Pazko aste ortodoxorako su eten bat proposatu du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak; Moskuri eskatu dio eten ditzala energia azpiegituren aurkako erasoak. Kristau ortodoxoentzat Pazko astea herenegun hasi zen, eta datorren igandean amaituko da. Zelenskik, baina, Moskuri leporatu dio menia hori onartzeko asmorik ez edukitzea. Dena den, gaur Errusiako portu bati eraso egin diola jakinarazi du Kievek. Gainera, Ukrainako armadak hiru herritar hil ditu Vladimir eskualdean (Errusia), eta beste bat, Belgoroden. Errusiako armadak ere ukrainarrak jomugan jartzen jarraitzen du; droneekin autobus bat bonbardatu du gaur Nikopol hirian, eta lau pertsona hil ditu.
Atzo gauean, Zelenskik adierazi zuen Moskurentzat ezer ez dela «sakratua». Aurreko astean proposatu zuen Pazko asterako menia, eta zera esan, Errusiak ez badie Ukrainako azpiegitura energetikoei eraso egiten, Ukrainak «modu berean» erantzungo duela. Atzo Errusiako armadak Odesa hiriko portua bonbardatu zuen, Ukraina hegoaldean, eta hiru pertsona hil zituen. Horregatik, Zelenskik uste du Vladimir Putin Errusiako presidentea ez dagoela su eten hori onartzeko prest. Ukrainako armadak ere ez ditu gisa horretako erasoak eten.
Andii Kovalenko Ukrainako Desinformazioaren Aurkako Zentroko buruak —Ukrainako Segurtasun Nazionaleko Kontseiluko kide da— gaur sare sozialetan jakinarazi du Ust Luga portua bonbardatu dutela, Itsaso Baltikoan. Moskuren petrolioaren irtenbide garrantzitsuenetako bat da portu hori, eta Kievek ziurtatu du suntsitu egin duela hor bertan dauden petrolio biltegien herena. Gainera, atzo Novorossiisk hiriko portuari ere eraso egin zion, eta sute bat piztu zen. Errusiak Itsaso Beltzean duen portu garrantzitsuenetako bat da Novorossiiskekoa, eta petrolio instalazioak daude han ere.
Herritarren aurkako erasoak ere egin dituzte bai Kievek, bai Moskuk. Errusiako Belgorod eskualdeko gobernadoreak jakinarazi du Ukrainako armadak droneekin pertsona bat hil duela han —Ukrainarekin muga egiten du Belgorodek—. Urrunago ere iritsi dira Kieven droneak. Moskutik ekialdera, 200 kilometro ingurura, Vladimir eskualdean familia bereko hiru pertsona hil dituzte: bi heldu, eta zazpi urteko haur bat. TASS berri agentziak jaso duenez, horren berri eman du eskualde horretako gobernadoreak.
Eta Errusiak Nikopol hiria jo du berriz ere. Ukrainako armadak jakinarazi duenez, autobus bati egin dio eraso; lau pertsona hil ditu, eta beste hamasei zauritu. Dnipropetrovsk eskualdean dago hiri hori, Ukrainako erdialdean, eta larunbatean ere Errusiako droneek bonbardatu zuten. Orduko hartan hiriko merkatua jo zuten, eta bost hildako eragin zituzten.
Ustelkeria gerra frontean
Azken hilabeteetan hainbat ustelkeria kasu atera dira argitara Zelenskiren administrazioaren barnean. Oraingo honetan, aldiz, Errusiako gobernadore bat zigortu dute. Kursk eskualdeko gobernadore ohi Alexei Smirnovi hamalau urteko kartzela zigorra ezarri zion atzo eskualde horretako auzitegi batek. Eraikuntza enpresa batzuen eskupekoak jaso izana leporatzen diote. Kontua da enpresa horiek Errusiako armadarentzako hainbat gotorleku eraiki zituztela Kursken.
Ukrainako armadak eskualde hori okupatu zuen 2024ko abuztuan; hain justu, Smirnovek kargua hartu eta hiru hilabetetara. Errusiako hedabideek zabaldu dutenez, tankeen aurkako harresiak material merkeekin eraiki zituzten, eta ezin izan zuten Ukrainako armada geldiarazi. Smirnovek kargua utzi zuen 2024ko abenduan, eta aurrerago onartu zuen ustelkeria kasu horren parte zela. Gainera, bere aurreko gobernadorea, Roman Starovoit, seinalatu zuen, eta esan hark gomendatu ziola eskupekoak onartzea. Starovoit Errusiako Garraio ministro zen 2024ko maiatzetik, baina Putinek kargugabetu egin zuen iazko uztailean. Ordu batzuk geroago hilda agertu zen; ikerketa ofizialen arabera, bere buruaz beste egin zuen.