CNEk erabaki hori hartu du gobernuak eta hauteskundeetara aurkezteko asmoa duten oposizioko hautagaiek akordio bat egin ondoren, Tibisay Lucena CNEren presidenteak jakinarazi duenez. MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiak, oposizioko plataforma nagusiak, boikoterako deia egina zuen apirileko presidentetzarako hauteskundeetarako. Horregatik, Nicolas Maduro egungo presidente eta hautagai chavista arerio handirik gabe aurkeztekoa zen.
Madurok proposatu zuen parlamenturako hauteskundeak eta udaletakoak ere apirilaren 22an egitea, baina CNEk joan den ortziralean ezezkoa eman zion eskari horri, "teknikoki hagitz zaila" zela argudiatuta. Dena den, Delcy Rodriguez Batzar Konstituziogileko presidenteak erran zuen CNEk eztabaidatuko zuela "datarik egokiena" zein zen.
Akordio batek aldatu du hauteskundeak antolatzeko eginbeharra duen erakundearen jarrera. Henri Falcon AP Aurrerapen Progresista alderdiko burua da gobernuarekin ituna egin duen oposizioko kide nagusia. MUDeko kide zen AP, baina hauteskundeetara aurkeztea erabaki ondoren, plataformatik atera da.
2015eko hauteskundeen ondoren MUDek 105 legebiltzarkide lortu zituen, eta horietako hiru ziren APkoak —hogei alderdi inguruk osatzen zuten MUD orduan—. Falcon, Lara estatuko gobernadore izan zen iaz arte.