Gaur ekingo diete berriro salbamendu lanei, leherketa gehiago gertatzeko arriskurik ez dagoela ziurtatzen badute. Zeelanda Berriko ikatz meatze batean 27 lagun daude harrapatuta atzotik, gas leherketa bategatik, lur azaletik 1.500 metrora.
Pike River meatzean leherketa gertatu zenean 29 lagun zeuden lanean, baina haietatik bik kanpora irtetea lortu zuten ezbeharra gertatu eta denbora gutxira. «Itxaropenari irmo eusten diogu. Begira zer gertatu zen Txilen; harrapatuta gelditu ziren meatzari haiek denak bizirik atera ziren azkenean», adierazi du Tony Kokshoorndek, Greymoutheko alkateak -Pike River herri horretatik 50 kilometrora dago-. Meatzariak salbatzeko itxaropena dutela adierazi badu ere, salbamendu lanak luze joko duela uste du Kokshoorndek. Segurtasun baldintza guztiak bermatu arte hainbat egun gutxienez beharko dituztela adierazi du.
«Ez dakigu meatzariak non dauden, eta, beraz, ezin dugu jakin meatzeak dituen bi irteeretatik zeinetatik dauden gertuen», azaldu du, bestalde, David Feickert adituak. Gas leherketa atzo gertatu zen, Zeelanda Berrian 18:30ak zirenean; haatik, handik ordubetera arte ez zuten alarma piztu, ez baitzekiten inor harrapatuta gelditu zenik. Barruan ziren meatzariak kanpokoekin esandako orduan harremanetan jarri ez zirela ikustean jabetu ziren gertatutakoaz. Orduan pasatu zieten abisua erreskate taldeei.
Aireztapena
«Hara jaitsi aurretik salbamendu taldeak bermatu behar du han behean aireztapenak ondo funtzionatzen duela», adierazi du Barbara Dunnek, Poliziaren bozeramaileak, meatzarienganaino iristea ez dela erraza izango azaltzeko.
John Key Zeelanda Berriko lehen ministroak jakinarazi du gobernuak eskura dituen baliabide guztiak jarriko dituela martxanharrapatutako meatzariak handik ateratzeko. «Bihotzez eta pentsamenduz herritar guztiak haiekin gaude momentu hauetan. Une zailak pasatzen arituko dira orain», adierazi du Keyk.
Zeelanda Berrian 27 langile daude meatze batetik ezin irtenda, leherketa bategatik
Salbamendu lanak etenda daude, beste leherketarik ez dela gertatuko bermatu arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu