Israelek Gazaren aurkako sarraskia abiatu zuenetik aurrenekoz, nazioarteko goi kargudun bat Gazan izan da: Ekialde Hurbilerako AEBen mandatari berezi Steve Witkoff. Hamasekin lotutako Al-Quds hedabideak zabaldutako bideo baten arabera, Witkoff GHF Gazan Humanitarian Foundation taldeak kudeatutako banaketa eremu batean izan da; halere, ibilgailu batetik grabatutako irudietan ikus daiteke ohi baino jende gutxiago dagoela bertan. Hamasek salatu du mandatari bereziaren bisita «propaganda hutsa» dela, eta Israel «zuritzea» dela helburua. Erakunde islamistak Palestinako Filastin egunkariari egin dizkio adierazpen horiek, eta gehitu du Witkoffek «okupatzaileak erakutsi nahi duen hori» baino ez duela ikusiko.
Mandatari berezia atzo iritsi zen Israelera, eta hango lehen ministro Benjamin Netanyahurekin bildu zen ailegatu eta gutxira. Ez zuten xehetasun handirik eman hitz egindakoari buruz; dena den, Witkoffekin batera sartu da Gazara, gaur, AEBek Israelen duten enbaxadore Mike Huckabee. Bisitaren ondoren sare sozialetan argitaratutako mezu batean, GHFk «lan ikaragarri ona» egiten duela esan du, eta adierazi du, ebidentziarik erakutsi gabe, egunean milioi erdi otordu banatzen dituela.
UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak uste du «bisita koreografiatu bat» dela haiena, eta Tel Avivi exijitu dio utz diezaiela nazioarteko hedabideei ere zerrendan sartzen. «Nazioarteko hedabideei Gazan sartzen ez uzteak informazio faltsua zabaltzeko arriskua areagotzen du, eta palestinarren despertsonifikazioa bultzatu», gaineratu du erakundeak.
Hain justu, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak jakinarazi du maiatzaren 27az geroztik 1.373 palestinar baino gehiago hil dituztela laguntza banatzeko eremuetan, horietatik gutxienez 859 GHF taldeak kudeatutako guneetan. Agentzia horrek egiaztatu ahal izan duenez, gehienak Israelgo armadako soldaduek hil dituzte. Tel Aviv behin eta berriz ahalegindu da gertaera horiek justifikatzen, argudiatuta Hamasek «kaosa» eragiten duela eremu horietan, eta soldaduek «abisu gisa» egiten dutela tiro, «inor zauritzeko edo hiltzeko» asmorik gabe.
Hilketa horien harira, HRW Human Rights Watch GKE gobernuz kanpoko erakundeak Israeli eta GHF taldeari leporatu die «gerra krimenak» egitea. Gaur kaleratutako txosten batean salatu duenez, erakundeak uste du Gazako egungo «muturreko egoera» Israelek gosea arma gisa erabiltzearen «ondorio zuzena» dela, eta Tel Avivi leporatu dio nahita trabatzea gazatarrek oinarrizko baliabideak eskuratzeko aukera. HRWk ondorioztatu du ekintza horiek guztiek «genozidioa» eta «palestinarren garbiketa etnikoa» sustatzen dituztela.
Nazioartea Israel estu hartzen ari da zerbait egin dezan gosetearen aurka; hala, igandean Israelgo Gobernuak baimena eman zuen laguntza humanitarioa aire bidez helarazteko. Jordaniak eta Arabiar Emirerri Batuak izan ziren lehenak; eta, asteon, beste zenbait estatuk ere erabaki dute zerrendara aire bidez laguntza bidaltzea, tartean dira Alemania, Frantzia, Espainia, Kanada eta Egipto.
Asteon iragarri zuen hango kantziler Friedrich Merzek zerrendara laguntza helaraztekoak zirela, eta gaur iritsi da: hamalau tona janari eta osasun baliabide bidali dituzte. Merzen laguntza eskaintzak erakusten du Israelekiko haserrea handitzen ari dela nazioartean; izan ere, Berlin da Tel Avivek Europan duen aliaturik sendoena. Bestalde, Alemaniako Atzerri ministro Johann Wadephul PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmmud Abbasekin elkartu da gaur, eta talde politiko horrek Gazan izan beharko lukeen lekuaz hitz egin du: «PAN da palestinarren interesak ordezkatzen dituen talde bakarra».
Eta Israel Gazan egiten ari den sarraskiaren beste adierazle bat da aurrenekoz Israelgo bi GKEk hango gobernuari leporatu izana «gerra krimenak» egitea —asteon egin dituzte adierazpen horiek—. Gainera, GKE horietako batek, B'Tselemek, gaur ohartarazi du Israel palestinarren «garbiketa etnikoa» sustatzen ari dela.
Erasoak Libanon ere
Israelek Libano hegoaldeari eraso egiten jarraitzen du, argudiatuta Hezbollah milizia xiitak «hainbat azpiegitura militar» dituela eremu horietan, eta «mehatxu bat» direla Israelgo Estatuarentzat. Bada, atzo iluntzean Libano hego-ekialdeko zenbait gune bonbardatu zituen, Libanoko Osasun Ministerioak gaur goizean jakinarazi duenez. Erakunde horrek adierazi duenaren arabera, lau pertsona hil ziren eraso horietan. Israelgo Defentsa ministro Israel Kaatzen esanetan, Hezbollahk «misilak ekoizteko» daukan azpiegiturarik handienari egin zioten eraso.
ESLOVENIAK DEBEKATU EGIN DU ISRAELERA ARMAK BIDALTZEA
Aurrerantzean, Esloveniak ez du armarik bidaliko Israelera, ezta hark ekoiztutakoak erosiko ere. Hala jakinarazi du gaur hango lehen ministro Robert Golobek, komunikatu baten bidez: «Israelek ez du modua ematen gazatarrek oinarrizko laguntza humanitarioa izan dezaten, eta, gainera, nahita ari da bizirik irauteko funtsezkoak diren baliabideak blokeatzen». Haren arabera, nazioarteko estatuek «neurriak hartzeko» betebeharra dute. Debekatuta egongo da, halaber, Israeldik datozen edo hara doazen armak herrialdetik igarotzea ere. Gainera, iragarri du datozen egunetan Israelen aurkako neurri gehiago hartzekoak direla.