Venezuela, Washingtonen uberan

Delcy Rodriguezen gobernua Donald Trump AEBetako presidentearen aldera lerratu da azken hilabeteetan. Venezuela irten egin da Nazioarteko Zigor Auzitegitik, eta Israeli ere keinu bat egin dio.

Bi manifestari Caracasen, iragan larunbatean, AEBen aurkako pintaketa baten aldamenean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Bi manifestari Caracasen, iragan larunbatean, AEBen aurkako pintaketa baten aldamenean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko abuztuaren 6a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtarrilaren 3an AEB Ameriketako Estatu Batuek Nicolas Maduro Venezuelako presidentea bahitu eta atxilo eraman zutenetik, asko zatitu da chavismoa. Delcy Rodriguez jarduneko presidenteari kritika ugari egin dizkiote, eta era askotarikoak —traizio hitza ere erabili dute batzuek—; besteak beste, jarduneko gobernuak hartu duen bidea kritikatu dute, eta AEBek erabaki horietan daukaten eragina salatu. Baina gaur egun argi dagoen gauza bakarra da Hugo Chavezen aterkipean bateratua iraun zuen mugimenduak haustura politikoa izan duela.

Haustura hori, esaterako, Maracayko adierazpena izeneko dokumentuak erakusten du. Chavismoan erreferente izandako 29 politikarik zabaldu zuten ohar hori, eta sinatzaileek «irmo» errefusatu dute Venezuelaren gaineko «edozein kontrol edo menderatze».

AEBetako eta Venezuelako gobernuetako ordezkariak asteon bilduko dira, Venezuelan hauteskundeak egiteko «trantsizioa lantzeko» asmoz. Delcy Rodriguez bera eta haren anaia Jorge Rodriguez Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidentea joan dira gobernu chavistaren aldetik. Eta Dinorah Figuera oposizioko kidea ere bertan izango da, Washingtonek gonbidatuta.

Maria Corina Machado ultraeskuineko politikari eta oposizioko liderra, ordea, ez da izango bileran. Agintea hartu nahi du Venezuelan, eta askotan bildu da Trumpekin, baina Etxe Zuriko maizterrak ez du halakorik nahi. «Uste dut oso zaila izango litzatekeela harentzat [Machadorentzat] liderra izatea. Ez du herrialdearen babesik, ezta errespeturik ere», esan zuen Trumpek urtarrilaren 3an, AEBek Venezuelari eraso egin eta Nicolas Maduro presidentea bahitu zutenean.

Bestalde, azkenaldian chavistek ezbaian jarri dituzte Rodriguezek hartutako hainbat erabaki, eta salatu Washingtonen eraginpean hartu dituela erabaki horiek ere. Uztail amaieran, esaterako, Rodriguezek NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiari leporatu zion «Hegoaldeko» herrien aurka egin izana, besteak beste Venezuelaren aurka, eta jakinarazi zuen aurrerantzean Venezuela erakunde horretatik kanpo egongo dela —AEBek begi onez ikusi dute erabaki hori; haiek ere ez dira auzitegiko kide—.

Venezuelako telebistan zuzenean egindako agerraldi hartan, Rodriguezek adierazi zuen ez duela halako instituzioetan sinesten; izan ere, haren ustetan, NZAk eraso egin dio Venezuelari. «Nazioarteko zuzenbidea errespetatzea oinarri duen harreman batean sinesten dugu», nabarmendu zuen.

Rodriguezek baino ordu batzuk lehenago, Felix Plasencia Venezuelako Atzerri ministroak esan zuen Erromako Estatututik ateratzeko erabakia ezin zela atzera bota, irmoa zela. Izan ere, haren hitzetan, Hagako auzitegiak «lerratuta» jokatzen du, eta neurriz kanpo jarduten du Afrikako eta Hego Amerikako herrialdeetan. Eta salatu zuen instituzio horrek «nazioarteko justiziarekin zerikusirik ez duten interes batzuei» erantzuten diela.

