Duela gutxira arte esan izan duenaren kontrara, Volodimir Zelenski gero eta argiago ikusten ari da lurralde subiranotasunari uko egin beharko diola, Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerrari irtenbide bat ematea baldin badu helburu. Ukrainako presidentearen esanetan, aldeek akordio bat eginez gero AEBak prest leudeke segurtasun bermeak emateko Kievi, betiere Donbass, osorik, Errusiaren esku uzten badu.Â
Hori adierazi dio Ukrainako presidenteak gaur Reuters berri agentziari, elkarrizketa batean. Ukraina ekialdean dago Donbass eremua, eta bi eskualde ditu: Luhansk eta Donetsk; Errusiak ia oso-osorik okupatu du lehena, eta bigarrenaren zati handi bat du kontrolpean —%80 inguru—. Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi izan du, gainera, ez diola uko egin nahi eremu horri, eta hura hartzea lortuko duela, izan negoziazio mahaian, izan gudu zelaian.
AEBak ari dira bitartekari bi aldeen artean, eta Zelenskik uste du gaur-gaurkoz Ekialde Hurbileko auzietan zentratuta dagoela Donald Trump Etxe Zuriko maizterra. «Zalantzarik gabe, Ekialde Hurbilak Trumpi eta hark emango dituen hurrengo pausoei eragiten die. Zoritxarrez, Ukraina geroz eta gehiago presionatzea erabaki du Trumpek», nabarmendu du elkarrizketan. Otsailaren 24an lau urte bete ziren Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik.Â
Ukrainak, Errusiak eta AEBek hiru bilera sorta egin dituzte aurten Qatarren eta Suitzan, baina ez dute gatazkari konponbidea emateko neurri esanguratsurik adostu. Martxoan ere batzartzekoak ziren hiru aldeetako ordezkariak, baina ez dira bildu, AEBek eta Israelek Iranen aurka hasitako erasoaldia dela medio.
Horren ondorioz, besteak beste, azken asteetan eten egin da Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerra luze gabe konpontzeko aukera. Horretarako, Errusiarekin negoziatutako 28 puntuko plan bat aurkeztu zuen Trumpek azaro amaieran. Ondorengo asteetan, Washingtongo eta Kieveko ordezkariak hainbatetan batzartu ziren, eta hogei puntuko zirriborro bat adostu. Puntuetako baten arabera, Ukraina prest legoke Donetsketik tropak ateratzeko, lurralde desmilitarizatu horretan «esparru ekonomiko berezi bat» ezartzearen truke.
Azkeneko lau urteotan bultza eta bultza ari da Errusia, baina Donbassen kostata ari da mugitzen fronteko lerroa. ISW Gerra Ikertzeko Institutuko think tank-aren arabera, gaur-gaurkoz Ukrainaren bosten bat inguru dauka okupatuta. Zelenskik Reutersi eman dion elkarrizketan zalantzan jarri du ea Errusiari merezi ote dion «beste milaka soldadu sakrifikatzea» Donetsken kontrolpean ez duen %20 hori okupatzeko —6.000 kilometro koadro—.
Hildakoen kopuruari dagokionez, inbasioa hasi zenetik lau urte bete zirenean, CSIS Ikerketa Internazional eta Estrategikoetarako Zentroak —AEBetan du egoitza— kaleratu zuen 275.000-325.000 errusiar eta 100.000-140.000 ukrainar hil direla.
Erasoa Itsaso Beltzean
Bien bitartean, eraso egiten jarraitzen dute bi aldeek. Ukrainak jaurtitako drone batek pertsona bat hil du Briansk (Errusia) eskualde mugakideko Zernovo herrian; horren berri eman dute hango iturri ofizialek, Telegram bidez. Gainera, Kievek jaurtitako hogei dronek Leningrad eskualdeko industriagune bat jo dute, San Petersburgotik gertu. Era berean, Moskuko alkate Sargei Sobianinek sare sozialetan adierazi du hiriburua helburu zuten 24 drone erorarazi dituztela gaur aireko defentsa sistemek.Â
5Errusiako zenbat oligarkari berretsi dizkien zigorrak EBk. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak atzera bota ditu gaur Errusiako bost oligarkak jarritako helegiteak, eta berretsi egin ditu EBko Auzitegi Orokorrak haiei jarritako zigorrak. Oligarka horiek talde komunitarioan zituzten funtsak blokeatu zituen auzitegiak 2023an, argudiatuta haien jardunaz baliatzen zela Errusia etekinak lortzeko.
Errusiak, bestalde, Ukrainako trenbide sistemari kalte egin nahi izan dio, eta, horregatik, hainbat lokomotor jo ditu gaur goizaldean erdialdeko Kirovograd eskualdean, horretarako droneak erabiliz. Odesako portuko energia azpiegitura bati ere eraso egin dio, Kieveko iturri ofizialen arabera.
Eta Itsaso Beltza zeharkatzen ari zen Turkiako petroliontzi bati droneekin eraso egin diote gaur goizaldean, Abdulkadir Uraloglu Garraio ministroak salatu duenez. Haren esanetan, Errusiako petrolioa zeraman. Istanbuletik hamabost itsas miliatara gertatu da erasoa. Inork ez du erasoa bere gain hartu. SözcĂ¼ Turkiako hedabidearen arabera, ontzi horri zigorrak ezarri izan dizkio Mendebaldeak, Errusiako petrolioa garraiatzeagatik.