Charlie Hebdo astekari satirikoaren kontrako erasoa "Alak aukeratutako profeta iraindu dutenen aurkako mendekua" izan dela adierazi du AQAP Arabiako Penintsulako Al-Qaedaren buruzagi militar eta ohiko bozeramaile Nasr bin Ali al-Anesi xekeak. Al-Malahem Media webgunearen bidez zabaldutako 11 minutuko bideo batean, "Parisko zorioneko inbasioa" Yemenen egoitza duen Al-Qaedaren sailak planifikatu eta finantzatu zuela baieztatu du Al-Ansik, eta Said eta Cherif Kouachi anaiak zoriondu ditu. Bien irudiak ageri dira xekearen atzeko bideo muntatze batean, Mahomaren irudiak argitaratzeagatik herrialde musulmanetan egin diren protestez eta Irailaren 11ko erasoen eta Afrikan Frantziaren esku hartzearekin egin diren operazioen irudiez gain. "Sinesgabeak shock egoeran daude", dio Al-Ansik, iragan asteko atentatuen kontra Parisen eginiko protesten irudiak ateratzen diren unean: "Parisen, New Yorken, Washingtonen, Londresen nahiz Espainian, haien zauriak oraindik ez dira osatu".
Kouachi anaiek Yemengo Al-Qaedaren izenean ari zirela esan zuten Charlie Hebdo-ren egoitzan erasoa egin zutenean. Amedy Coulibalyk, aldiz, hurrengo egunean ustez udaltzain bat hil eta koxer janari denda judu batean hainbat bahiturekin gotortu eta haietarik lau hil zituen ekintzaileak, Estatu Islamikoko kidetzat jo zuen bere burua, eta Iraken eta Sirian kaliferri bat eratu duen taldearen bandera batekin agertu zen erasoa bere gain hartzeko bideo batean. Charlie Hebdo-ren kontrako atentatua eta Coulaby "anaia mujahidinaren operazioa" aldi berean gertatzea "Alaren nahia" izan zela adierazi du AQAPen bozeramaileak, bi ekintzak lotuta zeudela ukatuz. Gotortuta zeuden eraikinak hartzeko polizia operazioan hil zituzten hiru ekintzaileak.