Beste egun batez ezer jan gabe jarraitu, edo laguntza jasotzera joan eta tiroz hiltzeko arriskua hartu. Dilema horretan ikusi dute beren burua Gazako milaka eta milaka herritarrek azken hilabeteetan. GHF Gaza Humanitarian Foundation erakundea da zerrendan laguntza banatzeko Israelen baimena duen talde bakarra maiatz amaieratik; ordutik, laguntza jasotzera joandako ia 1.400 palestinar hil ditu Israelgo armadak, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako datuen arabera. Gaur bertan, gutxienez 57 pertsona hil dituzte zerrendan; horietatik 35, laguntza bila joandakoak; Al-Jazeera hedabideak eman ditu datu horiek, zerrendako osasun iturriak aipatuz. Hori dela eta, indarra hartu dute laguntza humanitarioa banatzeko sistema aldatzeko eskaerek. GHFk lehen NBE Nazio Batuen Erakundeak egiten zuen lana ordezteak zerrendan gosetea areagotzea eragin duela uste du Philippe Lazzarini UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari nagusiak.
%33
Egun bat baino gehiago jan gabe ematen duten gazatarren portzentajea. Gazako hiru biztanletik batek egun bat baino gehiago ematen du ezer jan gabe, hau da, gazatarren %33k. Datu horren berri eman du gaur Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak.
Gaur sare sozialetan salatu duenez, palestinarrei Gazan bizitzeagatik ezarritako «zigorra» da laguntza GHFren esku uztea. Asteon, Lazzarinik berak, Sky News Erresuma Batuko hedabideak egindako elkarrizketa batean, ziurtatu du NBEk baduela Gazan laguntza banatzeko gaitasuna: «Lehen ere erakutsi izan dugu herritarren beharrak ase ahal ditugula, baina, horretarako, UNRWAren beharra dago».
Israelek laguntza humanitarioaren sarbidea blokeatu zuen martxoan. Ia hiru hilabeteren ostean, GHFri eman zion laguntza banatzeko baimena —AEBetako militar ohiek eta mertzenarioek osatzen dute talde hori—. Beraz, duela bost hilabetetik, Gazan laguntza banatzeaz ez dira arduratzen ez NBE ezta bestelako GKE gobernuz kanpoko erakundeak ere, ordura arte egiten zuten moduan. Gainera, Israelek iazko urrian bi lege onartu zituen UNRWAri Israelen eta okupatutako lurraldeetan jardutea debekatzeko. Hala, NBEren agentzia hori ezin da Gazako laguntza humanitarioaz arduratu, eta ezin du zerbitzurik eman Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean. Horregatik nabarmendu du Lazzarinik UNRWA beharrezkoa dela Gazan laguntza banatzeko. Agentzia hori zen, debekua indarrean sartu arte, zerrendara laguntza gehien eramaten zuen erakundea.
Horrez gain, Sky Newseko kazetariak UNRWAko buruari galdetu zion ea zer esango liekeen AEB Ameriketako Estatu Batuetako eta Israelgo agintariei. Lazzarinik erantzun zuen Gazako gosetea «gizakiak helburu politikoekin sortua» dela, eta, beraz, gogorarazi zuen bide politikoetatik konpondu beharrekoa dela. Horren harira, Donald Trump AEBetako presidenteak prentsaurreko batean adierazi du Gazako herritarrak nola elikatu aztertzen ari dela Washington, eta hori dela Steve Witkoff Etxe Zuriaren Ekialde Hurbilerako mandatari bereziaren bidaiaren xede nagusia.
«Gerra amaitzeko plan bat»
Witkoff herenegun iritsi zen Israelera, eta atzo GHFren Gazako banaketa gune bat bisitatu zuen Mike Huckabee AEBen Israelgo enbaxadorearekin batera. Hamasek salatu zuen mandatari bereziaren bisita «propaganda hutsa» izan zela, eta Israel «zuritzea» zela helburua. UNRWArentzat, berriz, «bisita koreografiatu bat» izan zen. Gaur, Hamas erakunde islamistak bahitutako israeldarren senideekin bildu da Witkoff, eta ziurtatu die AEBek «gerra amaitzeko plan bat» dutela, eta gatibu guztiak etxera bueltan eramango dituztela. Israelgo Gobernuaren arabera, 50 bahitu israeldar daude oraindik Gazan, eta uste du horien erdiak baino gehiago hilik daudela.
Etxe Zuriaren mandatari bereziak egunotan egindako adierazpenetan aditzera eman du Hamas armak uzteko prest legokeela. Horren aurrean, erakunde islamistak ziurtatu du ez duela borroka armatua utziko «Jerusalem hiriburu duen Palestinako estatu independente eta subirano bat» ezarri bitartean. Hala azaldu du Telegramen zabaldutako ohar batean, eta gehitu du «erresistentzia ekintza» horiek «eskubide nazionalak» direla, Israelen okupazioak irauten duen artean.