Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidente kargugabetuari hil arteko kartzela zigorra ezarri diote

Matxinada delitua leporatu diote 2024ko abenduan gerra legea deklaratzeagatik. Herrialdeko instituzioak blokeatzea eta demokraziaren balioak kaltetzea egotzi diote.

Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidente ohia Seulgo epaitegi batera iristen, iazko ekainean. KIM HONG-JI / EFE
Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidente ohia Seulgo epaitegi batera iristen, iazko ekainean. KIM HONG-JI / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko otsailaren 19a
09:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oposizioari matxinada bat prestatzea egotzita, gerra legea deklaratu zuen Yoon Suk-yeolek 2024ko abenduan, Hego Koreako presidente zen garaian (2022-2025). Gaur, arrazoi beragatik, hil arteko kartzela zigorra ezarri diote. Hego Korean azkenekoz Chun Doo-hwan diktadorea (1980-1987) kondenatu zuten matxinadagatik; 1996an heriotza zigorra ezarri zioten —urtebete geroago indultua eman zioten—. Fiskaltzak zigor hori bera eskatu du Yoonentzat ere, baina Seul Erdialdeko Barrutiko Auzitegiak kartzela zigorra ezarri dio, hil artekoa.

Presidente ohiak telebista agerraldi batean deklaratu zuen gerra legea, 2024ko abenduaren 3an. Oposizioari egotzi zion matxinada bat prestatzen aritzea, eta armada bidali zuen parlamentura. Han zeuden diputatuek, ordea, gerra legea indargabetzearen alde bozkatu zuten, eta presidenteak atzera egin behar izan zuen. Hamar egun geroago kargutik kendu zuten, eta iazko urtarrilean atxilotu.

Epaitegi batek, baina, atzera bota zuen erabaki hori, eta, ondoren, Auzitegi Konstituzionalak behin betiko kargugabetu zuen Yoon, apirilean. Ekainean presidentetzarako bozak egin zituzten, eta Lee Jae-myung oposizioko buruak irabazi zituen.

Konstituzionalaren erabakiak aukera eman zien beste epaitegi batzuei presidente ohia ikertzeko. Fiskaltzaren arabera, Yoonek gerra legea deklaratu zuenean ez zegoen erabaki hori justifikatzeko ez gerrarik, ez larrialdi nazionalik. Ji Gwi-yeonek, epaia eman duen auzitegiko presidenteak, zehaztu du justifikaziorik gabe gerra legea deklaratzea berez ez dela nahikoa matxinada delitua leporatzeko. Baina gehitu duenez, Yoonek, salbuespenezko egoera ezarrita, «konstituzioa iraultzeko» asmoa zuela ondorioztatu dute, eta haren autoritatea erabili zuela herrialdeko instituzioak blokeatzeko eta demokraziaren balioak kaltetzeko. Eta hala, matxinada egotzi diote. Gainera, auzitegiaren arabera, Yoonek hainbat politikari atxilotzeko agindu zuen, hala nola Lee, zeina egun herrialdeko presidente den.

Epaitegiak zigorrak ezarri dizkie Kim Yong-hyun orduan Defentsa ministro zenari eta Hego Koreako Poliziako eta zerbitzu sekretuetako hainbat goi karguduni.

Atxiloketa oztopatzea

Urtarrilean, bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten Yooni, presidentearen segurtasun zerbitzuak erabili zituelako atxiloketa oztopatzeko. Izan ere, iazko urtarrilean, estatuburu ohia atxilotzeko 3.000 polizia baino gehiago erabili behar izan zituzten, eta bigarren saiakeran lortu zuten haren etxean sartzea.

Gainera, milaka herritar atera ziren protestan presidente ohiaren atxiloketa salatzeko. Gaur ere, epaitegiak erabakiaren berri eman ostean, manifestazioak egin dituzte Seulen. Mila polizia agente baino gehiago ibili dira kaleetan, Yoonen aldekoen eta kontrakoen arteko liskarrak ekiditeko.

Kronologia

  • 2024ko abenduaren 3an. Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidenteak gerra legea ezarri zuen. Ordu batzuk geroago atzera egin zuen, ez zuelako Asanblea Nazionalaren babesik.
  • 2024ko abenduaren 5ean. Kim Yong-hyun Defentsa ministroak bere gain hartu zuen gertatutakoaren erantzukizuna, eta dimisioa eman zuen. Hiru egun geroago atxilotu zuten, fiskaltzaren aginduz.
  • 2024ko abenduaren 14an. Bigarren saiakeran, Asanblea Nazionalak Yoon kargugabetu zuen. Abenduaren 7an ez bezala, Yoonen alderdikideetako batzuek haren kontra egin zuten, eta zentsura mozioak aurrera egiteko modua eman.
  • 2024ko abenduaren 27an. Behin-behineko estatuburu Han Duck-soo ere kargugabetu zuen Asanblea Nazionalak. Oposizioak bultzatu zuen zentsura mozioa, argudiatuta Auzitegi Konstituzionalerako onartutako hiru epaileren izendapena blokeatu zuela Hanek. Finantza ministro Choi Sang-mok-ek ordezkatu zuen, behin-behinean. Gertatutakoak krisi instituzionala areagotu zuen herrialdean.
  • 2024ko abenduaren 31n. Soon atxilotzeko agindua eman zuen Seulgo auzitegi batek.
  • 2025eko urtarrilaren 3an. Yoon bere etxean atxilotzen ahalegindu zen Hego Koreako Polizia, baina presidentearen segurtasun zerbitzuek eta haren 10.000 bat jarraitzailek galarazi zuten.
  • 2025eko urtarrilaren 15ean. Berriz saiatu ziren, eta lortu zuten Yoon atxilotzea.
  • 2025eko martxoaren 7an. Seulgo epaitegi batek presidente ohia aske uzteko agindu zuen, atxiloketa prozesuan «irregulartasunak» izan zirela argudiatuta.
  • 2025eko apirilaren 4an. Auzitegi Konstituzionalak Yoon behin betiko kargugabetu zuen.
  • 2025eko ekainaren 3an. Lee Jae-myung oposizioko buruak presidentetzarako bozak irabazi zituen.
  • 2025eko uztailaren 10ean. Fiskaltzak eskatuta, berriz ere kartzelan sartu zuten presidente ohia.
  • 2026ko urtarrilaren 16an. Bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten Yooni, justizia oztopatzea leporatuta.
  • 2026ko otsailaren 19an. Seul Erdialdeko Barrutiko Auzitegiak hil arteko kartzela zigorra ezarri dio presidente ohiari, matxinada leporatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA