Ustelkeriaren kontrako borroka «irmoaren» faltan, gidaritza eskatu du Transparency Internationalek

Urtero kaleratu ohi duen txostenean, gobernuz kanpoko erakundeak agerian utzi du ustelkeriak okerrera egin duela munduan. «Kezkatuta» dago Mendebaldeko demokraziek hartu duten bidea dela eta.

Ustelkeriaren kontrako manifestazio bat Serbian, artxiboko argazki batean. ANDREJ CUKIC / EFE
Ustelkeriaren kontrako manifestazio bat Serbian, artxiboko argazki batean. ANDREJ CUKIC / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko otsailaren 10a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Transparency International gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi du ustelkeriaren kontrako gidaritza itzulinguruka dabilela nazioartean, eta horrek «ahuldu» egiten duela hari buru egiteko gaitasuna; «mehatxua» ere bada, munduan zehar erreformak bultzatzeko «presioa» arintzen baitu. Galdera ere bota du erakundeak: nork hartuko du «lidergo irmoa» ustelkeriaren kontrako borrokan?

Ustelkeriari buruzko urteroko txostena kaleratu du Transparency Internationalek; hain zuzen, ustelkeriaren gaineko pertzepzioaren indizea deritzo horrek darabilenari, eta 0tik («erabat ustela») 100era («oso garbia») bitarteko puntuazioa eman die 182 estaturi. Horien guztien batezbestekoa ere egin du: 42 puntu. Duela hamar urte pasatxotik hona ez da halako datu txarrik egon.

Herrialdeei erreparatuz gero uler daiteke joera hori: batetik, zerrendako bi estatuen herenek 50 puntu baino gutxiago jaso dituzte; bestetik, zerrendaren gorenean zenbait herrialdek ere galdu dute punturen bat edo beste —80 puntu baino gehiago zituztenak hamabi ziren duela hamar urte, eta bost besterik ez iaz: Danimarka, Finlandia, Singapur, Zeelanda Berria eta Norvegia—.

Duela hamarkada pasatxoko datuekin alderatuz gero, 50 herrialdek egin dute okerrera ustelkeriaren gaineko pertzepzioaren indizean, baina arrazoia ez da bera kasu guztietan. Badira aspaldi behera eta behera egiten hasi ziren herrialdeak. «Egiturazko» gainbeheragatik dela azaldu du Transparency Internationalek, eta zenbait kasutan gatazkek larriagotu dute ustelkeria —Venezuela, Siria, Hungaria eta Hego Sudan aipatu ditu—.

Eta badira kasu berriagoak, zerrendaren goiko aldean egonagatik ere garai bateko postuetatik «nabarmen» irrist egin dutenak. Izan ere, erakundearen hitzetan, «kezkagarria da» Mendebaldeko demokraziek hartu duten bidea, indizeak behera egin baitu zenbait herrialdetan: Ameriketako Estatu Batuetan, Kanadan, Erresuma Batuan, Frantzian, Suedian eta Zeelanda Berrian. Ustelkeriaren arriskuak demokraziak «estutu» ditu, polarizazio politikoak eta inbertsio pribatuen eraginak gora egin baitute: «Joera horrek erakusten du sistema sendoenak ere ahulak izan daitezkeela». Inoizko puntuaziorik txikiena izan dute AEBek eta Erresuma Batuak: 64 eta 70, hurrenez hurren.

Transparency Internationalek faltan sumatzen du «gobernantza ona», agintariek «boterea pilatzen» dutelako segurtasuna, ekonomia edo geopolitika kontuak argudiatuta: «Gehiegitan, aukerakotzat dituzte gardentasuna, miaketa independenteak eta herritarrekiko erantzukizuna», esan du txostenean. 

139

Zenbat kazetari hil dituzten Ustelkeria gaiez arduratzen ziren 150 kazetari hil dituzte 2012az geroztik, Kazetariak Babesteko Batzordearen arabera. Horietatik 139 ustelkeria maila handia duten herrialdeetan hil dituzte —ustelkeriaren gaineko pertzepzioaren indizean 50 puntu baino gutxiago dituztenetan—.

Hobera egin dutenak

50 herrialdek egin dute okerrera, eta 31k hobera, 2012ko neurketarekin alderatuta. Kasu horretan ere bereizketa bat egin du gobernuz kanpoko erakundeak. Batetik, zerrendaren beheko aldetik gorantz egin dutenak, nahiz eta oraindik ere erdialdeko postuetan dauden —«ustelkeriaren kontrako ahaleginak hauskorrak dira»—; eta, bestetik, zerrendaren erdiko postuetatik gorantz egin dutenak, «gobernantza garbiaren» aldeko erreformak onartu dituztenak.

Erakundearen arabera, ustelkeria «ez da saihetsezina». Erreforma legalek eta instituzionalek bai, laguntzen dute indizearen puntuazioa hobetzen, eta politikarien eta legelarien «ahaleginek» eman dute horretarako modua; ustelkeria kroniko egin den edo indizea beherantz doan herrialdeei dagokienez, berriz, zenbait faktore hartu behar dira kontuan: «Demokrazia kontrolatzeko bideak mugatzea, justiziaren politizazioa, prozesu politikoetan eskua sartzea, eta espazio zibikoa ezin babestu ahal izatea».

Gazteak, protestan

Ustelkeriaren gaineko pertzepzioak «nabarmen» okerrera egin duten herrialde gehienei dagokienez, adierazpen askatasuna eta elkartzekoa mugatzeko «patroi kezkagarriak» antzeman ditu Transparency Internationalek. Halakoetan zailagoa izaten da ustelkeria salatzea, eta errazagoa «agintari ustelek» beren boterea «oker» erabiltzea.

Arriskuak ere badakartza horrek: «Herritarren kezkei erantzunik ematen ez dieten gobernuak eraits ditzakete protestek», esan du gobernuz kanpoko erakundeak. Adibideak ere eman ditu: iaz, gazteak agintarien kontra altxatu ziren Serbian eta Perun, erantzukizuna eskatzeko; Nepalen eta Madagaskarren, esaterako, protestek bide eman zioten aldaketa politikoari. «Manifestari talde horiek arrazoi jakin batengatik batu ziren: boterean zeudenek aginteaz abusatzen zutelako beren onurarako, eta ez zutelako eskaintzen zerbitzu publiko egokirik, ekonomia egonkorrik eta biztanleriarentzako aukerarik». 35 puntu baino gutxiago eman dizkie aipatutako lau herrialdeei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.