Klima aldaketa

Urtean 100.000 milioi dolarreko inbertsioa klima aldaketari aurre egiteko

Txinako eta Frantziako estatuburuek herrialderik aberatsenei egin diete eskaria. Biek iragarri dute "aurrekaririk gabeko ahaleginak" egingo dituztela "belaunaldi berrien geroa bermatzeko", baina zehaztasun gehiagorik eman gabe.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Xi Jinping Txinakoa. JASON LEE, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko azaroaren 6a
09:13
Entzun

Euskal Herrian goizaldea zenean bildu dira Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Xi Jinping Txinako presidentea, eta orduan eman dute akordioaren berri ere. Dei egiten diete estaturik aberatsenei urtero 100.000 dolarreko inbertsioa egitera klima aldaketaren aurkako neurriak hartu ahal izateko. Inbertsio funtsak 2025era arteko iraupena izango luke. Horrez gain, Parisko Akordioa berresteko ere eskatu diete gobernuei.

Nazio Batuen Erakundeko Funts Berdea deritzonaren garrantzia nabarmendu dute. "Oinarrizkoa da edozein iturritatik datozen funts publikoak nahiz pribatuak mugitzea bai klima aldaketaren ondorioak murrizteko eta bai horietara egokitzeko. Beharrezkoak dira horiek garabidean diren herrialdeei laguntzeko ere", dio adostu duten idatziak.

Klima aldaketaren aurkako borrokarekiko konpromisoa agertu dute bi agintariek, eta "aurrekaririk gabeko ahaleginak" ere iragarri dituzte "belaunaldi berrien geroa bermatzeko" helburuarekin, baina zehaztasun gehiago eman gabe. Aldi berean, eskatu diete estatu, gobernu eta gobernuz kanpoko erakundeei jakinaraz dezatela luzera begira zer estrategia dituzten berotegi efektua eragiten duten gasak murrizteko.

Hain zuzen ere, gehien kutsatzen duten herrialdeetako batek, AEBek, Parisko Akordioa uzteko prozedura abiatu eta hurrengo egunean heldu da Frantziaren eta Txinaren eskaria. Herenegun egin zuen agerraldia Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak, Nazio Batuen Erakundeari 2015ean sinatutako akordioa uzteko eskaria bidali ziotela jakinarazteko. Pompeoren arabera, itunak "karga ekonomiko jasanezin bat" sortzen die AEBei.

Donald Trumpek bultzatutako mugimenduak kritika ugari eragin ditu nazioartean; besteak beste, Aurtengo COP25 klima larrialdiaren aurkako goi bileraren antolatzaileenak, Espainia eta Txilerenak. 2015ean Parisen bildutakoek helburu nagusi bat ezarri zuten: Lurraren tenperatura bi gradu baino gutxiago handitzea 2100. urterako. Munduan isurtzen den CO2aren %15ren erantzule dira AEBak, eta kolpe gogorra da herrialde ia guztiek sinatu zuten itunarentzat, Kyotoko Protokoloa ez bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.