Kolonbia behin-behineko kideak hala eskatuta, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak larrialdizko bilera bat egin du, Ameriketako Estatu Batuen erasoaren legezkotasunari buruz eztabaidatzeko. Samuel Moncada, Venezuelak NBEn duen enbaxadorea, han izan da: salatu du Washingtonen erasoak ez duela inolako «justifikazio legalik», eta agerian utzi kolokan daudela Venezuelaren subiranotasuna, nazioarteko legediaren «sinesgarritasuna» eta Segurtasun Kontseiluaren beraren «autoritatea».
Moncadaren ustez, Venezuela «okupatzeko» saiakera da asteburukoa, eta Nicolas Maduro presidentea preso hartu izana «aurrekari arriskutsua» da. AEBek Maduroren immunitatea errespetatu dezatela exijitu du, eta berehala aska ditzatela bai presidentea eta bai haren emazte Cilia Flores. Delsy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidentearen alde ere hitz egin du: «Jarraitutasun instituzionala, egonkortasuna eta barne bakea bermatuko ditu».
Mike Waltz AEBek Nazio Batuen Erakundean duten enbaxadoreak AEBetako armadaren operazioa justifikatu du: «Maduroren erregimena ez zen legitimoa». Haren esanetan, kontinentea «desorekatzen» zuen. Gogorarazi du hainbat herrialdek ez zutela aitortu Maduroren garaipena duela bi urteko presidentetzarako hauteskundeetan, eta ez zela estatuburua, «droga trafikatzailea» baizik: «Urte luzez, Madurok eta bere gertukoek hauteskundeak manipulatu dituzte, botereari legitimitaterik gabe eusteko».
Halaber, berretsi du AEBen asmoa ez dela Venezuela «okupatzea», eta asteburuko erasoaldia ez dela herrialdearen kontrako «gerra»; Waltzen hitzetan, «legea betearazi» nahi izan dute: «Narkotrafikatzaile bat atxilo hartu dugu gure herritarren kontra egin dituen krimenengatik, legea errespetatuz». Azaldu du Donald Trump AEBetako presidenteak «diplomaziaren» aldeko jarrera erakutsi duela orain arte: «Saiakera ugari egin zituen. Madurok uko egin zien. Trumpek argi utzi zuen narkoterrorismoa gerarazi egin behar zela; hala ere, bere horretan jarraitu zuen». Estatubatuarrak «babesteko» ekintza dela nabarmendu du, justiziarengandik «ihesi» izan baita —AEBek duela bost urte leporatu zizkioten droga delituak Madurori—.
Waltzek iradoki du «etorkizun hobea» nahi dutela Venezuelarentzat: eskualdea «orekan jarriz» eta «gune seguruago» bihurtuz lortu nahi dute hori. Erantsi du «bakea, askatasuna eta justizia» merezi dutela venezuelarrek, eta petrolioari buruz ere hitz egin du: «Energia erreserbarik handienak ezin dira AEBen etsaien esku egon».
Vassili Nebenzia Errusiaren ordezkariak salatu du Maduroren kontrako «oldarraldia» izan dela asteburukoa, eta ez dagoela «krimen» hori «justifikatuko» duenik: ohartarazi du Washingtonen ekintzek bueltan ekarriko dutela «legerik gabeko garaia», zeina «AEBek indarrez eta kaos bidez azpiratuko» duten, hain zuzen ere. Agerian utzi du Washingtonek «selektiboki» jardun duela nazioarteko legediari dagokionez, eta horrek «hauspoa» emango diola «neokolonialismoari eta inperialismoari». Segurtasun Kontseiluaren jarduna nabarmendu du, horixe bera baita «modu bakarra» AEBek men egin dezaten: «Elkarrizketaren bidez konpondu behar da, [NBEren] Gutunean dago jasota». Sun Lei Txinaren ordezkariaren laguntzaileak esan du «aldebakarreko» operazioa izan dela AEBena, eta «ilegala», gainera: «Ekintza militarrak jarri dituzte ahalegin diplomatikoen gainetik».