Gaza iparraldeko Beit Hanun herria sarraldia egin du Israelgo Armadak gaur goizean, eta gutxienez bost palestinar hil ditu, haietatik lau adingabekoak.
Palestinako Osasun Ministerioko iturriek agertu dutenez, tanke baten jaurtigaiak bete-betean jo du hildakoen etxea; zendutako adingabekoek urtebete, 7 urte, 14 eta 16 zituztela zehaztu dute iturri horiek. Halaber, sei lagun zauritu dituzte eraso berean, eta horietatik hiru larri daude Palestinako Osasun Ministerioaren arabera.
Lekukoek agertu dutenez, Israelgo Armadako tankeek hainba aldiz egin dute tiro Beit Hanungo hegoaldeko auzoetan. Helikopteroen laguntza izan dute tankeek.
Israelek ez ditu heriotza horiek baieztatu. Beit Hanun inguruan dabilela onartu du, "mehatxuei aurre egiteko", baina beste zehaztasunik eman gabe. Hala ere, "eremu jendentsuetan aritzen diren terroristek zibilak arriskuan jartzen dituzte", ohartarazi du Israelgo Armadak.
Ekialde Hurbila