Yemen: gerra zibil bat beste gerra zibil baten barruan

Yemengo hegoaldean petrolio asko dago. Hango sezesioaren ondorioz, hautsi egin da Arabiar Emirerri Batuen eta Saudi Arabiaren arteko aliantza.

Arabiar Emirerri Batuetako emirraren argazki bat eta herrialde horretako banderak, Sokotrako hiriburu Hadibon. RICARD GONZALEZ
Arabiar Emirerri Batuetako emirraren argazki bat eta herrialde horretako banderak, Sokotrako hiriburu Hadibon. RICARD GONZALEZ
Ricard Gonzalez.
Sokotra (Yemen)
2026ko urtarrilaren 10a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sokotra uhartedian, desagertu egin dira Yemengo bandera guztiak, nahiz eta ofizialki herrialde horren menpekoa den. Eraikin ofizialetako sarreran, polizia eta soldaduen uniformean eta are uhartediko futbol estadio nagusian, herrialdeko bandera kendu eta beste bat jarri dute haren ordez: triangelu urdin argi bat du, eta izar gorri bat triangeluaren erdian. Hego Yemengo bandera da: errepublika sozialista bat izan zen, eta 1967tik 1990era arte iraun zuen, britainiar deskolonizazioa izan eta Yemen batu zen arte. Ez alferrik, Sokotran babes handia ematen diote hegoaldearen sezesioari. Nolanahi ere, baliteke hori laster aldatzea. Saudi Arabiak babestuta, Yemengo Gobernuak —nazioarteko komunitateak aitortua duen horrek— kolpe gogorra eman die gudu zelaian subiranotasunaren aldekoei.

2017an, mugimendu sezesionistak Hegoaldeko Trantsizio Kontseilua sortu zuen, eta azken urteetan talde horrek entitate politiko ia subirano bat sortzea lortua zuen Yemengo hegoaldeko toki askotan, Arabiar Emirerri Batuen babes militar eta logistikoari esker. Hortaz, azken urteetan, Yemen hiru gobernutan zatituta egon da: batetik, huthien milizia xiitaren gobernua, zeinak herrialdeko iparraldea eta hiriburua kontrolatzen baititu; bestetik, NBEk aitortua duen gobernua, Riaden aldekoa; eta, azkenik, Hegoaldeko Trantsizio Kontseiluaren gobernua, zeinak Aden hirian baitu egoitza. Abu Dhabik bultzatuta, Hegoaldeko Trantsizio Kontseiluaren miliziak eraso militar bat abiatu zuen abenduan, eta hegoaldeko beste bi probintzia kendu zizkion Yemengo Gobernuari: Hadramaut eta Mahra. Hordago horrek pazientzia galarazi zion Saudi Arabiako printze oinordekoari, Mohamed Bin Salman-i.

2026a hasi baino lehentxeago, Saudi Arabiak lagunduta, Yemengo Gobernuak kontraeraso gogor bat abiatu zuen hegoaldeko bi probintzia horiek berreskuratzeko, petrolio asko baitago han. Gainera, ohartarazpen gogor bat egin zion Abu Dhabiri, hark independentistak babesteari utz ziezaion. Handik ordu batzuetara, Emirerriek iragarri zuten beren tropak erretiratuko zituztela herrialde arabiar horretatik. Ordutik astebete baino igaro ez dela, eta airez bonbardaketa ugari egin eta gero, Yemengo Gobernuak berriz kontrolpean ditu bi probintzia horiek, eta aurrera doa hegoaldeko hiribururantz, Adenerantz.

Gertakari horien ondorioz, hautsi egin da Riaden eta Abu Dhabiren arteko aliantza. Hain justu, 2011n egin zuten aliantza hori, Udaberri Arabiarreko esperimentu demokratikoak bertan behera uzteko, eta Yemenen zen agerikoena aliantza hori. 2014an hasi zen gerra herrialde horretan, huthiek estatu kolpea eman baitzuten, eta hiriburuan babes hartu. Ikusirik huthiek harreman ona dutela Iranekin, hau da, Saudi Arabiaren eta Arabiar Emirerri Batuen etsai historikoarekin, bi herrialde horiek erabaki zuten Yemenen militarki esku hartzea huthiek indargabetutako gobernuari eusteko; gero, gobernu hori Riadera lekualdatu zen.

