Venezuelako Parlamentuak aho batez onartu zuen atzo amnistiarako lege proiektua; egitasmoa eztabaidatzeko bi saioetatik lehena izan zen, eta gehiengo chavistadun ganberak bide eman zion proposamena lege bihurtzeko prozesuari. Azken 27 urteetan espetxeratutakoei eragingo lioke amnistiak, Hugo Chavezek presidente kargua hartu eta gero (1999-2013) espetxeratutakoei, hain zuzen ere.
Hilabete igaro da Delcy Rodriguez jarduneko presidente izendatu zutenetik, eta haren gobernuak egin du lege proiektua. Ez dute jakinarazi testu horren edukirik, baina diputatu batek EFE berri agentziari esan dionez, hamahiru artikulu ditu «bizikidetza demokratikorako amnistiarako lege proiektuak», eta egitasmo horren «arrazoia, helburuak, aplikatzeko printzipioak eta horiek interpretatzekoak» ezartzen ditu. Parlamentuko bigarren eta azken saioan aztertzekoak dira lege proiektua, okerrik ezean, behin betiko onartu aurretik.
Rodriguezek «heldutasun politikoa» eskatu zuen chavismoa eta oposizioa «adiskidetu» daitezen: «Bi aldeok adiskidetu behar dugu. Ez ezazue galdu aukera hau; eskua luzatzen ari gatzaizkizue». Jorge Rodriguez parlamentuko buru eta jarduneko presidentearen anaiak ere zera adierazi zuen bilkuran: «Barkamena eskatu dugu, eta barkatu ere egin behar dugu. Presoak ez zaizkit gustatzen». Halaber, «zauriak sendatzeko» beharraz ere aritu zen, eta joan zen urtarrilaren 3ko erasoaldia gogoratu zuen: egun horretan, Ameriketako Estatu Batuetako armadak 120 venezuelar hil zituen, eta Nicolas Maduro presidentea bahitu.
Oposizioko diputatuek «bermeak» eskatu zituzten, aske geratutako presoak «errepresaliari» beldur ez izateko, eta guztiei «baldintza beretan» ezarri diezaieten. Jarduneko presidenteak esan zuen parlamentuko saioa «taxuzkoa» izan zela, eta politika kontuak «venezuelarren artean» eztabaidatzea zein garrantzitsua den nabarmendu zuen.
Jorge Arreaza diputatuak, zeinak hainbat kargu bete zituen Chavezen eta Maduroren agintaldietan, aurkeztu zuen lege proiektua parlamentura, eta azaldu amnistiak ez diela eragingo honako hauek leporatzen dizkieten presoei: giza eskubideen urraketa larriak, gizateriaren kontrako krimenak, gerra krimenak, nahita egindako homizidioa, ustelkeria eta droga trafikoa.
Venezuelako Zigor Foroa gobernuz kanpoko erakundearen arabera, urtearen hasieran mila bat «preso politiko» zeuden herrialdean, eta dagoeneko 383 askatu ditu gobernuak; aste honen hasieran jakinarazi zuenez, oraindik 687 geratzen dira espetxeetan.