Zundaketek zentro-eskuinari eman diote garaipena Frantziako Departamenduetako bozetan. UMP eta UDIren arteko batasunak botoen %30 baino gehiago lituzke horien arabera. Modu horretan zentro eskuinak Fronte Nazionalaren gorakada eten du, eta horrek ez du errepikatu iaz Europako Parlamenturako bozetan izan zuen garaipena (alderdi bozkatuena izan zen).
Hala ere, ezin da gutxietsi zundaketen arabera Le Penen alderdiak botoen %25 jaso dituela. Tokian tokiko erakunde baterako bozetan inoiz eskuratu duen emaitza onena da.
Galtzailetzat denek PS jotzen dute. Manuel Valls lehen ministroa pozik agertu da FNk ez duelako irabazi, baina horrek ezin du eskutatu sozialisten gainbehera (datu ofizialek baieztatu beharko dute). Nahikoa garbi dago hainbat departamenduetan ordezkaritza galduko dutela. Sarkozyk ohartarazi du ez duela PSren aldeko botoa eskatuko UMP bigarren itzulira igaro ez eta PS Fronte Nazionalarekin lehiatuko den kantonamenduetan, eta Vallsen haserrea piztu du horrek.
Abstentzioa %49koa izan da. Bereziki nabarmena izan da Paris inguruko ezkerreko hiri eta auzoetan, eta horrek sozialistak eta ezkerrek beste alderdi batzuk kaldetu ditu.