Zelenskik protestak baretzeko ahalegina egin du armadaburua kaleratuta

Ukrainako presidenteak kargutik kendu du OIeksandr Sirski beteranoa. Fedorov Defentsa ministro kargugabetuarekin etsaituta zegoen.

Fedoroven aldeko protestak Kieven, atzo. SERGEI DOLZHENKO / EFE
Fedoroven aldeko protestak Kieven, atzo. SERGEI DOLZHENKO / EFE
Igor Susaeta.
2026ko uztailaren 22a
11:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Milaka pertsona atera dira azken astean kalera Ukrainan, adierazteko Volodimir Zelenski herrialdeko presidenteari ez daudela ados Mikhailo Fedorov Defentsa ministroa kargugabetzeko hartutako erabakiarekin. Fedorovek Oleksandr Sirski armadaburua egin zuen erabaki horren erantzule, eta presidenteak hautu salomonikoa egin du egun batzuk geroago, protesta horiek baretzeko asmoz: Sirski ere kargugabetu egin zuen atzo gauean. Mikhailo Drapatik ordezkatuko du.

Neurri batean, belaunaldien arteko talka batek ekarri du krisia. 35 urte ditu Fedorovek, armadak teknologia berriak ahalik eta gehien zukutzea defendatzen du —Eraldaketa Teknologikoko ministro ere izan zen sei hilabetez, aurtengo urtarrilean Defentsakoa bihurtu aurretik—, eta, esaterako, droneak ekoizteak eta horiek erabiltzea hauspotu du. 60 urte ditu Sirskik, eta Fedorovenaren bestelako profil bat. Kargugabetua izan eta hurrengo egunean, uztailaren 16an, Fedorovek berak esan zuen, agerraldi batean, bere kudeaketari trabak jartzen ahalegindu zela Sirski, «autoritarioa» zela, eta haren estrategiak «zaharkituta» zeudela.

Sirskik bere burua defendatu du gaur sare sozialetan, eta nabarmendu du bere ordezkoaren esku utziko duen armadak ez duela «defendatu soilik egiten», eraso ere egiten duela. Haren arabera, azkeneko urtean 700 metro koadro berreskuratu dituzte Ukrainako tropek gerrako frontean, eta gogorarazi du, esaterako, bere agindupean lortu zutela Kharkiv eskualdearen ipar-hegoaldetik Errusiako armada kanporatzea, eta gauza bera egin zutela, 2022ko otsailean inbasioa hasi eta aste batzuetara, Kiev hiriburuaren aldirietan. Dena den, gerrako frontea ez da askorik mugitu 2022ko udazkeneko eta 2023ko udako Kieven kontraerasoez geroztik, eta Errusiak Ukrainaren %20 inguru du okupatua.

(ID_16302632) (FILE) UKRAINE RUSSIA CONFLICT
Oleksandr Sirski artxiboko argazki batean. VITALII NOSATX / EFE

Ikusteko dago Sirskik aurrerantzean zer rol jokatuko duen armadan, baina Zelenskiren konfiantzazkoa izan da orain arte, eta Fedorovek esan zuen aurreko astean presidenteak berak aitortu ziola ez zuela Sirski kargugabetzeko asmorik; azkenean, baina, iritzia aldatu du. Zelenskik atzo nazioari igorritako mezu batean jakinarazi zuenez, Fedorovek «kargu inportante bat» edukiko du gobernuan; ez zuen zehaztu zein, ordea  —azken egunetan hedabide batzuek Fedoroven inguruko iturriak aipatuz esan dutenez, ez ditu onartu Zelenskik planteatu dizkion alternatibak—.

5

Ukrainak azken lau urteetan zenbat Defentsa ministro izan dituen. Duela lau urte pasa Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, Kievek bost Defentsa ministro eduki ditu: Oleksii Reznikov (2021-2023), Rustem Umerov (2023-2025), Denis Xmihal (2025-2026), Mikhailo Fedorov (2026), eta azken horren ordezko Yevhenii Khmara, zeinak kargua hartu berri duen.

Zelenskik atzo adierazi zuenez, erabakien helburua bat da: «Errusia bakea onartzera behartuko duten baldintzetan egotea frontean». Eta Drapati armadaburu berriak (43 urte) goratu egin ditu egitura militarraren aldaketak egiteko Fedorovek emandako pausoak. Bide batez, Sirski kritikatu du: «Komandante batek ez du isilik egoteko eskubiderik arazoak daudenean; batez ere, horren kostua galdutako aukeren eta hildakoen bidez neurtzen bada», idatzi zuen Facebooken, atzo gauean. Drapati izan da, hain zuzen, azken egunetan Fedoroven alde agertu den goi mailako militar bakarrenetako bat.

UKrainak ERRUSIAKO 13 zamaontziri eraso egin die

Itsaso Beltza eta Azoveko itsasoa ere gerra gune bihurtu dira Errusiarentzat eta Ukrainarentzat. Hala, Ukrainako iturri ofizialek gaur jakinarazi dute azken 48 orduetan Errusiarekin loturiko hamahiru zamaontziri eraso egin diela. Kieven esanetan, ontzi horiek Errusiatik edo Moskuk Ukrainan okupatutako portuetatik atera ziren, eta merkantziak garraiatzen ari ziren. Ukrainak asteak daramatza horrela jokatzen, eta Errusiak Azoveko itsasoko nabigazioa partzialki eten behar izan du eraso horien ondorioz. Kieven helburua da Errusiaren esportazioei eragitea, baita, esan dutenez, Krimeako penintsula bakartzea ere. Errusia ere ari da Ukrainako ontziei eraso egiten, eta atzo nabarmendu zuen horretan jarraituko duela, argudiatuta «munizioak eta armak» garraiatzen dituela Kievek ontzi horietan.
Bestalde, Ukrainak Krasnodarreko eta Stavropoleko (Errusia) hainbat biltegi militar jo ditu gaur goizaldean, eta aire eraso horietan pertsona bat hil du eta hamabost inguru zauritu. Horren berri eman dute Errusiako iturri ofizialek. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak eraso hori bere gain hartu du, sare sozialetan jakinarazi duenez.

Fedoroven kudeaketa goratzen dutenek esaten dute Ukrainak inoiz baino gaitasun handiagoa duela egun Errusiari eraso egiteko. Horren harira kontuan hartu behar da Kievek azken hilabeteetan ugaritu egin dituela droneekin Errusiako energia instalazioei zein armategiei, nagusiki, egindako erasoak, eta Ukraina hasia dela, EB Europako Batasunak emandako laguntza ekonomikoari esker, droneak ekoizten eta horiekin negozioa egiten. Esaterako, apirilean, defentsa arloan lankidetza akordioak egin zituen Qatarrekin, Saudi Arabiarekin eta Arabiar Emirerri Batuekin. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA