Venezuelako Atzerri Ministerioak premiazko bilera bat egitea eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari. Izan ere, Venezuelan sartzen edo handik irteten diren petroliontziak blokeatzeko agindua eman zuen astearte gauean AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek.
Asteartean eman zuen aginduaren berri Trumpek, Truth Social sare sozialean. Etxe Zuriko maizterraren esanetan, «Hego Amerikaren historian inoiz bildu den armadarik handienak» inguratuta dauka Venezuela, eta bertan hedatzen jarraituko duela ohartarazi zuen, «chavismoak lapurtu dituen petrolio, lur eta aktibo guztiak itzuli arte».
«Segurtasun Kontseiluarekin premiazko bilera bat egitea eskatu dugu, Venezuelako Errepublika Bolivartarraren aurkako erasoaz eztabaidatzeko, eta nazioarteko legedia berrezartzeko beharrezko neurriak hartzeko», dio Venezuelako Atzerri ministroak, NBEren Segurtasun Kontseiluari biltzeko eskatzeko zabaldu duen oharrean.
Nabaria da bi herrialdeen arteko tentsioa Trumpek AEBetako armada Karibeko eta Ozeano Bareko uretara bidali zuenetik. Ordutik, hainbat ontziri egin die eraso «narkotrafikoaren aurkako operazioak» direla argudiatuta. Gaur goizaldean egin du ontzi baten aurkako azken erasoa, eta lau pertsona hil ditu, armadak berak jakinarazi duenez. Guztira, 99 pertsona hil dira jada AEBek irailaz geroztik egin dituen erasoetan.
Venezuelako presidente Nicolas Madurok maiz adierazi du bere herrialdeak bide diplomatikoa hartu nahi duela. «Gerra? Ezetz esan dugu», adierazi du Venezuelako telebistan. Hala, Madurok NBEren idazkari nagusi Antonio Guterresekin hitz egin zuen atzo gauean telefonoz, «AEBen mehatxuen goraldia» dela eta. Caracasek zabaldutako ohar batean dioenez, NBEek Trumpen adierazpenak «kategorikoki arbuiatu behar dituela» nabarmendu zuen Madurok, Guterresi egindako deian.
Caracasen esanetan, Guterresek «nazioarteko eskubideekiko konpromisoa» berretsi zuen dei horretan, eta «edozein motatako konfrontazioa saihesteko beharra» azpimarratu. «Idazkari nagusiak jakinarazi zuen egoeraren jarraipena egingo duela, eta Segurtasun Kontseiluan gai horri heltzearen alde egingo duela, diplomazia eta eztabaiden konponbide baketsua lehenetsita, egoera baretu dadin».
Trump, bestalde, nazioari mintzatu zitzaion atzo, Etxe Zurian emandako prentsaurreko batean, baina ez zion Venezuelari aipamenik egin.
Nazioartearen erantzuna
Zenbati herrialdek —hala nola Errusiak, Frantziak eta Erresuma Batuak— aspaldi egin zuten Karibeko uretan Trumpek hasi zuen «droga trafikoa eragozteko kanpaina» horren aurka. Eta gaur, petroliontziak blokeatuko dituela esan ostean, Txinaren, Errusiaren eta Iranen kritikak jaso ditu Etxe Zuriko maizterrak, besteak beste.
Txinako Atzerri Ministroak, adibidez, babesa eman dio Venezuelako haren homologoari, ohar batean adierazi duenez. «Txina aldebakarreko jazarpen ororen aurka dago, eta herrialde bakoitzaren subiranotasunaren eta duintasun nazionalaren defentsa babesten du».
Errusiako Atzerri Ministerioak, berriz, gaur adierazi du Mosku «arduratuta» dagoela AEBen erabakiak mehatxua direlako nazioarteko nabigaziorako. Eta gaineratu du espero dutela Trumpek «hutsegite larririk» ez egitea. «Venezuela gure aliatua da», gogoratu du Errusiako Gobernuaren bozeramaile Dimitri Peskovek. Iranek, bestalde, gaitzetsi egin du AEBen erabakia, ohar batean, eta «nazioarteko eskubidean aitortzen diren printzipioak eta arauak nabarmen urratzea» egotzi die AEBei.