Kazola hutsek eta bonba hotsek osatzen dute Gazako iruditeria; eta, halere, Israelgo agintari batzuek azken egunetan esan dute, ahoan bilorik gabe, zerrendan ez dagoela goseterik. Nazioartean, ordea, areagotzen ari da Tel Aviven aurkako presioa, eta gero eta herrialde gehiago ari dira Israeli publikoki errieta egiten. Hala, Israelgo Gobernuak atzo iragarri zuen modua emango duela Gazara airez laguntza humanitarioa botatzeko; Jordaniak eta Arabiar Emirerri Batuek izango dute horretarako baimena. UNRWA Palestinar Iheslarientzat Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari Philippe Lazzarinik ohartarazi du, ordea, neurri horrek ez duela egoera hobetuko. Are, abisatu du ondorio kaltegarriak izan ditzakeela: «Aire bidezko laguntzak gose diren palestinarrak hil ditzake».
NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek ez ezik, MSF Mugarik Gabeko Medikuak organismoak ere uste du arriskutsua izan daitekeela laguntza humanitarioa airetik botatzea, eta, zerrendako muturreko egoera aintzat hartuta, ez litzatekeela nahikoa izango. «Mundu guztia desesperatuta dago. Zaurgarrienek ziurrenik ezingo dute janaririk lortu, oso eszena kaotikoa izango baita», adierazi du elkarteko Palestinarako koordinatzaile Caroline Willemenek. Muturreko egoeraren erakusle da azken orduetan beste adingabe bat hil dela gosearen ondorioz, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Horren arabera, dagoeneko 124 pertsona hil dira zerrendan arrazoi beragatik; haurrak ziren horietatik 84. Eta aurreikuspenak are gogorragoak dira: Gazako Gobernuak esan du hilzorian daudela 40.000 jaioberri eta 60.000 haur baino gehiago.
Ohartarazpenak ohartarazpen, irudi du Tel Avivek aurrera egingo duela asteon iragarritako asmoarekin, eta Erresuma Batuak parte hartuko du. Hala jakinarazi du gaur hango lehen ministro Keir Starmerrek, telefonoz Alemaniako haren homologo Friedrich Merzekin eta Frantziako presidente Emmanuel Macronekin hitz egin ondoren. Londresen asmoa litzateke Jordaniarekin laguntza humanitarioaren banaketa «koordinatzea», eta premiazko osasun arreta behar duten adingabeak zerrendatik ebakuatzea.
Horrez gain, E3ko herrialdeek —horrela esaten zaio Alemaniak, Erresuma Batuak eta Frantziak osatzen duten talde estrategikoari— adostu dute plan bateratu bat lantzea etorkizunean «Gazako segurtasuna» bermatzeko, eta «bi estatuen konponbidea» bultzatzeko. Erabakia iritsi da, hain justu, Macronek iragarri ondoren Frantzia Palestinako Estatua aitortzekoa dela datorren irailean. Londresek eta Berlinek ez dute oraingoz Palestina herrialdetzat aitortzeko asmorik, argudiatuta ez dela horretarako «garai aproposa».
Maiatz amaieratik GHF Gaza Humanitarian Foundation taldeak soilik dauka zerrendan laguntza banatzeko baimena, eta ordutik mila palestinar baino gehiago hil dituzte horko kideek; izan ere, aintzat hartzekoa da AEBetako militar ohiek eta talde mertzenarioek osatzen dutela. Talde hori ez dago, ordea, zerrendako eremu guztietan; adibidez, Gaza iparraldean. Hango gazatarrek NBEren kamioien bidez soilik eskura ditzakete oinarrizko baliabideak, baina beren bizia arriskuan jar dezakete. Hain justu, gaur eremu horretako 24 palestinar hil dituzte Israelgo soldaduek, eta 300 baino gehiago zauritu, tiroz. Gazako Al-Shifa ospitaleko iturrien arabera, kamioi humanitarioak iritsi zain zeudela hil dituzte, Zikim postu militarretik gertu.
Aurrera egin ezinda
Duela bizpahiru egun, bazirudien aukera zegoela Hamasek eta Israelek beren desadostasunak bazter utzi, eta menia bat erdiesteko. Aukera horiek zapuztu egin dira azken orduetan, ordea. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk eta AEBetako presidente Donald Trumpek su etenerako «oztopo bat» izatea eta negoziazioak blokeatzen aritzea egotzi zioten atzo Hamasi. Gaur akusazio horiei erantzun die Palestinako erakunde islamistak, ohar baten bidez: «Hamas hasieratik egon da prest Gazaren aurkako erasoaldia amaituko lukeen akordio bat negoziatzeko. AEBei ahaztu zaie esatea Netanyahuren gobernua dela egiaz menia oztopatzen eta eragozten duena».
Komunikatuan azaldu dutenez, erakundeak begi onez jo zuen aztertutako tregoa proposamena, eta atal batzuk «fintzeko» baino ez zuen eskatu. Hauek lirateke atal horiek: Israelek NBEri baimena ematea Gazan laguntza humanitarioa banatzeko, eta mapa baten bidez adieraztea zein eremutatik aterako lituzkeen bere tropak. Tel Aviv ez legoke ados, hain justu, bi eskakizun horiekin.
Israelgo droneek ‘Handala’ ontzia inguratu dute
Askatasunaren Flotillak antolatutako Handala ontzia Gazara ailegatzear dago, baina han doazen nazioarteko ekintzaileek atzo jakinarazi zuten Israelgo hainbat drone ontzia inguratzen aritu direla azken orduetan. Helburua da Gazara laguntza humanitarioa eramatea. Joan den ekainean saiakera bera egin zuen Madleen ontziak, baina Israelek eraso egin zion ontziari, eta han zeuden ekintzaileak atxilotu eta kanporatu zituen.