Venezuelako oposizioak «behin-behineko» presidentegai bat erregistratu du azken orduan

PUDek Edmundo Gonzalez Urrutia izendatu du presidentetzarako bozetarako hautagai; salatu du ezin izan dutela Corina Yorisen hautagaitza aurkeztu. Aldi berean, Manuel Rosalesek ere izena eman du.

Venezuelako Hauteskunde Batzorde Nazionala arduratzen da hautagaitzak onartzeaz. RAYNER PEÑA R. / EFE
Venezuelako CNE Hauteskunde Batzorde Nazionala arduratzen da hautagaitzak onartzeaz. RAYNER PEÑA R. / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko martxoaren 27a
11:00
Entzun

Venezuelako presidentetzarako hauteskundeetarako hautagaiak aurkezteko epea herenegun amaitu zen. Oposizioko koalizio PUD Plataforma Unitario Demokratikoak, baina, ezin izan zuen bere hautagai Corina Yorisen izena eman epea amaitu aurretik. Horregatik, azken unean, Manuel Rosalesek —hura ere koalizioko kidea— bere burua aurkeztu zuen. Azkenean, baina, CNE Hauteskunde Batzorde Nazionalak luzapena eman zion PUDi eta, bart, Edmundo Gonzalez Urrutiaren izena eman zuen. «Behin-behineko» hautagaia dela jakinarazi du koalizioak, eta «hauteskunde ibilbidearen barruan mantentzeko» aurkeztu dutela.

Maria Corina Machadok irabazi zituen PUDen primarioak, baina inhabilitatuta dago, eta ezin da bozetara aurkeztu. Horregatik, joan den astean, Corina Yoris izendatu zuen bere ordezko. Iragan ostegunean ireki zuten bozetarako hautagaien izena emateko epea, eta herenegun zen amaitzekoa —atzo Euskal Herrian—. Koalizioak etengabe salatu du tarte horretan hautagaiak aurkezteko sistemak ez diela utzi Yorisen izena ematen. Azkenera arte saiatu ziren, baina epea amaitzear zela ere ezin izan zuten izendapena aurkeztu: «Postulazioak aurkezteko epea bukatzeko hamar minutu baino gutxiago falta direla, Nicolas Madurok [Venezuelako presidenteak] inoiz ez digu onartu postulazio sistemarako sarbidea batasunaren [PUD] hautagaitza erregistratu ahal izateko», salatu zuten X sare sozialean.

Orduan, Manuel Rosalesek bere burua aurkeztea erabaki zuen: «Azken minutuetara arte aritu ginen aurrez aukeraturiko hautagaiaren [Corina Yoris] izena emateko aukera nabarmentzen, baina ez zen posible izan. Minutu gutxi falta ziren, eta erabakia hartu behar nuen: Zuliara joan [estatu horretako gobernadorea da], edo Venezuelaren alde aurpegia eman. Hemen nago guztiok desiratzen dugun aldaketa eraikitzeko». Horrela defendatu zuen bere burua aurkeztu izana atzo egindako agerraldian.

Rosales UNT Garai Berri Bat alderdiaren izenean aurkeztu da —alderdi hori PUD koalizioaren parte da—, eta nabarmendu zuen bere asmoa ez dela «inori lidergoa kentzea» —Machado eta Yorisi aipamen eginez—. UNTko hautagaia Hugo Chavesen aurkari nagusia izan zen 2006ko hauteskundeetan: botoen %36 eskuratu zuen, eta Chavesek, %62. Aurtengo bozetarako, PUDek ez du bere hautagaitza babestu.

Hautagaitzak aurkezteko epea amaitu eta hamabi ordu geroago — atzoko eguerdia Venezuelan, iluntzea Euskal Herrian—, CNEk presidentegai bat aurkeztea ahalbidetu zion PUDi. Koalizioak Urrutiaren izendapena eman zuen, MUD Batasun Demokratikoaren Mahaia alderdiaren ordezkari gisa. Koalizioak X sare sozialean adierazi moduan, izendapen horrek modua emango die «hauteskunde ibilbidearen barruan» jarraitzeko, eta antolakuntza politikoaren izendapena mantentzeko «hautagaitza bateratua erregistratzea lortu arte».

