Venezuela

Venezuelako Auzitegi Gorenak VP alderdiaren zuzendaritza ezeztatu du

Abenduko hauteskundeetarako zuzendaritza berria ezarri beharko du orain alderdiak.

VP alderdiaren aldeko prentsaurrekoa, otsailean, Caracasen. MIGUEL GUTIERREZ, EFE
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 8a
13:12
Entzun

Leopoldo Lopez oposizioko liderraren VP Herri Borondatea alderdiko zuzendaritza ezeztatzeko agindua eman zuen atzo Venezuelako Auzitegi Gorenak. Alderdiak Guillermo Luces, Jose Gregorio Noriega eta Lucila Pacheco diputatuak kaleratu zituen “Chavismoarekin” bat egiteagatik, eta, orain, haien esku utzi du Gorenak alderdiaren zuzendaritza.

Zuzendaritza batzorde berri batek hartuko du alderdiaren agintea, eta Jose Gregorio Noriega izango da burua. Auzitegiak azaldu du idazkari nagusi berria Guillermo Luces izango dela, eta antolakuntza idazkaria, berriz, Lucila Pacheco; ezeztatu egin baitu hiru alderdikideen kaleratzea. Era berean, zuzendaritza batzorde berriak alderdiaren orain arteko “leloak, sinboloak, koloreak eta beste edozein kontzeptu” erabiltzeko eskubidea izango du.

Gorenaren erabakiak haserrea piztu du alderdiaren barruan. Leopoldo Lopezek adierazi du zuzendaritzako kide berriak “Venezuelako herriaren traidore” direla eta “toga jantzita daramaten gaizkileen” laguntza dutela. Juan Guaidok, urtarrilean utzi bazuen ere alderdia, arbuiatu egin du Gorenaren epaia, eta Maduroren Gobernuaren aurka jo du. Guaidoren hitzetan alderdiak “ez die diktaduraren inposizoei men egingo”, eta tinko jarraituko du “Venezuelaren askatasunaren alde” borrokan.

Herri Borondateak, ordea, beste epaiketa bat du oraindik aurrean. Fiskal nagusiaren eskariz, Auzitegi Gorena ikertzen ari da ea alderdia “erakunde terroristatzat” har daitekeen. Erabaki horrek alderdia desegitea ekar lezake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.