Francisco Campsek Valentziako Generalitateko presidente kargua hartu zuen atzo, Gorteen kanpoan ehunka 'haserretuk' protesta egiten zuten bitartean; gobernuan ustelkeria kasuetan sartuta dauden politikoak egotea salatzeko. Horrekin batera, Valentziako Auzitegi Nagusiak Camps Gurtel auzitik kanpo uztea erabaki du. Horren arrazoia Ministerio publikoak kasuaren inguruan eginiko txostenean «ekintza konkreturik» egotzi ez izana dela azaldu dute.
Madrilgo Antonio Pedreira ikerlariak ezarritako irizpideei jarraituta hartu du erabakia Valentziako Auzitegi Gorenak. Camps beste eroskeria kasu batean ikertzen ari badira ere hori ez dela Gurtel auzian sartzeko nahikoa arrazoi deritzo Pedreirak. Hala ere, Generalitateko beste bi kargu garrantzitsu auzian mantenduko dituzte.
Vicente Rambla presidenteordea eta Valentziako Gorteetako presidente ohi Milagrosa Martinez kasutik baztertzeko eskatu zuen PP Alderdi Popularrak, baina ez dute lortu. Ramblak hauteskunde delituak eta Orange Marketek kontratu publikoak lortzeko dokumentu faltsuak egin zituela dioen txosten bat du Auzitegi Gorenak. Martinez, berriz, Turismo sailburua zela Orange Marketek kontratuak lortzeagatik opariak jasotzeaz akusatu dute.
«Soiltasuna»
Campsek kargua hartzeko hitzaldian «gobernu soila eta leiala» sortuko duela jakinarazi du. Helburua lortzeko, sailburu, goi kargudun, aholkulari eta gastu gutxiago izango dituztela gaineratu du. Horrekin batera, «haserrea» konpromiso eta errespetu bihurtuko duela ere esan du.
Jendea haserrarazi behar duena langabezia dela dio, eta lan gehiago sortzeko neurriak hartuko dituela. Milaka lagunek kritikatu duten hiru eleko hezkuntza ereduaz ere mintzatu da, eta lan mundura zuzendua dagoela argudiatu du.
'Haserretuak'. Katalunia
Valentziako presidente kargua istilurik gabe hartu du Campsek
Valentziako Auzitegi Gorenak jakinarazi du presidentea 'Gurtel auzitik' kanpo uztea erabaki duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu