Neguaren atarian, eta Errusiak energia azpiegituren kontrako erasoak areagotu dituen honetan, krisi bat nozitzen ari dira Ukrainako Gobernuan. Izan ere, Herman Galuxtxenko Justizia ministroa kargugabetu dute behin-behinean, ustelkeria susmoengatik; erabaki hori hartu du gaur gobernuak, ezohiko bilera batean. Eta Volodimir Zelenski presidenteak zera eskatu dio Julia Sviridenko lehen ministroari: galdegin diezaiola Galuxtxenkori dimisioa emateko, baita Svitlana Hrintxuk Energia ministroari ere, auziak bete-betean harrapatu baitu. «Konfiantza kontu bat da», azpimarratu du Telegramen. Lehen ministroak gero jakinarazi du bi ministroek dimisioa eman dutela.
AFP France-Press berri agentziak iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, Ustelkeriaren Aurkako Ukrainako Agentzia Galuxtxenko ikertzen ari da, egotzita komisioak kobratu izana Energia ministroa zenean. 2021eko apiriletik aurtengo uztailera bitartean izan zen Energia ministro, eta, informazio horren arabera, Energoatom enpresa publikoarekin lotutako kontratuen bidez gutxienez 100 milioi dolar —86 milioi euro inguru—  eskuratu zituen sare bateko kide zen Galuxtxenko. Liudmila Sugak ordezkatuko du karguan, azken hilabeteetan Justizia ministrordea izandakoak.
Zenbait hedabidek kaleratu dutenez, Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltza Bereziko fiskal batek atzo deklaratu zuen Timur Minditx enpresaria dela sare horren burua —Zelenskiren bazkidea zen presidenteak sortutako ekoiztetxean—, eta Galuxtxenkorengan eta Rustem Umerovengan eragiten zuela; azken hori Defentsa ministroa izan zen 2023ko irailetik aurtengo uztailera, eta Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko burua da egun. Galuxtxenkok sare sozialetan esan du gobernuak hartutako neurria «egokia» dela, eta auzitegietan defendatuko duela bere burua. Hrintxu egungo Energia ministroak, berriz, sare sozialetan esan du ez duela legea «urratu», eta eskerrak eman dizkio gobernuari, ministro izateko aukera emateagatik.
Errusia, hitz egiteko prest
Horren guztiaren harira, aintzat hartu behar da Europako Batzordeak kargu hartu ziola Ukrainari, iritzita ustelkeriaren kontrako erreformak egiteko orduan aurrerapauso gehiago eman behar dituela baldin eta EB Europako Batasuneko estatu kide bihurtu nahi badu. 2022ko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik eta Kievek talde komunitarioan sartzeko erritmoa azkartu nahi izan duenetik, Zelenskik dozenaka lagun kargugabetu ditu ustelkeria susmoengatik. Kievek hartutako erabakiaren berri eduki ondoren, Errusiak AEBei eta EBri esan die «errepara» diezaiotela Ukrainan gertatzen ari denari. «Kievi dirua ematen diote aktiboki; Kieveko erregimenak diru hori lapurtzen du», esan du Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan.Â
Bitartean, Errusiak adierazi du prest dagoela berriro ere Ukrainarekin bilera bat egiteko Turkian. TASS berri agentziak jaso duenez, hori adierazi du Alexei Polixtxuk Atzerri Ministerioko funtzionarioak. Maiatz amaieratik uztail amaiera bitarte, bi herrialdeetako ordezkariek hiru bilera egin zituzten Istanbulen, eta horien ondorio izan ziren, esaterako, bi aldeek egin zituzten preso trukeak.Â