Hala, gatazka armatu bat hasi zen, Yemen suntsituta utzi duena. Kalkulu batzuen arabera, gerran 150.000 lagun baino gehiago hil dira, eta, NBEren arabera, hogei milioi pertsonak —herritarren %60k— laguntza humanitarioa behar dute bizirik irauteko. Huthien kontrako aliantza gai izan ez denez herrialdearen kontrola berriz hartzeko, eten egin da Riaden eta Abu Dhabiren arteko harremana, modu garratzean eten ere, eta, orain, lehian ari dira Arabiar penintsulan hegemonia izatea lortzeko. «Gerra zibil moduko bat hasi da gerra zibilaren barruan, eta hori oso arriskutsua da Yemenen etorkizunerako», esan du Aziz Alggaxian analista politiko saudiarabiarrak.

Sokotra uhartedia Indiako ozeanoan dago, Somaliaren eta Yemen kontinentalaren artean, eta hango hiriburu Hadiboko erdiguneko plaza hutsik dago orain. Saudi Arabiak blokeatu egin du Sokotra itsasoz eta airez, baina lehenago, hilabete batez, arratsaldero ehunka lagun elkartzen ziren han, eta sezesioaren aldeko hitzaldiak eta mezuak zabaltzen zituzten, baita dantza egin ere. Kantarik ezagunenak honela zioen: «Arima eta odola emanez, sakrifikatu egingo gara Hego Yemenen alde!». «Gure independentziaren aldeko kontzentrazio mugagabe bat da hau. Ez dugu plazatik alde egingo hori lortu arte. Nazioarteko komunitateak entzun egin behar digu», adierazi zuen Mukhtar Hanqasik, Sokotrako Gobernuarekin lotura estua duen karitatezko GKE baten arduradun eta Hegoaldeko Trantsizio Kontseiluko kideak.

«Eredu ekonomikoa aldatzen ari dira Emirerriak, eta horrek kalte egingo die Sokotrako herritarrei»

SOKOTRAKO HERRITAR BAT 

2019an, Abu Dhabiren presioa zela eta, Sokotrako gobernadoreak dimisioa eman behar izan zuen, eta, horri esker, Emirerrien aldeko Refaat Alik hartu zuen kargua. Baliteke, ordea, haren agintaldia laster baino lasterrago bukatzea. Riadek egin berri duen erasoa gertatu aurretik, Aliren kabineteburuak, Fahmi al-Thaglyk, nabarmendu zuen harreman estua dutela Emirerriekin, eta azaldu zuen zergatik baztertzen duten gobernu zentrala: «Babestu egiten du milizia tribalek hegoaldean terrorismoa erabiltzea. Bakea nahi dugu, eta ez tributan oinarritutako sistema bat». Independentisten artean, argudiatu izan dute herrialdea batu zenetik Sanak ez ikusiarena egin diela hegoaldearen beharrei, baina haren baliabideak ustiatu dituela, hala nola petrolioa.

Protektoratu bat

Ikusita Arabiar Emirerri Batuek zenbateko eragina duten Yemengo hegoaldean, batzuek «Emirerrien protektoratutzat» jo dute eskualde hori. Hori oso agerikoa da Sokotra uhartedian, Emirerrietako bandera asko ikusten baitira, eta Abu Dhabik azpiegitura ugari eraiki baititu, hala nola Xeikh Zayed ospitalea. Trukean, Emirerriek base militar bat eraiki ahal izan dute Abdel Kuri uhartean, beren boterea Adengo golko osoan zabaltzeko.

Uhartedian izugarrizko eragina dutela ikusita, hango herritar batzuek susmo txarra hartu diete. «Eremurik onenetako batzuk hartu dituzte, eta hotelak egiten ari dira. Eredu ekonomikoa aldatzen ari dira Emirerriak, eta horrek kalte egingo die Sokotrako herritarrei», esan du kexaka turismoaren arloko enpresari batek. Segur aski laster aldatuko da hori guztia, baina ezin jakin Saudi Arabiak onberago jokatuko ote duen agintean denean. Yemengo Gobernuak iragarri duenez, Sokotrarako hegaldiak Saudi Arabiako Jeddah hiritik aterako dira aurrerantzean, eta ez Abu Dhabitik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.