Hauteskundeak Kolonbian

Uriberen oinordeko Santos Kolonbiako presidente

Bigarren itzulia aise nagusitu zaio Antanas Mockus berdeen hautagaiari. Bere kontra gogor arituko dela ohartarazi dio FARCi. Aldiz, Venezuela eta Ekuadorri harremanak leuntzeko proposamena egin die.

2010eko ekainaren 21a
17:57
Entzun
Botoen %69 eskuratu ditu Juan Manuel Santos eskuinaren hautagaiak Kolonbiako presidentetzarako bigarren itzuliko bozetan, eta, horrenbestez, bera izendatuko dute lehendakari abuztuaren 7an. Alvaro Uribe presidentearen oinordekoa da Santos, eta, ondorioz, kolonbiarrek haren politika jarraitzearen alde egin dutela iritzi diote analistek.

Ildo horretatik, mezu gogorra helarazi dio FARCi garaipena berea dela jakin eta berehala: gerrillaren garaia amaitu dela ohartarazi dio, eta Uriberen agintealdiko indar beraz jardungo duela haien kontra -hain zuzen ere, gerrillekin agertutako gogortasuna izan da Uriberen ezaugarrietako bat-. Gainera, beste alderdiei, arlo horretan elkarrekin aritzearen aldeko deia egin dien, "batasun nazionalaren" aldekoa.

Uriberen Gobernuak harreman tirabiratsuak izan ditu Ekuador eta Venezuela bizilagunekin. Haiei harremanak leuntzeko proposamena egin die Santos presidente hautatu berriak.

Antanas Mockus berdeen hautagaiak botoen %27,5 eskuratu ditu bigarren itzuli honetan. Hauteskunde prozesu honetako ezustekoa Mockus izan da, lehen itzulia egin aurreko inkestetan Santos hautagai ofizialarengandik oso hurbil jartzen baitzuten. Gero, ordea, uste baino emaitza apalagoak izan ditu. Hala ere, pozik agertu da Mockus, eta Berdea Kolonbiako bigarren alderdia dela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.