Koalizioak Urrutiaren izendapena ordezkatu ahal izango du apirilaren 1etik aurrera, baldin eta CNEk hautagaitza onartzen badu. PUDen behin-behineko hautagaia Venezuelako enbaxadore izana da Aljerian (1991-1993) eta Argentinan (1998-2002). Venezuelako zenbait hedabidek «estalki hautagai» moduan definitu dute Urrutia; hau da, uste dute, azkenean, Yorisek edo PUDeko beste hautagairen batek ordezkatuko duela.

Nazioartetik, salaketak

Hamahiru hautagai lehiatuko dira datorren uztailaren 28an egingo dituzten presidentetzarako hauteskundeetan. Horietatik bederatzi Maduroren gobernuarekin lankidetzan jardutea adostu dutenak dira; horiei alacranes deitu izan diete (eskorpioiak), oposizio gisa aurkeztu baina ofizialismoaren laguntzaile izatea egotzita. Beste bi oposizio moderatuaren parte dira —Rosales eta Enrique Marquez—, eta Urrutia —edo haren ordezkoa— izan daiteke oposizio gogorrenaren ordezkaria. Azken hautagaia egungo presidentea da, Nicolas Maduro, PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batukoa.

Maduroren gobernuari kritika ugari egin dizkiote nazioartetik. Hauteskunde prozesua dela-eta jaso ditu salaketa horiek; egozten diote oposizioari aurkeztea oztopatu nahi izatea. Esaterako, EB Europako Batasunak prozesu «opaku eta irregular» gisa definitu du. Horregatik, azkenaldian, zenbait zigor ezarri dizkiote EBk eta AEB Ameriketako Estatu Batuek Latinoamerikako estatu horri.

13

Venezuelako bozetarako izena eman duten hautagaien zenbatekoa.

Egungo presidente Nicolas Maduroz gainera, beste hamabi hautagai erregistratu dituzte uztailaren 28ko presidentetzarako hauteskundeetarako.

Kritikak egin dituzten herrialdeen artean, Brasil eta Kolonbia ere badaude. Madurorengandik gertuen agertu izan diren gobernuetako bi dira Luiz Inacio da Silva Lula-rena eta Gustavo Petrorena. Oraingoan, aldiz, zalantzan jarri dute Venezuelako hauteskunde prozesua. Atzo idatzi bana argitaratu zuten bi herrialdeetako Atzerri Ministerioek. Brasilgoak «kezka» agertu du ikusita PUDek ezin izan zuela bere hautagaitza aurkeztu. Halere, haren ustez, Caracasi zigorrak jartzea ez da soluzioa; hori «legez kontrakoa» dela eta «soilik herritarren sufrimendua areagotzea» ekarriko lukeela dio idatziak.

Kolonbiako Atzerri Ministerioak, bestalde, uste du oposizioaren hautagaitza oztopatzeak eragina izan dezakeela «nazioarteko komunitateak [Venezuelarekiko] duen konfiantzan». Horregatik, hauteskunde «libreak, justuak eta lehiakorrak» egin beharra defendatu du ministerioak.

Maduroren gobernuak bi herrialdeen kritikak gaitzetsi ditu, Venezuelan «eskua sartzea» egotzita. Era berean, Bogotari leporatu zion AEBei «atsegin eman» nahi izatea. Eta Brasiliari ere jakinarazi zion kritika horrek AEBek «diktaturikoa» zirudiela. Halere, Lularen gobernuari esker hitzak ere esan zizkion Venezuelako Atzerri ministroak, AEBek ezarritako «zigorrak eta blokeo kriminala» gaitzesteagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.