Ustelkeriagatik erruduntzat jo dute Israelgo lehen ministro ohia

Beste bi auzitan, ordea, absolbitu egin dute Ehud Olmert, eta hiru urteko espetxe zigorra ezar diezaiokete

Erredakzioa
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Ehud Olmert Israelgo lehen ministro ohia erruduntzat jo dute ustelkeria kasu batean. Industria ministro zela lagun baten enpresari faboreak egin zizkiola frogatutzat jo dute epaileek, eta uste onaren iruzurra egitea egotzi diote. Olmert, baina, gustura agertu da epaiarekin, beste bi auzi larriagotan absolbitu egin dutelako. «Duela lau urte, hedabide guztietan diruz betetako zorroen inguruko artikuluak idatzi zituzten. Ez zegoen diruz betetako zorrorik. Bat bera ere ez. Auzitegietan frogatu da ez zegoela diruz betetako zorrorik. Ez nuen iruzurrik egin».

Hiru urteko espetxe zigorra ezarri diezaiokete Olmerti errudun jo duten kasuagatik. Ez dute zehaztu noiz emango duten zigorraren berri. Israelgo historian lehen aldiz zigortu dute lehen ministro ohi bat, baina, epaia garaipena da Olmertentzat. Batik bat, 2007 amaieran lehen ministro gisa dimisioa ematera behartu zuen Talansky auzian absolbitu egin dutelako. Lehen ministro ohiak errugabetzat jo du bere burua auzi guztietan.

Morris Talansky enpresari estatubatuarrak Israelgo lehen ministro ohiari dirutza eman ziola azaldu zuen epaileen aurrean. Olmertek baina, diru hori kanpaina politikoetan erabili zutela azaldu du, eta ez zuela bere burua aberasteko erabili. Epaileek ondorioztatu dutenez, fiskalek ezin izan dute frogatu ordainketa horiek legez kanpokoak izan zirenik.

Olmerten aurkako ustelkeria salaketak argitara atera zirenean dimisioa eman zuen, bere izen ona garbitu nahi zuela argudiatuta. 2009ko martxoa bitartean jarraitu zuen karguan behin-behinean. Orduan egungo lehen ministro Benjamin Netanyahuk hartu zuen lekukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.