Herrialde Katalanak

Valtonyc abeslaria etxera itzuli da, sei urte erbestean eman ondoren

Besteak beste, Espainiako koroari irain egitea leporatuta hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten Espainiako epaileek 2018an, baina Belgikak uko egin zion hura estraditatzeari.

Valtonyc, atzo, Palmako aireportuan. CATI CLADERA / EFE
Edu Lartzanguren.
2023ko urriaren 30a
11:42
Entzun

«Sei urte!, Sei urte! Putakumeak! Ez dago eskubiderik!»; hegazkinean egin zituen hitzok atzo Josep Miguel Arenas Valtonyc rap abeslariak, Vilaweb atariaren arabera. Izan ere, sei urte erbestean eman ondoren, atzo itzuli zen Mallorcara, jaioterrira. Hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten 2018an Espainian, bere abestietan terrorismoaren gorazarrea, mehatxuak eta Espainiako koroari irain egitea leporatuta. Egotzitakoak preskribatu ostean itzuli da musikaria.

Atzo goizean iritsi zen Palmako aireportura, eta hantxe bertan egin zioten lehenengo ongietorria. Sei urtez ezin izan zuen familia ikusi, eta ama ere hil zitzaion, hari agur esateko aukera izan gabe. Senideak besarkatu zituen, ezer baino lehen.

«Penagarria da hona heldu ez izana Espainiako autokritika egin duelako, eta abeslariak zigortuz akats bat egin zuela onartu duelako», esan zuen orduan. «Haatik, Belgika gauza izan da bere zigor kodea aldatzeko, koroari eginiko irainen delitua kentzeko». Izan ere, Valtonycen aferak lurrikara bat eragin zuen Belgikako legedian, 2021. urtean: hango Auzitegi Konstituzionalak indargabetu egin zuen erregearen aurkako irainen legea, adierazpen askatasunaren aurkakoa dela adierazita.

Flandrian hartu zuen babes musikariak, Espainiako Auzitegi Gorenak bere kontrako zigorra berretsi, eta kartzelara sartzeko epea bukatzen zitzaion egunean. Epaile espainiarrek hainbat aldiz eskatu zioten Belgikari artista estraditatzeko. Azkenean, legea aldatuta, herrialdeak behin betiko baztertu zituen musikaria estraditatzeko eskaerak, ezin delako inor entregatu beste estatu bati, hari leporaturikoa ez bada delitua Belgikan.

Valtonycek gogoan hartu zuen atzo Pablo Hasel musikaria, eta hura askatzeko eskatu zuen. Abestietan «terrorismoa goratzeagatik» eta Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari eginiko jazarpenaren aurkako protesta batean parte hartzeagatik zigortu zuten Hasel. Bi urte baino gehiago eman du preso Haselek, eta bost urte inguru eman behar ditu oraindik.

Erbestean bizitzea «oso gogorra» izan dela esan zuen atzo Valtonycek, baina «merezi izan» duela gaineratu zuen.

Erreakzio politikoak eragin ditu abeslariaren itzulerak. «Ongi itzuli zure herrira, geurea ere badena. Zurekin denok itzultzen gara apur bat. Eskerrik asko erbeste bidegabeari aurre egiteagatik, eta geuri laguntzeagatik inoiz amore eman gabe. Ohorea izan da bidaia partekatzea», idatzi zuen larunbatean Puigdemontek.

Arnaldo Otegik ere txio batekin zoriondu zuen atzo musikaria: «Itzuli eta berriz hasi, erori eta altxatu, erori eta altxatu».

Besteak beste, No al borbó abestian esandakoengatik zigortu zuen Espainiak musikaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.