Koronabirusa

Wuhanen apirilaren 8an amaituko dute konfinamendua

Wuhango Hubei eskualdean, berriz, bihar bertan bukatuko dute berrogeialdia. Joan den asteazkenetik kasu berri bakarra baieztatu dute han.

Honda enpresako langileak bazkaltzen Wuhanen (Txina), atzo, segurtasun tartea errespetatuz. YI XIN / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 24a
14:32
Entzun

Txinan hasiak dira ikusten pandemiaren amaiera. Azken hilabeteotan ospetsu egin dira Wuhan hiria eta Hubei eskualdea koronabirusa zabaltzen hasi zen tokia izateagatik, baina jada badituzte konfinamendua amaitzeko datak: Hubein, bihar bertan irten ahalko dira kalera 70 milioi herritar; eta Wuhanen, berriz, apirilaren 8ra arte itxaron beharko dute hiriko 11 milioi biztanleek. 

Hala, Txinak baieztatu du birusa kontrolatutzat daukala, pandemiak gogorren jo dituen eskualdeetan ere bizimodu normalari ekiteko lehen pausoak ematen hasiak baitira. Ez da motza izan konfinamendua: Wuhanen urtarrilaren 23an ezarri zuten, eta handik bi egunera zabaldu zuten agindua eskualde osora.

Orduan, konfinamenduaz gain, garraio publikoa bertan behera utzi zuen Txinako Gobernuak, baita hiritik irten behar zuten hegaldi eta tren guztiak ere; birusa eskualdetik ez irtetea zen asmoa. Ez da neurri oso arrakastatsua izan, ordea: koronabirusak 380.000 pertsona baino gehiago kutsatu ditu munduan, eta, oraingoz, 16.500 pertsona hil ditu.

Salbuespen neurriak amaitzeko erabakia azken egunetan erregistratutako datu positiboen ondorioa da. Joan den asteko asteazkenetik Wuhanen kasu berririk iragarri gabe zen Txinako Gobernua, nahiz eta gaur bertan baieztatu duten kasu berri bat, mediku batena.

Kode berdea

Dena den, herritarrek ez dute berehala berreskuratuko mugimendu askatasuna. Oraingoz, osasuntsu daudela erakusten duten herritarrek soilik izango dute Hubeitik irteteko baimena, eta hori mugikorrerako aplikazio baten bidez kontrolatuko du gobernuak. Hubeitik irten nahi duen herritarrak bere datuak sartu beharko ditu app-ean, eta, hark ondorioztatzen badu ez dagoela arriskurik, kode berde bat emango dio. Hainbat baldintza bete behar dira kode hori jasotzeko: birusak asko eragin duen eskualde batean ez egon izana, gaixoren batekin harreman zuzenik ez eduki izana eta azken egunetan sintomarik sentitu ez izana.

Ikastetxeak ere itxita edukiko dituzte, oraindik ere, Hubein. Txinako 31 eskualdetatik 24tan hasi dira jada berriz klaseak ematen, martxoaren 10etik egoerak nabarmen hobera egin duela eta.

Azken 24 orduetan, Txina osoan, zazpi pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz, eta gobernuak beste 78 kasu baieztatu ditu. Horietatik 74, ordea, atzerritik joandako pertsonetan. Horregatik, atzerritik iritsitakoei berrogeialdiak ezartzen hasi dira. Gaur baieztatutako lau kasu horien aurretik, gobernuak sei egun zeramatzan gobernuak beste kasurik baieztatu gabe. Orain, birusaren beste gorakada bat etetea da helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.