Zelenskik fitxa bat mugitu du

Ukrainako presidenteak esan du prest dagoela 60-90 eguneko epean bozetara deitzeko, AEBek eta Europako aliatuek laguntzen badiote horietarako segurtasuna bermatzen. Errusiak erantzun dio Putin aspalditik ari dela hori eskatzen.

Volodimir Zelenski Londresen, herenegun. TOLGA AKMEN / EFE
Volodimir Zelenski Londresen, herenegun. TOLGA AKMEN / EFE
Igor Susaeta.
2025eko abenduaren 10a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Neurri batean, xake partida baten itxura dute Ukrainako gerra konponbidean jartzeko negoziazioek. Kievek ez du partida irabazteko aukera handirik, kontuan hartuta Ukrainaren eta Errusiaren arteko bitartekariak, Washingtonek, zera eskatzen diola: mahai gainean duen akordioa onar dezala. Negoziazioa ez atzera ez aurrera zegoen, harik eta Volodimir Zelenskik fitxa bat mugitzea erabaki duen arte. Errusiak egotzi izan dio ez duela zilegitasunik, berez tokatzen zirenean, —iaz— ez zuelako presidentetzarako bozetara deitu. Eta Donald Trumpek ere hori iradoki zuen atzo, Politico hedabideari eman zion elkarrizketa batean. Bada ordu batzuk geroago Zelenskik iragarri zuen prest dagoela 60-90 eguneko epean hauteskundeetara deitzeko, AEBek eta Europako aliatuek horietarako segurtasuna bermatzen laguntzen badiete.

Hain zuzen, Trumpek Errusiaren oniritziarekin Ukrainarako planteatu duen planaren 28 puntuetako batean zera dio: Ukrainak hauteskundeak egingo ditu 100 eguneko epean. Eta atzo Giorgia Meloni Italiako lehen ministroarekin Erroman bildu ondoren Zelenskik prentsaurreko batean adierazi zuenez, Ukrainako Parlamentuko legebiltzarkideei proposamenak egiteko eskatu die, legeari jarraituz hauteskundeetara deitzea posible izan dadin.

Izan ere, 2022ko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, Ukrainan gerra legea dago ezarrita, eta, hango konstituzioa aintzat hartuta, hori indarrean dagoen bitartean ezin da bozetara deitu. Zelenski 2019tik da presidente, eta Ukrainan bost urtekoak izaten dira agintaldiak. Baina konstituzioan debekatua dagoenez bozetara deitzea gerra legea ezarrita baldin badago, Zelenskiren agintaldia automatikoki luzatu zen.

Azkeneko urtean, Zelenskiren eta Putinen artean bilera bat egiteko aukeraz hitz egin izan denean, Zelenski prest agertu izan da; Putin ez, ordea, argudiatuta Ukrainako estatuburuak ez duela legitimitaterik. Are, azaroa amaieran adierazi zuen arrazoi horrengatik «juridikoki ezinezkoa» dela Ukrainarekin akordio bat egitea.

Ukrainako Gobernuak bi argudio eman izan ditu aukerari izkin egiteko. Batetik, legeak debekatzen duela; eta bestetik, herrialdea gerran egonda, zailtasunak izango lituzketela bai kanpaina egiteko, bai hauteskundeak antolatzeko. Orain, baina, egingarria iruditzen zaio, legea moldatzen badute, eta, gerran egonda ere, hautagaien zein bozkatzaileen segurtasuna ziurtatu baldin badezakete.

Zelenskik fitxatu mugitu zuen atzo. Bezperan Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrekin, Alemaniako kantziler Friedrich Merzekin, eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin batzartu zen Londresen, eta atzo arratsaldean zera irakurri zuen Trumpen ahotik: «Ez dakit nork irabaziko lituzkeen, baina aspaldian ez dute bozik egin. Badakizu: demokraziaz mintzo dira, baina une batetik aurrera jada ez da demokrazia». Horren ondoren heldu zen Ukrainako estatuburuaren iragarpena, nahiz eta azpimarratu zuen Trumpek esandakoa «desegokia» dela. Errusiak horri buruz hitz egin du. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak prentsaren aurrera atera da gaur, egunero bezala, eta gogorarazi du Putinek aurrez ere eskatu izan duela Ukrainan bozak egin ditzatela.

Errusiak erantzunen «zerrenda bat»  du prest

Ukrainaren berreraikuntza finantzatzeko, Errusiari blokeatutako aktiboez baliatu nahi du EB Europako Batzordeak. Eta horiek horrela, Moskuk esan du bai horri, bai Europako armadek Ukrainan egindako ezein hedatzeri erantzungo diotela, eta «neurri zerrenda bat» prest dutela horretarako. Hori azpimarratu du gaur Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak, Errusiako Senatuan. Talde komunitarioko estatu gehienak ados daude batzordeak planteatu duenarekin, eta horri buruz erabaki bat hartzekoak dira hurrengo Europar Kontseiluan, hilaren 18an eta 19an.

Balizko hauteskunde batzuei buruzko inkesta bat kaleratu zuen atzo Infosapiens etxeak, eta, horren arabera, Zelenskik botoen %20,3 soilik lortuko lituzke; dena den, boto gehien bilduko lituzkeen hautagaia izango litzateke, Valerii Zaluzhnii Ukrainako armadako buru ohiaren aurretik (%19,1). Inkesta hori azaroaren 13aren eta 28aren artean egin zuten; hain zuzen, orduan dimititu zuten Ukrainako Justizia ministroak eta Energia ministroak, ustelkeria leporatzen baitiete —Zelenskiren kabineteburu Andri Jermakek ere kargua utzi zuen azaroaren 28an, ustelkeria auzi baten harira—. Dimisio horien aurretik, urrian, etxe horrek egindako inkesta batean %24ko babesa zuen Zelenskik.

%1 baino gutxiago

Ikusteko dago Zelenskik plazaratutakoak nola eragin dezakeen negoziazioetan. Atzo adierazi zuen gerra ahalik eta azkarren amaitzea duela helburu, eta AEBei laster bidaliko diela nolabaiteko kontraproposamen bat, jatorrizkoa «finduta». Lurraldetasun auzian kontzesiorik ez egitea da Zelenskik ezarri duen marra gorrietako bat, nahiz eta Trumpen 28 puntuko planean kontzesioak aurreikusten dituen arlo horretan.

Eta Errusiak ere esana du Donbass eremuko Luhansk eta Donetsk eskualdeak beren esku geratuko direla. Trumpek Politico-ri esan zion Ukraina «galtzen» ari dela, eta baduela garaia «zenbait gauza onartzen hasteko». Peskovek adierazi du «oso garrantzitsua» dela Trumpek esandakoa. Errusiak Ukrainaren %20 inguru dauka okupatuta, eta oso pixkanaka bada ere, aurrerapausoak ematen ari da frontean. Hori bai, ISW Gerra Ikertzeko Institutuak ikerketa bat kaleratu du gaur, eta AEBetako think tank horrek dio 2025ean Ukrainako lurren %1 ere ez duela konkistatu Errusiak; %077, hain zuzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.