Horri erantzunez, NZAk adierazi zuen oraindik ez duela jaso Caracasen jakinarazpen ofizialik —NBEren Hitzarmenen Sailaren bidez egin behar da hori—. Baina, hala ere, azpimarratu zuen herrialde guztiek daukatela eskubidea nazioarteko tratatu batean sartzeko bezala irteteko ere.

Nolanahi ere, gogorarazi zuen Erromako Estatutuaren arabera itunetik irteten den herrialdea ez dela ofizialki irtengo jakinarazpen ofiziala egin eta urtebete igaro arte. Horregatik, nabarmendu zuen Venezuelak betebehar batzuk izango dituela oraindik ordura arte, eta azken urteetan abiatu dituzten ikerketetan eta prozeduretan lankidetzan aritu beharko duela.

Horrekin lotuta, Hagak abenduan jakinarazi zuen itxi egingo zuela Caracasen zeukan bulegoa. Instituzio horretako fiskalaren laguntzaile Mame Mandiaye Niangek azaldu zuen «konpromiso iraunkorra» izan dutela Venezuelako agintariekin, baina NZAk ondorioztatu zuela erronka «handia» dela oraindik elkarren osagarri izatea; alegia, leporatzen zaizkion krimenak «serio» ikertzeko hartutako konpromisoa bete dezala eskatzen dio Hagak Caracasi, eta NZAk ez du uste Caracasek lan hori egin duenik.

Estrategia horrek are argiago erakusten du Caracas Washingtonen atzerri politiketara lerratu dela azkenaldian, eta harremanari berrekin diotela. Esate baterako, Marco Rubio AEBetako estatu idazkariak duela aste gutxi adierazi zuen NZAko funtzionarioak «zoroak eta alditsuak» direla, eta ohartarazi zuen auzitegiak ondorioak jasango zituela jurisdikzioa egiten ahalegintzen baziren.

(ID_15986664) VENEZUELA EEUU

Kyle Haustveit AEBetako Energia idazkariordea eta Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidentea ekainean, bilera batean. EFE

Era berean, kontuan hartu behar da Donald Trump AEBetako presidenteak hainbat aldiz egin duela Venezuela anexionatzeko mehatxua. Esate baterako, abuztuaren 1ean, AEBetako mapa bat zabaldu zuen, eta, bertan, Venezuela AEBetako banderarekin agertzen zen, 51. estatua izango balitz bezala.

Iragan astean, Rodriguezek AEBetako Time aldizkariari elkarrizketa batean adierazi zion bere gaur egungo eta etorkizuneko estrategia herrialdean «bakea eta lasaitasuna bermatzea» dela, baita «ongizate soziala eta ekonomikoa» ere. «Espero dut Venezuela ez bihurtzea beste edozein herrialderen agenda politikoaren peoi», gaineratu zuen Venezuelako jarduneko presidenteak.

Nolanahi ere, elkarlanean aritu dira bi gobernuak azkenaldian. Ekainean, esaterako, AEBek Hector Guerrero Flores hil zuten, Tren de Aragua talde kriminaleko burua. Trumpek orduan jakinarazi zuen Venezuelako Gobernuarekin elkarlanean egindako ekintza bat izan zela.

Horrez gain, aurrez Israelgo Gobernuari ere keinu bat egin zion Rodriguezek. Izan ere, ekainean Venezuelako kostaldea astindu zuten lurrikaren harira, Israelek Laguntza eta Sostengu Tekniko-humanitarioaren ordezkaritza bidali zuen Venezuelara. Venezuelako jarduneko presidentea Tel Aviveko estatu indarretako ordezkariekin bildu zen Caracasen, eta eskerrak eman zizkien. Aitortza horrek esanahi handia dauka. Izan ere, Venezuelako Gobernua oso kritikoa izan da urte luzeetan Israelekin. 2009ko urtarrilean, adibidez, Hugo Chavezek, artean Maduro Atzerri ministro zela, Israelekiko harreman diplomatikoak eten zituen. Orduko hartan, Israelek mila lagun inguru hil zituen Palestinan hiru aste eskasean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA