Ultraeskuinaren mugak bistaratu ditzaketen bozak

Portugalgo presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia egingo dute gaur, eta Seguro da hautagai nagusia, Alderdi Sozialistako presidentegaia. Adituen ustez, eskuin muturraren diskurtso erasokorrak boto emaile gehiago uxatzen ditu erakarri baino.

Andre Ventura Chega alderdi ultraeskuindarreko presidentegaiaren aldeko kartel bat, Lisboan. CARLOTA CIUDAD / EFE
Andre Ventura Chega alderdi ultraeskuindarreko presidentegaiaren aldeko kartel bat, Lisboan. CARLOTA CIUDAD / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko otsailaren 8a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamar urteren ostean, Portugalen presidente berria izango dute. Urtarrilaren 18an egin zuten presidentetzarako bozen lehen itzulia, eta PS Alderdi Sozialistako Antonio Jose Segurok eta Chega alderdi ultraeskuindarreko Andre Venturak bildu zuten boto gehien. Gaur argituko da bietako nork hartuko duen Marcelo Rebelo de Sousak 2016tik duen kargua. Inkestek segurutzat daukate Seguro nagusituko dela, eta iritzi berekoa da Joao Carvalho politologoa; gainera, uste du bigarren itzulia baliagarri izango dela Chegaren «muga politikoak» azaleratzeko.

Eskuin muturreko alderdia 2019an sortu zuten, eta bozez boz emaitzak hobetu ditu; igandekoek, ordea, Chegaren gorakada apalduko dutelakoan dago politologoa. Carvalho Lisboako ISCTE unibertsitateko irakaslea da, eta telefonoz azaldu du ez duela uste Chegak «onura handirik» lortuko duenik presidentetzarako hauteskundeetatik. Venturaren alderdiak bere agenda eta diskurtsoa «normalizatzea» lortu badu ere, beti estrategia bera erabili duela azaldu du: «Horrek epemuga bat du. Horregatik, uste dut bigarren itzulian ez duela aukera handirik izango, eta muga horiek argitara aterako direla». Chega. The New Portuguese Far Right (Chega. Portugalgo eskuin mutur berria) liburuaren egilea da Carvalho.

Irakaslearen arabera, alderdi ultraeskuindarraren diskurtso «erasokorrek», oraingoan, ez dute arrakastarik izango: «Lehen itzulian, hautagaia jarraitzaile fidelei zuzendu ohi zaie; baina bigarren itzulian nagusitzeko, beharrezkoa da hautesleria zabalago bat erakartzea, eta diskurtsoak kontziliatzaileagoa izan behar du. Chegaren estrategia beti bera da, oso erasokorra. Horrek erakar dezake hautesleen parte bat, baina parte handiago batek baztertu egingo du».

Antonio Jose Seguro (PS), lehen itzuliaren emaitzak jakin ostean, Caldas da Rainhan. JOSE COELHO / EFE
Antonio Jose Seguro (PS) lehen itzuliko garailea, emaitzen berri izan ostean egindako agerraldian, Caldas da Rainhan. JOSE COELHO / EFE

Inkestek ere zalantzarako tarte txikia uzten dute. ISCTEk eta Lisboako Unibertsitateak urtarrilaren 20ko astean egindako galdeketaren arabera, %51k Seguroren alde egingo dute, %27k Venturaren alde; eta gainerakoek boto zuria emango dute, ez dute bozkatuko, edo zalantzan daude. Antzerako emaitzak ageri dira beste inkesta batzuetan ere; esaterako, Pitagorica etxeak astearen hasieran galdekatutako herritarren %53,5ek esan zuten PSko hautagaiaren alde bozkatuko dutela, eta %28k, Chegakoaren alde.

Lehen itzulian Seguro nagusitu zen (%31,1), Venturaren aurretik (%23,5). Haien atzetik geratu ziren Joao Cotrim de Figueiredo IL Ekimen Liberaleko hautagaia (%16), Henrique de Gouveia e Melo militarra (%12,3), eta Luis Marques Mendes PSD Alderdi Sozialdemokratakoa (%11,3). Hautagaietako batek ere ez zuenez botoen erdiak baino gehiago lortu, bigarren itzulia egin behar izan dute.

Izan ere, Carvalhoren hitzetan, Portugalgo sistema politikoa inoiz baino zatituago dago orain: «Alderdi berri ugari sortu dira azken hamar-hamabost urteetan». Horren adibidea da Chega. 2019an sortu zuten, eta urte bereko bozetan eserleku bat lortu zuten Portugalgo Asanblean; egun, bigarren indarra da PSD kontserbadorearen atzetik. Azkenaldian alderdi tradizionalek behera egin dutela uste du politologoak; eta horren erakusle da PSDren hautagaia bosgarren lekuan geratu dela lehen itzulian.

