AEB-ak

Watergateko lapurretaren antolatzaileetako bat hil da: Gordon Liddy

90 urte zituen Liddyk, eta Richard Nixon presidentearen aholkularietako bat izan zen. Bost urteko kartzela zigorra bete zuen konspirazioaz, lapurretaz eta entzuketak egiteaz akusatuta.

Bi emakume Nixonen dimisioaren berri ematen duen egunkariak irakurzen, 1974an. EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko martxoaren 31
11:50
Entzun

AEBetako presidente Richard Nixonen dimisioa eragin zuen Watergate auziaren atzean egon zenetako bat izan zen Gordon Liddy. 90 urte zituen, eta AEBetan bizi zen, Virginian. Haren semeak eman du heriotzaren berri.

1930ean jaio zen Liddy, New Jerseyn. Aurrerago bere autobiografian aitortuko zuenez, Adolf Hitlerren hitzaldiak entzun ohi zituen, gehiengo alemaniarra zuen haren auzoan gehienek bezala. «Herrialde oso bat aldatu eta hura zulotik indartuta ateratzeko indarra duen inor bada, pertsona bat da», idatzi zuen hari buruz Will liburuan.

Zuzenbidea ikasi zuen Liddyk, eta 1968an Nixonen presidentetzako kanpainan aritu zen lanean. Kanpainan egindako lanari esker bere aholkulari aukeratu zuen buruzagi errepublikanoak. Etxe Zurian, eta Howard Huntekin batera, oposizioaren aurkako «gerra zikina» bultzatu zuten, eta muturreko hainbat proposamen bultzatu, Nixonen aurkariak hiltzetik gerraren kontrako mugimendua bultzatzen zutenak bahitzeraino.

Egitasmoetako bat izan zen Alderdi Demokrataren egoitzatik, Watergatetik, haien dokumentuak lapurtzearena. Plana Liddyk berak eta Huntek zuzendu zuten. Auzia argitara atera zenean, biak atxilotu zituzten, lapurretan parte hartu zuten beste bost lagunekin batera. Konspirazioa, lapurreta eta entzuketak egitea egotzi zieten. Hogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten Liddyri, baina bost bakarrik bete zituen, 1977an Jimmy Carter presidenteak zigorra barkatu baitzion.

Liddy izan zen akusatuetatik deklaratzeari uko egin zion bakarra. Beranduago, elkarrizketa batean, berriz egingo zukeela esan zuen: «Bizi behar nuen bezala bizi izan naiz».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.