Yemengo matxinoen aurkako aireko erasoaldia bukatu du Saudi Arabiak

Riadek zuzentzen duen koalizioak bertze fase bat hasiko du «gatazkaren irtenbide politikoa» lortzeko, baina azaldu du ez duela su-etena ezarri.Huthiek garaipentzat hartu dute koalizioaren adierazpena

Saudi Arabiak zuzentzen duen koalizioak suntsitutako zubi bat, atzo, Ibb hirian, Sana hiriburutik 200 kilometro hegoaldera. STRINGER / EFE.
mikel rodriguez
2015eko apirilaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ia hilabete baten ondoren, Saudi Arabiak zuzentzen duen nazioarteko koalizioak bukatutzat eman du Yemengo matxino xiiten aurkako Sendotasun Ekaitza operazioa. Iragan martxoaren 26tik airetik bonbardatu dituzte huthien (matxino xiiten) posizioak eta Yemen mendebaldeko hiri nagusiak, Sana hiriburua barne. Ahmed al-Asiri aliantzako bozeramaileak adierazi du bertze operazio bat hasiko dutela orain: Itxaropenaren Itzulera. Al-Asirik erran du operazio horrek Yemenen berreraikuntza eta «gatazkaren irtenbide politikoa» izanen dituela helburutzat, baina su-etenik ez dutela ezarriko zehaztu du. Atzo iluntzean egin zuen Al-Asirik adierazpena, eta egunaren hasieran Iranek erran zuen su-etena «ordu batzuen buruan» ezarriko zela. Gainera, Al-Asirik adierazi zuen nazioarteko koalizioak «huthien posizioen aurkako eginkizun militarrarekin» jarraituko duela, eta Saudi Arabiako erregeak atzo bertan eman zuen agindua Guardia Nazionala mobilizatzeko, herrialdeko lurreko indar militar handiena. Horregatik, ez dago argi zer bide hartuko duen orain gatazkak.

Nahasmen handiko eguna izan zen atzokoa. Hossein Amir-Abdollahian Iranen Auzi Arabiarretarako ordezkariak goizean adierazi zuen menia ez ezik, Yemengo Gobernuaren, matxino xiiten eta bertze fakzioen arteko elkarrizketa politikoak «aurki» hasiko direla. Geroago, SPA Saudi Arabiako agentzia ofizialak eman zuen Guardia Nazionalaren mobilizazioaren berri, eta lurreko operazio baten inguruko espekulazioak sortu zituen. Iluntzean, Al-Asiri jeneral saudi arabiarrak martxoaren 26tik egunero eman duen prentsaurrekoan jakinarazi zuen Sendotasun Ekaitza operazioaren bukaera. «Yemengo Gobernuak eta presidenteak eskatu digute operazioa bukatzeko», jakinarazi zuen. Helburuak ere betetzat eman zituen, huthien aitzinatzea geldiarazi eta gaitasun militarra deuseztatu dutelakoan. Gainera, Saudi Arabiako Defentsa Ministerioak erran du huthiak jada ez direla mehatxu bat ondoko herrialdeentzat. Riadek hala jotzen zituen, Iranen kontrolpeko indartzat baitauzka.

Hala ere, baieztapen horiek zalantzagarriak dira. Esku hartzearen lehenbiziko egunetan, koalizioak aireko gaitasunik gabe utzi zituen huthiak eta haien aldeko Yemengo armadaren fakzioa, eta matxinoak Adeneraino ailegatu arren, ez dute hiria hartzea lortu—Yemengo bigarren hiria da Aden, eta Abd Rabu Mansur Hadi presidenteak erbestera joan baino lehen han ezarri zuen hiriburu alternatiboa—. Baina huthiek orain eremu zabalagoa daukate kontrolpean haien aurkako nazioarteko esku hartzea hasi zenean baino, eta fronte guztietan jarraitu dute Hadiren aldeko indarren aurka borrokan. Horregatik, huthiek Sanan garaipen gisa ospatu dute nazioarteko koalizioaren adierazpena.

AEBen hegazkinontzi bat

Herrialde arabiarren koalizioak itsasoko blokeoari eutsiko dio, ordea, eta su-etenik gabe gerrak jarraituko du. Atzerriko indarrek hain justu herenegun egin zituzten orain arteko eraso gogorrenak —84 lagun hil zituzten, horietako 46 Sanan, huthien Barne Ministerioaren arabera—. Eta AEBak ere tentsio giroan murgildu dira, Adengo golkora hegazkinontzi bat bidali baitute. Nabigazioaren segurtasuna zaindu nahi dutela adierazi dute, baina Mohamed al-Bukhaiti huthien zuzendaritzako kideak leporatu die itsasoko blokeoa indartzeko helburuz aritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.