ditu, bigarren hautagai bozkatuenari hamar punturen aldea aterata. Hala, bigarren itzulirako hautagai nagusia da, eta, garaipena lortuz gero, airoso aterako da 2027ko presidentetzarako bozei begira.
Gaurko bozetan, bestalde, nabarmentzekoa izan da parte hartze apala. Botoa ematera deitutakoen %41 eta %44,5 artean abstenitu egin dira. 2020ko bozak kontuan hartu gabe —COVID-19 gaitzaren ondorioz parte hartzea ohi baino txikiagoa izan zen—, azken bozetako abstentziorik handiena izan da gaurkoa. 2014koetan, esaterako, herritarren %36,6 abstenitu ziren.