2025. urterako munduko herritarren herenak-edo nolabaiteko ur eskasia jasango duela ondorioztatu dute. Kezkagarria deritzote. Eta bidegabea. «Izan ere, hau ez da ari gertatzen ur aski ez dagoelako, egin diren aukerak ez direlako egokiak izan baizik», eman zuen aditzera atzo IWMIko ordezkari David Moldenek. «Posible da ur urritasunaren arazoa arintzea». Horretarako, ordea, politika egokiak behar direla gogorarazi zuen. «Gainerakoan, oraindik ere jende gehiagok, bereziki behartsuenek, egin beharko diete aurre ondorioei».
EMARIAK NEURTZEN. Ikerketa egiteko, ibai eta erreketako emariak aztertu dituzte, aintzira eta paduretako ur kantitatea. Halaber, ur hornidurarako azpiegiturak aztertu dituzte. Publiko egin duten munduko mapa datu horietan oinarritu dute. Ur eskasiak dakartzan ondorioak nabarmendu dituzte. Egiptok, esate baterako, elikagaien erdiak inportatu egin behar dituela azaldu dute, eta zio nagusia hori ekoizteko ur falta dela.
Nekazaritzara eta abeltzaintzara bideratzen da urik gehiena, eta munduko populazioa gora ari den neurrian, premia gero eta handiagoa da. Horregatik, urari etekina ateratzeko politikak eta sistemak garatu behar direla gogorarazi dute. «Ur tanta bakoitzeko uzta gehiago ekoitzi behar dugu, okela eta esne gehiago, arrain gehiago», nabarmendu zuen atzo David Moldenek. Bide horretan erabaki «gogorrak» aurreikusi zituen.
Gai hauen gainean eztabaidatzeko, Stockholmen Uraren Mundu Asteko topaketa egiten ari dira aste honetan.