Washington eta Teheran, atzera negoziazio mahaira

Steve Witkoff eta Abbas Araghtxi bihar bilduko dira, Iranen programa nuklearrari buruzko negoziazioei berrekiteko. Iran eta AEBak ez dira ados jarri gai zerrendari buruz; Teheranek ez du eztabaidatu nahi misil ahalmena murrizteari buruz.

Andre bat AEBen eta Iranen arteko negoziazioak irudikatzen dituen mural baten parean oinez, gaur, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Andre bat AEBen eta Iranen arteko negoziazioak irudikatzen dituen mural baten parean oinez, gaur, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko otsailaren 5a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bihar urtebete atzera egingo dute Washingtonek eta Teheranek, nahiz eta ez dituzten ahaztuko orain arteko tartean gertatutakoak. Iaz bilera sorta bat egin baitzuten Ekialde Hurbileko herrialde horren programa nuklearrari buruz eztabaidatzeko, duela hamar urte egin bezala, akordioren bat sinatzeko asmoz; baina Ameriketako Estatu Batuek Irani ezarritako atzerako kontaketa zerora heldu zen, eta Israelek eta AEBek berek eraso zioten; beraz, hutsean geratu zen diplomazia. Dena dela, bihar, beste behin, Steve Witkoff Etxe Zuriaren Ekialde Hurbilerako ordezkariak eta Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak elkarrizketei ekingo diete, Omanen.

Oraindik ez dute zehaztu zer eztabaidatuko duten, biek argi izanagatik ere zeintzuk diren jorratu beharrekoak. Iranek bere programa nuklearraz hitz egin nahi du; AEBek ere bai, eta, horrez gain, Iranen misilen programa eta hark Ekialde Hurbileko aliatuei ematen dien babesa ere negoziatu nahi dituzte.

Elkarrizketetarako herrialde bitartekariek —Qatarrek, Turkiak eta Egiptok— behintzat gai zerrenda bat proposatu diete Teherani eta Washingtoni, negoziazioen bueltako iturriek Al-Jazeera hedabideari jakinarazi diotenez: batetik, uranioa are gutxiago aberastea; bestetik, misil balistikoak ez erabiltzea; eta, azkenik, Iranek ez ditzala armaz eta diruz hornitu Erresistentziaren Ardatzeko miliziak. Horrela deritzo hark babesten dituen talde armatuen koalizioari: Hamas, Palestinako Jihad Islamikoa, Libanoko Hezbollah, Yemengo huthiak eta Irakeko miliziak. Halaber, elkarri eraso ez egiteko akordioa ere proposatu dute bitartekariek.

Bide orriaren arabera, ituna sinatuz gero, Iranek ez luke uranioa aberastuko hiru urtez, eta jarraian %1,5era mugatuko luke horretarako ahalmena. 2015eko akordioan zehaztu zuten ezin zuela %3,67 baino gehiago aberastu uranioa.

AEBek, Txinak, Errusiak, Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak negoziatu zuten akordio hori Iranekin; Donald Trump AEBetako presidentea Etxe Zurira lehenbizikoz heldu eta gero (2017-2021), ordea, Washington akordiotik atera zen, eta zigor ekonomikoak ezarri zizkion bere kasa. Hein batean, akordioaren helburua zera zen: 2006an NBE Nazio Batuen Erakundeak ezarritako zigor ekonomikoak kentzea, zeinak ezarriak zizkion Iranek orduko hartan uranioa aberasteari uko ez egiteagatik.

Ituna bertan behera geratu ostean, Iranek programa nuklearra garatzeari ekin zion. Eta iazko ekainean, AEBek Irango zenbait azpiegitura nuklearri egin zien eraso, arma nuklearrak garatzeko ahalmena handitzen ari zela argudiatuta. Izan ere, %60 aberastutako 400 kilogramo uranio pasatxo zituen, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak iazko maiatzean kaleratutako txosten baten arabera —ekaineko erasoaldiaz geroztik, NBEren agentzia horrekin lankidetza eten zuen Iranek—. Uranio erreserba horiek beste herrialde batera eramateaz negoziatzekoak dira biharkoan.

Aintzat hartzekoa da Iran dela, arma nuklearrik ez duten herrialdeen artean, uranioa maila horretaraino aberastu duen herrialde bakarra. %90 aberastu beharko luke uranioa bonba nuklear bat egiteko, baina esan izan du erabilera zibilerako soilik erabiliko lukeela programa nuklearra.

Hori ikusita, eta erasoaldiaren ondoren ere akordiorik lortu ez zela ikusita, Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak NBEren zigorrak bueltan ezartzeko prozesuari ekin zioten: irailean, Segurtasun Kontseiluak zigorrak ezarri zizkion Teherani, hamar urtez etenda egon eta gero.

«Ekintza militarra»

James David Vance AEBetako presidenteordeak elkarrizketa bat eskaini zuen atzo telebista kate batean, eta esan zuen elkarrizketen helburu nagusia zera dela: Iranek arma nuklearrak garatzea galaraztea. Saiatuko direla negoziatzen, baina ez dutela ezer baztertuko: «[Trumpek] Pentsatzen badu ekintza militarra dela bide bakarra, azkenerako hori aukeratuko du».

Hain zuzen ere, urte hasieran Irango krisialdi ekonomikoa dela-eta protestak gorenean zirenean, Trumpek irandarrei esan zien bidean zela «laguntza»; joan zen astean, Washingtonek USS Abraham Lincoln hegazkinontzia bidali zuen Arabiako itsasora, bide batez elkarrizketei berrekitea behartzeko. AEBetako NBC telebista kateak Trumpi egindako elkarrizketa baten aurrerapena kaleratu zuen atzo, eta bertan esan zuen Ali Khamenei Irango lider gorenak «oso kezkatuta» egon beharko lukeela.

AEBetako presidenteak ziurtatu izan du Iranen programa nuklearra «suntsitu» zutela ekaineko erasoaldian —hiru azpiegitura nuklear bonbardatu zituzten—, baina argudiatu Teheranek hura garatzeari ekin diola, eta akordioa adostu behar dutela berandu baino lehen, arma nuklearrak ez ditzan garatu.

Bilera baino lehen, Abdorrahim Musavi Irango armadako jeneralak esan du «disuasio ahalmena» hobetu dutela misil balistikoen programaren bidez, «alderdi tekniko guztiak» findu baitituzte. Irango Guardia Iraultzailearen base batera atzo egindako bisita batean, «etsaiaren edozein ekintzari» kontra egiteko prest daudela ziurtatu zuen, Irango Mehr albiste agentziak jaso zuenez.

2.000 kilometroko irismena duten misilak dauzka Teheranek, Israelera aise heltzeko modukoak; argi geratu zen hori ekaineko erasoaldian, Israelen misilei erantzun zienean. AEBek, Israelen aliatu nagusia diren aldetik, horrexegatik nahi dute bihar ekingo dieten negoziazioetan misilen auziaz hitz egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.