«Chegaren estrategia beti bera da, oso erasokorra. Horrek erakar dezake hautesleen parte bat, baina parte handiago batek baztertu egingo du» 

JOAO CARVALHO Politologoa

Gobernuan egoteak PSDri kalte egin ote dion galdetuta, Carvalho baiezkoan dago. Halere, uste du zentro-eskuineko alderdi horren beherakadaren atzean badaudela bestelako arrazoiak, eta azaldu du PSDko boto emaileen artean zatiketa izan dela: «PSDk azken urteetan muturreko diskurtsoa hartu du immigrazioaren inguruan. Hautesleria zatitu du, eta PSDri botoa ematen zioten zenbait Chegaren alde egitera eraman ditu. Gainera, PSDk jada ez du proiektu bat gainerakoengandik bereizten duena. Lehen, alderdi liberalena zen, eta sinesgarritasuna zuen ekonomiari zegokionez. Orain, ez».

Alderdi Sozialistak ia hamar urte egin zituen gobernuan, baina Antonio Costa lehen ministro ohiak (2015-2024) dimisioa eman ostean, AD Aliantza Demokratikoa koalizioak —PSD Alderdi Sozialdemokratak eta CSD/PP Alderdi Popularrak osatua— irabazi zituen 2024ko martxoan egindako bozak. Iazko martxoan, Luis Montenegro lehen ministroak galdu egin zuen bere familiaren negozioei egotzitako irregulartasunen harira bultzatutako konfiantza mozioa, eta bozetara deitu zuen berriz. Maiatzean egin zituzten, eta berriro ere Montenegroren alderdia nagusitu zen. Gehiengo osorik gabe gobernatzen jarraitzen du.

Orain, Rebelo da Sousak kargua uzten duenean, herrialdeko presidentea ez da PSDkoa izango. Politologoak ez du uste gobernua eta presidentea alderdi desberdinetakoak izateak gatazkarik eragingo duenik: «Presidenteak botere txikia du». Portugalen, presidentea estatuburua da; parlamentuan adostutako legeei betoa jartzeko eskumena du, eta besteak beste haren ardurak dira lehen ministroa izendatzea eta, boz aurreratuetara deitu behar bada, asanblea desegitea. Carvalhoren ustez, mesede ere egin diezaioke PSDri presidentea ez izatea alderdi horretakoa: «Gobernua eta presidentea biak PSDkoak izateak alderdiari are eta higadura handiagoa eragin liezaioke».

Montenegro, isilik

Igandeko bozei begira, Venturak «eskuin osoa» bilduko duela iragarri badu ere, lehen itzulian kanpoan geratutako alderdi gehienek Seguroren alde bozkatzeko eskatu diete beren jarraitzaileei, baita eskuinekoek ere. Lehen ministroa, aldiz, ez da inoren alde agertu: «PSD ez da ordezkatua egongo bigarren itzulian, eta alderdia ez da kanpainan sartuko». Halere, haren alderdiko hainbat kidek Seguroren alde egin dute; besteak beste Marques Mendesek, lehen itzulian PSDko presidentegai izandakoak. Eta Rui Rio PSDko presidente izandakoak (2018-2022) Montenegrori mintzatzeko exijitu dio, eta Seguroren aldeko boza eskatzeko.

Eskuin muturraren aurrean PSDko buruek «anbiguotasunez» jokatu izan duela argitu du Carvalhok. 2017an, Ventura PSDko hautagaia izan zen Loures herriko alkatetzarako. Kanpainan ijitoen aurkako adierazpenak egin zituen, eta horrek PSDren eta CDSren arteko koalizioa hautsarazi zuen. Halere, garai hartan PSDko buru zenak, Pedro Passos Coelhok, Ventura babestu zuen. 2020an, jada Ventura Chegako burua zela, PSDk eta CDSk alderdi ultraeskuindarrarekin koalizioa egin zuen Azoreetako Gobernuan. Hain zuzen Rui Rio zen garai hartan PSDko presidente, zeina orain Ventura baztertzeko eskatzen ari den.

Montenegroren «neutraltasuna» ere anbiguotasun horren adibide dela uste du Carvalhok. Lehen ministroak esana du ultraeskuinari jarritako babes hesiari eusten diola, eta ez duela Chegarekin koaliziorik egingo. Halere, behin gobernura iritsita Chegaren diskurtsoa bere egin duela kritikatu du politologoak: «Ez dakigu Montenegro Chegaren ideien aurka dagoen edo onartu egiten dituen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.