World Central Kitchenek boluntarioen hilketari buruzko ikerketa independente bat eskatu du

Gazan «egiaz zer gertatu den» azaltzea nahi du GKEak. Etorkizunean halako erasoak izatea eragotzi nahi dutela esan du.

World Central Kitchen GKEaren autoa, Israelen erasoen ondorioz txikituta, herenegun. MOHAMMED SABER / EFE
World Central Kitchen GKEaren autoa, Israelen erasoen ondorioz txikituta, herenegun. MOHAMMED SABER / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko apirilaren 4a
16:35
Entzun

Astelehen gauean baieztatu zuten WCK World Central Kitchen GKE gobernuz kanpoko erakundearen hiru autoren aurka egin zuela Israelgo armadak Gazan, aire eraso baten bitartez. Hiru ibilgailuak suntsitu, eta laguntza humanitarioa banatzeaz arduratzen ziren zazpi boluntario hil zituzten. Hilketa horiek harrabotsa piztu dute azken egunetan. GKEak «ikerketa independente bat» abiatzeko eskatu du gaur, zazpi lagun horien hilketan «egiaz zer gertatu den argitzeko».

WCKren eskariaren helburua da jakitea «erasoak nahita egin ziren eta nazioarteko zuzenbidea nolabait urratu duten», Javier Garcia eta Erin Gore erakundeko zuzendariek sinatu eta gaur kaleratutako oharrean adierazi dutenez. Ikerketa era independentean eginez gero, «gardentasuna bermatu» ahalko da prozesuan,  erakundearen iritziz. Are gehiago, WCKren aburuz, boluntarioen inguruko ikerketa horrek modua eman dezake «etorkizunean laguntza humanitarioa ematen duten langileen aurkako erasoak eragozteko».

Israelgo Gobernuak erasoen biharamunean eman zuen erantzuna, eta aitortu armadak hil zituela boluntarioak. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk «nahi gabe gertatutako ekintza tragikotzat» jo zuen, eta «gerra garaian gertatzen diren gauzak» direla gaineratu. Are gehiago, Israelgo armadak atzo kaleratutako lehen ikerketaren arabera, «gaizki identifikatu» zituztelako egin zuten tiro. GKEak Netanyahuren hitzak arbuiatu ditu, eta adierazi «hainbatetan su egitearen ondorioz egindako ekintza militar bat» izan zela erasoa.

Laguntza humanitarioa banatzeaz arduratzen ziren boluntario horietatik hiru palestinarrak ziren, eta beste laurak, Australiako, Poloniako, Erresuma Batuko eta Kanada eta AEB Amerikako Estatu Batuetakoak ziren. Hilketek hautsak harrotu dituzte, laguntza humanitarioa ematen duten palestinarrak ez diren lehen biktimak izan direlako, besteak beste, eta, gainera, Israelekin elkarlanean aritzen zelako GKEa, gaurko oharrean berriz azpimarratu dutenez. Izan ere, WCKren autoek erakundearen irudia zuten, eta haien ibilbidea aurretik Israelekin adostua zuten —WCK-k eta Tel Avivek baieztatu dute hori—.

Nazioarteko babesa

Gertatutakoa argitzeko ikerketa bat eskatu eta Israelen hitzak arbuiatzeaz gain, oharrak beste xede bat du: ikerketa independente baterako eskariarekin bat egiteko eskatu die WCK erakundeak boluntarioen sorterriei. AEBetako Defentsa idazkari Lloyd Austinek ikerketa «azkar eta gardena» eskatu dio Israeli.

WCK ez da herrialde horiei ekiteko eskatu dien bakarra. AI Amnesty Internationalek Nazioarteko Justizia Auzitegira jotzeko eskatu dio Australiari: «[Australiako lehen ministro Anthony] Albanesek 'erantzukizun osoa' eskatzeak ez du ezertarako balio Nazioarteko Justizia Auzitegiari ikerketa abiarazteko eskatu ezean». Albanesek, berriz, Netanyahuren hitzak arbuiatu ditu, eta esan kooperanteen hilketak «gerraren testuinguruan justifikatzea ez dela nahikoa».

GERRA KRIMENAK LEPoratu dizkiote Israeli

HRW Human Rights Watch erakundeak, berriz, Israeli leporatu dio gerra krimenak egin izana iazko urriaren 31n. Tel Avivek Nuseiraten —zerrendaren erdialdean dago— zibilez beteriko eraikin bat suntsitu zuela argudiatu du HRWek. Eraikinean «helburu militarrik» ez zegoela esan du erakundeak. 106 lagun hil zituzten eraso hartan. Lekukoekin hitz egin eta orduko irudiak aztertu ostean egin du salaketa erakundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.