Kolpea hartu du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, noiz-eta Washingtonekin negoziatzen ari den honetan AEBek eta Errusiak Ukrainarako ondutako planari buruz. Izan ere, Andri Jermak haren kabineteburuak dimisioa eman du gaur, Ustelkeriaren Kontrako Agentziako eta Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltza Bereziko kideek etxea miatu ostean. Zelenskik eskerrak eman dizkio Jermaki, eta gaineratu «zurrumurrurik eta espekulaziorik» izan ez dadin erabaki dutela hark dimisioa ematea. Duela bi aste pasa, dimisioa aurkeztu zuten Ukrainako Justizia ministroak eta Energia ministroak ere; ustelkeriagatik, hain zuzen.
Jermak Zelenskiren konfiantzazkoa da. Presidentea 2019ko maiatzetik dago karguan, eta Jermak 2020ko otsailean izendatu zuen kabineteburu. Hainbesteko pisua du, ezen bera izan baitzen Kieven ordezkaritzaren burua igandean Genevan (Suitza), AEBekin Ukrainarako planaz mintzatzeko eginiko negoziazioetan.
Nazioarteko hedabideek presidentetzaren inguruko iturriak aipatuz kaleratu dutenez, Jermak arduratzen da bai barne politika betearazteaz, bai Zelenskirekiko loturez, eta Kieven erreferentziazko pertsona da diplomazia kontuetan.
Horrekin lotuta, Errusiak uste du gertatutakoak «ondorio kaltegarriak» izango dituela Ukrainarentzat. Hori esan du Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak gaur, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. «Honek guztiak esan nahi du Ukrainako eskandalu politikoa gero eta handiagoa dela; ustelkeria herrialde horretako sistema politikoa astitzen ari da», nabarmendu duenez.
Zelenskiren kabineteburuaren etxea miatu duten bi agentzia horiek ustelkeria kasu bat ikertzen ari dira. Haien tesiaren arabera, hainbat pertsonak komisioak jaso dituzte Energoatom enpresa publikoarekin lotutako kontratuak egitearen truke. Sare horrek gutxienez 100 milioi dolar —86 milioi euro inguru— eskuratu ditu hamabost hilabetez gerra garaian. Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltza Bereziko fiskal batek orain dela bi aste pasa deklaratu zuenez, Timur Minditx enpresaria da sare horren burua; hain zuzen, Zelenskiren bazkidea zen presidenteak duela urte batzuk —estatuburu izan aurretik— sortutako ekoiztetxean.
Eta horrek ez dio mesederik egiten Ukrainari EB Europako Batasuneko kide izateko ahaleginean. Gainera, Europako Batzordeak prozesu horri buruzko txosten bat kaleratu zuen hilabete honen hasieran, eta argia izan zen: «Ukrainak aurrerapausoak eman behar ditu ustelkeriaren kontrako bere planean». Hortaz, Kievi eskatu zion erreformak egiteko esparru horretan. Izan ere, ustelkeriarik ez izatea eta zuzenbide estatua errespetatzea funtsezko baldintzak dira Bruselarentzat, besteak beste, herrialde bat kide bihurtzeko.
Aktiboak, «datozen egunetan» hizpide
Ukraina berreraikitzeko dirua nondik atera eztabaidatzen segitzen du Europako Batzordeak. Talde komunitarioak horretarako baliatu asmo ditu Errusiari blokeatutako aktiboak. Belgika, baina, kezkatuta dago, eta Bart de Wever lehen ministroak gutun bat bidali dio Bruselari. Financial Times Erresuma Batuko egunkariak kaleratu du testua, eta, hartan, De Weverrek dio Bruselak aurrera eraman asmo duen planak, gauzatuz gero, «albo kalte bat» eragingo lukeela: Europako Batasunak berak «eragotzi» egingo luke gerra bukatzeko akordio bat egitea.
Horri buruz galdetu diote gaur Europako Batzordearen bozeramaile Paula Pinhori, eta hark esan du talde komunitarioak «datozen egunetan» aurkeztuko duela Ukrainaren berreraikuntza finantzatzeko proposamen bat. Aktiboen bidez, 210.000 milioi euro blokeatu dizkio EB Europako Batasunak Errusiari, eta aktibo horietako gehienak Belgikan daude —Bruselak planteatzen du horien bidez 140.000 milioi euroko mailegu bat ematea Ukrainari—. Bada, De Weverrek bermeak eskatu ditu, kezka baitu erabaki horrek zer ondorio izango dituen.
Alemania da klubeko ekonomia nagusia, eta Friedrich Merz kantzilerrak gaur esan du aktiboak direla berreraikuntza finantzatzeko «tresnarik egokiena». Agerraldi batean adierazi duenez, «premiaz» aritzea dagokie. Dena den, ulerbera agertu da Belgikako lehen ministroaren jarrera dela eta: «Ulertzen ditut haren kezkak. Argudio onak ditu; guk ere bai, ordea».
Orbanek berretsi du Errusiari erregaia erosi asmo diola aurrerantzean ere
Viktor Orban Hungariako lehen ministroak lortu du ondo moldatzea bai Vladimir Putin Errusiako presidentearekin eta bai Donald Trump AEBetakoarekin, eta horretaz baliatu nahian dabil. Gaur Putinekin batzartu da, Moskun, eta ziurtatu du Errusiatik erregaiak inportatzen jarraitzea dela Hungariaren segurtasun energetikoaren «oinarria». Orbanek ez du asmorik Moskurekin dituen harreman komertzialak hausteko, EB Europako Batasuna horretarako neurriak hartzen ari bada ere.
Kontuan hartu behar da, gainera, AEBek zigorrak ezarri dizkietela Errusiako bi petrolio enpresa nagusiei, eta litekeena dela horrek Hungariari eragitea. Izan ere, Errusiatik iristen da Hungariak kontsumitzen duen gasaren %85 eta petrolioaren %65. Orain hiru aste, baina, AEBetako presidentearekin bildu zen Orban, eta Etxe Zuriko maizterrak atea ireki zion Hungariak Errusiako energia erosten jarraitzeko aukerari.
Bestalde, gaur Orbanek oroitarazi du Budapest prest dagoela Ukrainarako bake negoziazioen egoitza izateko. Urrian Trumpen eta Putinen arteko bilera bat egitekoa zuten han, baina bertan behera geratu zen azkenean. Errusiako presidenteak ziurtatu du negoziazioek bide hori hartzen badute «gustura» joango dela Budapestera. Eta eskerrak eman dizkio Orbani «laguntzeko prest» agertzeagatik.