Adierazpen askatasuna

Valtonyc ez dute Espainiaratuko

Bere abestietan "terrorismoa goratzea" egotzita hiru urte eta erdiko zigorra jarri zion Espainiak. Belgikak ez du onartu Espainiaratzeko eskaera, baina Fiskaltzak helegitea jarriko duela iragarri du.

Valtonyc, gaur, auzitegira iritsi denean. STEPHANIE LECOCQ
2018ko irailaren 17a
11:57
Entzun

Josep Miquel Arenas Valtonyc-i (Sa Pobla, Mallorca, Herrialde Katalanak, 1993) hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten udaberrian, bere abestietan "terrorismoaren gorazarrea", mehatxuak eta Espainiako koroari irain egitea leporatuta. Maiatzaren 24an, kartzelara sartzeko epea bukatzen zitzaion egunean, erbestera jo zuela jakinarazi zuen berak.

Espainiak egin zuen atxilotze eta Espainiaratze eskaerari ezezko erantzuna eman dio Ganteko (Flandria) lehen instantziako auzitegiak. Espainian terrorismoa eta beste delituak egozteko baliatutako gertaeran han ez dira delitu, eta beraz, ez dute euroagindu espaera onartu. Han bizitzen jarraitu ahalko du, beraz, rap abeslariak.

Gonzalo Boye, Paul Bekaert eta Simon Bekaert dira Valtonyen abokatuak. "Epaileak esan duena oso argia da", esan du Boyek", hau adierazpen askatasuna da, eta abestien letrek ez daukate eduki kriminalik".

Ez da Belgikako auzitegi batek Espainiaren euroagindu eskaera bati ezezkoa erantzuten dion aurreneko aldia. Maiatzean bota zuen atzera Toni Comin, Lluis Puig eta Meritxell Serret Kataluniako Gobernuko kontseilari kargugabetuen aurkako euroagindua. Gainera, Kataluniako auziarekin lotutako beste auzi bat ere badago Belgikako auzitegietan. Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak eta haren gobernuko kontseilari izandako Toni Comin, Meritxell Serret, Lluis Puig eta Clara Ponsatik euro bateko kalte-ordain sinbolikoa eskatuz Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epailearen kontrako salaketa jarri baitzuten, beren errugabetasun presuntzioa urratzea egotzita.

Bestetik, Valtonyc-en kontrako auzia ez da Espainiako auzitegiek kulturgileren baten kontra abiatutako auzi bakarra. Hain justu, joan den astean atxilotu zuten Willy Toledo epailearen aurrera eramateko —gero libre utzi zuten—. "Jainkoa iraintzea" egotzi zioten hari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.